ETE-en eta autonomoen telelanerako tresnak eta aholkuak

Telelana lan-egitura guztietan gero eta hedatuago dagoen enplegu-modalitatea da, eta abantaila ugari eskaintzen ditu, bereziki autonomoei eta ETE-ei. Gaur egun, Covid-19aren hedapenak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko aukera bikaina da.

  • Telelanaren erabilera bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak INPLANTALARIAK izeneko zerbitzua jarri du abian SPRIren bidez. Zerbitzu horren helburua da lan-modalitate hori ETE-en eta autonomoen artean zabaltzea, eta euren jarduera etxetik garatzea ahalbidetuko dieten tresna teknologikoak erabiltzen laguntzea.
INPLATARIAK zerbitzuaren helburuak

Doakoa da INPLANTALARIAK zerbitzua, eta telematikoki ematen dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan adituak diren pertsonek. Zerbitzuak aukera ematen du jakiteko enpresaren zer arlo eta jarduera egin daitezkeen urrutitik, urrutiko funtzionamendurako tresna teknologikoen ezarpena bizkortzen du, eta enpresaren urrutiko funtzionamendu normala bermatzen laguntzen du, segurtasun-parametroen arabera. Zerbitzua hainbat helbururekin diseinatu da:

  • Etxetik jardungo duten pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzea eta elkarlana sustatzea.
  • Enpresarentzat funtsezkoa den informazioa —hala nola fakturak, eskaerak eta abar— urrutitik eskuratzea, kontsultatzea, erregistratzea eta biltegiratzea.
  • Bulegoko ekipoak urrutitik kudeatzea eta haietan sartzea.
  • Urrutiko lanak segurizatzea, eragiketa guztien zibersegurtasuna bermatzeko.

Zeregin hori gauzatzeko, INPLANTALARIAKen aholkularitza teknologikoko taldeek tresna intuitiboak dituzte, erabiltzeko eta integratzeko errazak, oso kostu txikikoak eta beste enpresa-erakunde batzuetan arrakastaz frogatu direnak.

Acelera Pyme plataforma

Bestalde, Espainiako Gobernuak Acelera Pyme lankidetzazko plataforma jarri du martxan. Haren xedea da ETE-ei eta autonomoei Covid-19ak haien jardueran izan dezakeen eragina txikitzen laguntzea. Plataforma publiko bat da. Ekintzaileen eta enpresen esku jartzen ditu finantzaketako eta laguntza ekonomikoko aukerak, konponbide teknologikoak, aholkularitza eta zibersegurtasunaren arloko gomendioak, betiere, gaur egungo egoerarako espezifikoak.

Zergatik jo telelanera?

Inplantalariak zerbitzuak eta Acelera Pyme plataformak helburu bera dute: ETE-en eta autonomoen artean telelana ezartzen laguntzea, egungo osasun-krisi honek iraun bitartean. Lan-modalitate horrek askotariko abantailak ditu, batik bat langileentzat:

  • Bizitza pertsonalaren eta lanaren kontziliazioa hobetzen du. Etxean lan egiten duen pertsona batek, lan egiteaz gain, mendeko pertsonak edo adingabeak zain ditzake.
  • Gastuak aurrezten laguntzen du. Etxean lan egiten denean, bulegoko gastuak, joan-etorrienak eta etxetik kanpoko otorduenak txikitzen dira. Gainera, etxean bulego gisa erabiltzeko toki bat prestatuz gero, horniduren % 30 kendu daiteke, etxebizitzan lanbide-jarduerarako erabiltzen den tokiaren zati proportzionala, alegia.
  • Ordutegi-malgutasuna ahalbidetzen du.
  • Produktibitatea handitzen da.
  • Merkatu gehiagotan jarduteko aukera ematen du. Telelanari  eta teknologia berriei esker, autonomoek muga fisikoak gainditzea lor dezakete, eta, beraz, bezeroak, zerbitzu-hornitzaileak eta abar dibertsifikatzea.
Alde onak ETE-entzat

Telelana modalitate interesgarria da autonomoentzat, baina askoz abantaila gehiago ditu ETE-entzat:

  • Bulegoko gastuak txikitzen laguntzen du, hala nola elektrizitate-, ur- eta berokuntza-kontsumoa.
  • Langileak kontratatzeko aukerak areagotu egiten ditu. Urrutiko lanari esker, enpresaren esparru geografikotik kanpoko pertsonak ere kontrata daitezke.
  • Lan-absentismoa txikitu egiten da. Telelanak absentismoa txikitzen laguntzen du, langileak eraginkortasun handiagoz kudea baitezake bere lana.
  • Langileen gogobetetze-tasa handitu eta talentua atxikitzen laguntzen du. Enpresa bateko langileak euren lan-egoerarekin pozik badaude, euren errendimendua hobetu egingo da, eta ez dute enpleguz aldatzeko asmorik izango.
  • Helburuak hobetzen laguntzen du. Enpresa baten helburuak, ordutegi-parametroetan oinarritu beharrean, produktibitatean oinarrituta badaude, emaitzak hobeak izango dira.
Etxetik lan egiteko aholkuak

Aurreko paragrafoetan azaldu diren arrazoiek agerian uzten dutenez, telelana gero eta aukera interesgarriagoa da ekintzailetzaren munduan. Hala ere, etxetik lan egitea ez da erraza, batez ere hasieran. Beharrezkoa da pertsonek borondatea izatea eta ohitura sendoak sortzea, etxea bulegotzat hartzeko. Hori dela eta, etxean bulegoa ipini nahi baduzu, zenbait aholku hartu behar dituzu kontuan, aldaketa hori arrakastaz egiteko oso baliagarriak izan baitaitezke:

  • Prestatu lan egiteko toki espezifiko bat zure etxean.
  • Eskuratu behar dituzun baliabide ofimatikoak.
  • Zehaztu lan-errutina bat.
  • Jarraitu harremanetan zure lankideekin, barne-komunikazioko lineen bidez.
Zibersegurtasun-neurriak

Baina, batez ere, egiaztatu zure konexioak seguruak direla eta zibersegurtasun-neurri egokiak betetzen dituzula. Horretarako, hartu aholku hauek kontuan:

1. Egiaztatu ekipoa WiFi pribatu eta babestu batekin konektatzen duzula. Ez erabili WiFi publikorik.

2. Kontuz ibili Covid-19ari buruz iristen zaizkizun mezu elektroniko eta SMS guztiekin. