Ezinbesteko ABEEE-en alderdi nagusiak: zer den

Koronabirusaren pandemiaren inpaktu handiak enpresen gaurkotasunaren lehen lerrora ekarri du autonomoek eta enpresa txikiek apenas ezagutzen duten lan-figura bat, gaitzak enpresaren kontuetan eta langileen egoeran ahalik eta eraginik txikiena izateko tresna nagusietako bat.

Ildo horretan, gobernuak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (ABEEE-en) izapideak malgutzea erabaki du, baita autonomorik kaltetuenentzako ohiz kanpoko prestazio bat sortzea ere. Prestazio hori jasotzeaz gain, Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzetik salbuetsita egongo dira.

Egun hauetan, milaka ABEEE aurkeztuko dituzte enpresek eta autonomoek, eta denak ezinbesteko kasuagatik izapidetuko dira. Horri esker, bost egunean onartu ahal izango dira (dena den, oso litekeena da espedienteak ebatzi behar dituzten eskumeneko lan-agintariak gainezka egotea), eta atzeraeraginezko efektuekin, ezinbesteko kasuaren gertaera eragilearen data kontuan hartuta; hau da, alarma-egoera ezarri eta, horren ondorioz, jarduera asko nahitaez itxi zirenetik.

Kontuan izan behar da, ABEEE bat ez bada ezinbesteko kasuaren barruan sartzen, eta arrazoi ekonomikoen, teknikoen, antolaketakoen edo ekoizpenekoen ondoriozkoa bada, prozedura konplexuagoa eta luzeagoa dela, eta enpresak bere gain hartu beharreko kostuak gora egiten du.

ABEEE-ek eragindako langileei dagokienez, Lan Ministerioak langabezia-prestazioa jasotzeko baldintzak malgutu ditu; alegia, orain arte eskatzen zen gutxieneko aldian kotizatu ez dutenek ere prestazio hori kobratzeko eskubidea izango dute. Bestalde, prestazioa jasotzen ematen duten denbora ez zaie etorkizuneko langabezia-aldiei kenduko. Gainera, enpresek eta enpresariek, ABEEEaren eskaera onartzen bazaie, ez dituzte ordaindu beharko Gizarte Segurantzako kotizazioak.

1. Zer dira ABEEEak? Zertan dira EEE-en desberdinak?

ABEEE-etan, kontratuak aldi baterako eteten dira; hau da, enpresaren eta langilearen arteko lan-harremana bertan behera geratzen da (kaleratzerik gertatu gabe). Horren ordez, lanaldia murriztea erabaki dezakete enpresek.

ABEEEak Langileen Estatutuaren 47. artikuluan arautzen dira bereziki. Lan-harremana ez da amaitzen, eta, hortaz, langileak ez du ez kalte-ordainik jasotzen, ez antzinatasuna galtzen.

Enplegu-erregulazioko espedienteak (EEE) Langileen Estatutuaren 51. artikuluan daude araututa, eta, haiekin alderatuta, hau da desberdintasun nagusia: ABEEE-etan ez da harremana azkentzen; hots, ez dago kaleratzerik, ezta langileari kalte-ordaina emateko betebeharrik ere, eta, beraz, enplegatzailearen kostua nabarmen txikiagoa da.

2. Zer ABEEE mota daude?

Kontratuak eteteko ez da gutxieneko langile-kopururik eskatzen. Bestalde, bi prozedura-mota daude: alde batetik, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolaketako edo ekoizpenekoetan oinarritutako eteteak daude, eta, bestetik, ezinbesteko kausek eragindako eteteak.

Gobernuak prozedura horiek martxoaren 17ko 8/2020 LEDaren bidez malgutzea erabaki du, eta ABEEE guztiak ezinbesteko kasutzat hartzea, baldin eta koronabirusaren epidemiari aurre egiteko hartutako neurriek eragiten badute edo horren ondorio badira.

«COVID-19aren eta alarma-egoeraren ondoriozko jarduera-galerak zuzenean eragiten dituzten kontratu-eteteak eta lanaldi-murrizketak ezinbesteko kasuaren ondoriokotzat hartuko dira, baldin eta behar bezala egiaztatzen badira eta eragin hauek badituzte: jarduerak etetea edo bertan behera uztea; jendeari irekitako lokalak aldi baterako ixtea; garraio publikoa eta, oro har, pertsonen eta/edo salgaien mugikortasuna murriztea; jardueraren ohiko garapenarekin jarraitzea larriki eragozten duten hornidura-falta egotea; edo langileak kutsatzeagatik edo osasun-agintaritzak agindutako prebentziozko isolamendu-neurriak hartzeagatik premiazko eta ohiz kanpoko egoerak sortzea».

