Hartu parte Gaztenpresaren #JarraitzekoBerritzen erronkan

Duela bi hilabete baino gehiagoz geroztik, milaka ekintzaile saiatzen dira egunero gaur egungo ezohiko egoerari aurre egiten eta euren jarduerari eusten, zailtasun guztien gainetik. Lan hori aintzatesteko, Gaztenpresa Fundazioak lehiaketa bat jarri du abian, honako helburu honekin:

  • Egoera zail honetan, negozio txikiei egoerara egokitzen eta aurrera egiteko berritzen lagundu dieten ekimenak erakustea.

Ekintzaile horietako bat bazara eta lehiaketan parte hartu nahi baduzu, hauxe egin behar duzu: zure negozioa Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan eduki, gehienez hiru minutuko bideo batean zure ekimenaren berri eman, zure datuak bete eta bideoa esteka honetara igo. Hemendik ekainaren 7ra arteko epea duzu parte hartzeko.

Lau laguneko epaimahaiak sari bakoitzeko irabazle bat eta 2 ordezko aukeratuko ditu. Epaimahaiko partaide izango dira: Gaztenpresako gestio-taldeko kide bat, LABORAL Kutxako Negozio Garapenaren Areako partaide bat, BULTZ-LAN aholkularitza-enpresako beste bat eta Lanalden enpresako marketin digitaleko lankide bat. Gaztenpresaren sare sozialen bidez emango da irabazleen berri, modu ofizialean, 2020ko ekainaren 12an, ostiralez.

#JarraitzekoBerritzen traolaren bidez bultzatutako erronkaren barruko ekimena da lehiaketa. Erronka horren bidez, egungo krisialdian ekintzaile batzuek erakutsitako irudimena, adorea eta elkartasuna ezagutarazi nahi ditu Gaztenpresak. Ekimen horietako bat Tipula Burgerrena da. Bilboko Zazpikaleeetako ostalaritzako establezimendu horren jabeak etxez etxeko zerbitzura bideratu zuen jarduera, konfinamenduan zehar bezeroei arreta ematen jarraitzeko. Beste ekimen bat Manuela va de fiesta modako markarena da. Goi-mailako eta emaztegaientzako jantzigintza alde batera utzi eta osasun-langileentzako babes-mantalak egiten hasi zen.

Horrelako ekimenak ezagutarazi eta osasun-larrialdiak kaltetu dituen negozioen jabeentzat eredugarri eta inspirazio-iturri izatea nahi du Gaztenpresak, lehiaketaren bidez. Baina, horrez gain, pandemiari aurre egiteko erakutsitako ekimen pertsonala eta lana ere saritu nahi ditu. Hori dela eta, lehiaketak eskudiruzko hiru sari izango ditu: 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Sariok, parte hartzea sustatzeaz gain, dirulaguntza txiki bat ere izango dira, ziurgabetasunez betetako sasoi honetan.

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....