Factoringa eta confirminga: nire negoziorako onuragarriak

Askotan entzun dugu factoring eta confirming kontzeptuei buruz hitz egiten. Artikulu labur honetan, bi finantza-produktu horiek zertan oinarritzen diren azalduko dugu, baita horien arteko desberdintasunak eta enpresentzat zer onura edo abantaila dituzten ere.

ZER DA FACTORINGA?

Factoringa kontratu bat da, eta, horren bitartez, enpresak bere fakturazio osoaren edo zati baten gestioa enkargatzen dio finantza-erakunde edo factoring-konpainia bati. Horrela, enpresak hirugarrenen aurrean ordaintzeko dituen kredituak finantza-erakundeari edo factoring-konpainiari lagatzen zaizkio, eta hori arduratzen da bezeroaren fakturen kobrantza kudeatzeaz.

Horrenbestez, eta gero azalduko dugun confirming-sistema ez bezala, kobratzeko balio duen erreminta bat da.

Factoring-modalitateak

Ez ordaintzeko arriskua nola estaltzen den, zenbait factoring-modalitate bereiz daitezke:

  • Factoring errekurtsoduna. Kasu horretan, finantza-erakundeak ez du bere gain hartzen enpresa lagatzailearen zordunaren kaudimengabeziak eragin dezakeen arriskurik. Horrenbestez, kreditua ordaindu ezean, enpresak berak aktibatu beharko ditu ordaindu gabeko kreditua eskatzeko prozedurak.
  • Errekurtsorik gabeko faktoringa. Erakundeak bereganatzen du lagatzailearen bezeroari dagokion kaudimengabezia-arriskua, eta, ondorioz, kobrantza ezin zaio lagatzaileari erreklamatu.

ZER DA CONFIRMINGA?

Finantza-erakundeek eskaintzen duten zerbitzu bat da hau ere. Horren bitartez, kreditu-erakundea arduratzen da enpresak hornitzaileei egin beharreko ordainketak kudeatzeaz.

Confirmingak, edo hornitzaileen ordainketa berretsia deiturikoak, abantaila interesgarriak eskaintzen dizkie bai kontratatzen duten enpresei (enpresa handiak, normalean) bai horien enpresa hornitzaileei.

Konpainiak hornitzaileekin geroratuta dituen ordainketak kudeatzen ditu finantza-erakundeak.

Abantaila hauek ditu kontratatzen duen enpresarentzat:

  • Enpresaren irudia hobetu egiten da hornitzaileen aurrean.
  • Ordainketak kudeatzeko administrazio-kostuak nabarmen aurrezten dira.
  • Hornitzaileekin negoziatzeko malgutasun handiagoa eskaintzen du.
  • Enpresaren diruzaintzaren kontrola eta optimizazioa hobetzen ditu.
  • Hornitzaileei finantzaketa eskuratzen laguntzen die, banku-arriskua handitu gabe.
  • Ordainbideak jaulki eta manipulatzeko lanak (txekeak eta ordaindukoak jaulkitzea, gutun-azaletan sartzea eta postaz bidaltzea) saihestu egiten dira.
  • Enpresari baliorik ematen ez dioten zeregin guztiak saihestu egiten dira, hala nola: efektuen esleipena, ordainagiriak helbideratzea, txekeak edo ordaindukoak galtzea… Horri esker, balio handiagoa ematen dioten zereginetan jardun dezake enpresak.

Enpresa hornitzailearentzat (confirmingaren onuradunarentzat) ere hainbat abantaila interesgarri eskaintzen ditu produktuak.

Hauek dira nabarmengarrienak:

  • Ordaindu gabeko faktura guztiak aurreratu ahal izango dizkio kreditu-erakundeak. Aurrerakinari esker, ordainketa geroratuak berehala kobratuko ditu.
  • Ez ordaintzeko arriskua deuseztatzen da, kasuan kasuko kredituak finantza erakunde gestoreari “errekurtsorik gabe” lagatzearen bidez. Horri esker, confirmingaren onuradunak ez du inolako erantzukizunik izango ez-ordaintzeetan, eta confirminga kontratatu zuen enpresari bakarrik eskatu ahal izango dio finantza-erakundeak zenbatekoa.
  • Kobratzeko formula azkarra eta eraginkorra da, eta ez dago izapiderik egin beharrik kreditua eskatzeko.
  • Confirming-aurrerakinek ez dute norbera zorpetzeko gaitasuna deuseztatzen.
  • Fakturak kobratzeko orduan, berandutzeak saihesten dira.

FACTORINGAREN ETA CONFIRMINGAREN ARTEKO DESBERDINTASUNAK

Ikusi dugun moduan, bi finantza-tresnen arteko desberdintasuna oinarrizkoa da: factoringa kobrantzarekin lotutako produktua da; confirminga, aldiz, ordaintze-eragiketekin dago lotuta.

Factoringak zorrak kudeatzeko balio du: enpresak beste konpainia bati (kreditu-erakunde bati, eskuarki) saltzen dizkio bere kredituak, eta hark kobrantza kudeatzen du. Confirmingean, berriz, hornitzaileei egin beharreko ordainketen kudeaketa agintzen dio enpresak finantza-erakundeari.

Bi finantza-produktuon erabilerari eta ezaugarriei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, kontsulta ezazu Laboral Kutxaren edozein bulegotan edo LABORAL Kutxaren Consulting Pro doako zerbitzuaren bitartez (lineako inprimakiaren edo 900 100 240 telefono-zenbakiaren bitartez).

Azken berriak