3. Nola aplikatzen dira ezinbesteko kasuen ondoriozko ABEEEak?

Ezinbesteko kasuetan, kontratu-etetea Langileen Estatutuaren 45.i. artikuluan sartzen da. Kasu horretan, ez da kontsulta-aldirik egin behar langileekin edo haien ordezkariekin, baina beharrezkoa da eskumeneko lan-agintaritzaren berariazko baimena. Gainera, ezinbesteko gertaera eragin duen datatik aurrera izango da eraginkorra, atzeraeraginezko efektua baitu.

Kontsulta-aldirik behar ez denez, prozedura azkarrago izapidetzen da, eta, horregatik, Gobernuak legez erraztu du osasun-krisi honekin lotutako ABEEEak kasu horretan sartzea.

Horrenbestez, betekizunak sinplifikatzen dituen prozedura bat ezarri da; beraz, ABEEE mota horretaz baliatu nahi duten enpresek txosten bat bidali beharko diote eskumeneko lan-agintaritzari (lantokiak euren autonomia-erkidegoan soilik dituzten enpresen kasuan, autonomia-erkidegoko administrazioa izango da agintaritza hori).

Deskargatu Documento de criterios básicos y formas de actuación para la presentación y aprobación de los expedientes de regulación de empleo, Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzuzendaritzaren egina

Lan-agintaritzak bost eguneko epean ebatziko du eskaera, gehienez ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren txostena jaso ondoren, betiere, txostena eskatu bada (hain zuzen, eskatu behar hori saihestu nahi da alarma-dekretuan jasotako egoeretan).

4. Langileek aurka egin ahal diote ABEEEari?

Ez. Neurri kolektiboa bada, eta langilea eragindako taldearen barruan badago, etete-neurria bete behar du. Neurria justifikatuta ez balego soilik egin ahal izango litzaioke aurka.

5. Zer efektu ditu ABEEE batek langilearentzat eta enpresarentzat?

Eteteak esan nahi du ABEEEak eragindako pertsonek lan egiteari uzten diotela eta, beraz, soldata galtzen dutela (hau da, enplegatzaileak nominak ordaindu behar izateari uzten dio), baina langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea sortzen du.

Orain arte, etetea egitean, enpresak kontingentzia arruntengatik kotizatzen jarraitu behar zuen, eta langilearen kuota Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) ordaintzen zuen. Orain, araudi berriarekin, enplegatzaileek ez dute gizarte-kotizazioen kostua euren gain hartu behar, baldin eta 50 langile baino gutxiago badituzte (hau da, ez dute ezer ordaindu behar kontratua etenda duten langileengatik, salbu eta langileak zeukan soldataren eta jasotzen duen langabezia-prestazioaren arteko aldea osatzen badute. Lanaldia murriztuz gero, lanaldia jaisten den zati proportzionalean txikitzen da soldata). 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, salbuespena % 75ekoa izango da.

 6. Zer prestazio jasotzen dute ABEEE batek eragindako langileek?

Eragindako langile guztiek kobratu ahal izango dute langabezia-prestazioa, aurretik kotizatu dutena alde batera utzita (orain arte, azken 6 urteetan gutxienez 360 egun kotizatuta zituztenek soilik zuten langabezia kobratzeko eskubidea). Prestazioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen % 70ekoa izango da lehen sei hilabeteetan, eta, une horretatik aurrera, % 50ekoa.

Gainera, ABEEEak irauten duen bitartean kontsumitutako prestazioa ez da inola ere kontuan hartuko etorkizuneko langabezia-prestazioak kalkulatzean.

Langabezia-prestazio hori kobratzeko, ez da enplegu-zerbitzuetan inolako izapiderik egin behar, ofizioz izapidetzen baita.

7. Ba dago denbora-mugarik ABEEE bat aplikatzeko?

Araudiak ez du gehienezko denbora aurreikusten, baina etetearen iraupenak hura justifikatu duen ezinbesteko kasuari lotuta egon behar du. Hau da, egoera ezin da mugarik gabe mantendu; izan ere, iraupena gehiegizkoa balitz, ez litzateke aldi baterako egoera izango, egiturazkoa baizik, eta horrek kontratuak behin betiko azkentzea justifika lezake (hots, langileak kaleratzea).

 

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....