Euskadiko kooperatibek lege berria dute jada, eta horren arabera jardungo dute

Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Kooperatiben Legea onartu du. Araudi berriaren arabera, inoren konturako langileak (kooperatibista ez direnak) gehienez % 30 izan daitezke kooperatibetan. Era berean, Legeak bazkideen ondare pertsonala babesten du kooperatiben galeren aurrean. Etxebizitza- eta garraio-kooperatiben lege-konfigurazioa aldatu du, halaber, eta beste kooperatiba-mota batzuk finkatu, hala nola enpresa-sustapenekoak eta junior kooperatibak. Bestalde, erreformak dio hemendik aurrera kooperatibetako kontseilu errektoreek “paritarioak” izan behar dutela, gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko helburuarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko kolektibo sozioenpresarial handi bati aplikatuko zaio Legea; 2.000 kooperatiba-enpresari eta 80.000 langileri, gutxi gorabehera.

Lege berria 2019ko abenduaren 19an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta 30 egunera sartu da indarrean. Kooperatibek bi urteko epea izango dute estatutuak araudi berrira egokitzeko.

Legeak 1993. urteko araudia eguneratu, sakabanatuta zeuden zenbait arau batu (kooperatiba txikiei buruzkoak, esaterako) eta kooperatibak gaur egungo erronketara egokitzea du xede.

Aldaketa nagusiak

Malgutasun handiagoa: bazkide ez diren langileak plantillaren % 30 izan daitezke.

Gainerako enpresa-motekin lehiatzeko malgutasuna emango duten formulen bila, lan elkartuko kooperatibetan % 25etik % 30era handitu da kontratatutako eta bazkide ez diren langileen urteko lanorduen kopurua. Edonola ere, zenbait lan ez dira sartzen ehuneko horretan, eta, gainera, gainditu egin daiteke enpresaren beharrizan objektiboek hala eskatzen badute, betiere gehienez hiru hilabetez. Epe hori luzatzeko, baimen arrazoitua eskatu beharko zaio lanaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.

Kooperatiba-sozietate txikien kasuan, enpresa eratu eta lehen bost urteetan, inoren konturako langileak kontratatzen jarraitu ahal izango dute, baina horien guztizko kopuruak ezingo du bazkide langile mugagabeena gainditu.

Dena den, kooperatiba txikiek ezingo dituzte inoren konturako bost langile baino gehiago kontratatu.

Gainera, enpresa eratu eta bost urteko epean, bost bazkide langile mugagabe edo gutxiago dituzten kooperatiba txikiek inoren konturako bost langile eta epe jakinerako bost bazkide langile edo lan-bazkide kontratatu ahal izango dituzte gehienez.

Bazkideen babesa: kooperatibaren galerak egoztearen gaia argitu da.

Araudiak zehazten duenez, bazkideek ez diete pertsonalki erantzungo kooperatibaren galerei. Zor horien gaineko erantzukizuna bazkideak harpidetutako kapital sozialeko ekarpenetara mugatuko da, ondare pertsonala kanpoan utzita. Era berean, ekarpen hori enbargaezina izango da.

Hemendik aurrera, uneko eta etorkizuneko ondare guztiarekin erantzungo die kooperatibak sozietatearen zorrei, salbuespen batekin: kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenari dagokion ondarea helburu horiek betetzean sortutako zorrei erantzuteko soilik erabili ahal izango da.

Halaber, baja ematen duten langileek ez dute inolako erantzukizunik izango bajaren aurretik kooperatibak egindako zorren gainean; salbuespen izango dira sozietate kooperatiboarekin borondatez kontratuak izenpetu edo betebeharrak onartu dituztenak. Kasu horretan, kontratu-mota horiek ez dira azkentzen bazkide gisa baja eman eta gero, eta, beraz, bazkide ohiak horien gaineko erantzukizunari eutsiko dio.

Barruko gestioa: kontseilu errektorea hobetu eta modernizatzea da xedea.

Gestioa profesionalizatzeko beharren aurrean, kontseilu errektorean bazkide ez diren pertsonak sartzeko aukera jasotzen du araudi berriak, betiere, kide guztien % 30 gehienez. Administratzaile-kargua doakoa da, baina soldata onartu ahal izango zaio, enpresaren egoera eta tamaina kontuan hartuta, eta karguari dagozkion eginkizunen arabera.

Egokitze digitala.

Legeak baliabidetzat hartzen ditu komunikazioaren teknologia berriak. Hala, Batzar Orokorren deialdiak egiteko, IKTak erabiltzeko aukera jasotzen du. Ildo beretik, Administrazioko organoaren bilerak bideokonferentzia bidez edo bestelako euskarri teknikoak erabiliz egin ahal izango dira; web-orri korporatiboak bazkideei sozietateari buruzko informazioa emateko erabil daitezke, eta kontu-gordailuak bide telematikoz egiteko aukera dago.

Sozietatea modernizatzea: errazagoa izango da beste enpresa-mota batzuekin bat egitea edo zatitzea.

Bat-egiteak edo zatiketak ahalbidetzea izan da kooperatiben eta horien negozioen arkitektura juridikoaren eremuan egin den aurrerapausoetako bat. Legeak berariaz jaso du beste mota bateko sozietateekin bat egiteko aukera.

Argibideak: berariaz arautu dira garraio-kooperatibak.

Garraio-kooperatibekin nahasmenduak eta arazoak saihesteko, Legearen 129. artikuluak berariaz jasotzen du zerbitzu-kooperatiba gisa eratuko direla (enpresa-zerbitzuen kooperatiben araudian jasota zegoenaren ildotik), edo, bestela, lan elkartuko sozietate gisa, bazkide egingo direnen ahalmenen eta ezaugarrien arabera.

Gazteak: junior kooperatibak sortu dira.

Orain arte lan elkartuko kooperatiba izan badira ere, kooperatiba-mota berezia izango dira hemendik aurrera. Junior kooperatibak ikasleek sortutako enpresak dira, matrikulatuta dauden ikastetxeetan ikasitako trebetasunak eta ezagutzak praktikan jartzeko helburuarekin. Horretarako, kooperatiben jarduera ekonomikoak ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak eskaintzea izan behar du.

Kooperatibaren iraupena mugagabea izango da. Nolanahi ere, bazkideetako bi soilik badira ikasle, kooperatibak junior izaera galduko du.

Berdintasuna: organoetan parekotasuna lortu nahi da.

Ordezkaritza-organoetako kide diren gizonen eta emakumeen kopurua orekatua izatea lortu behar dute kooperatibek. Genero-berdintasunerako neurriak finkatuko dituzte, halaber, batez ere bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitera bideratutakoak.

 

Azken berriak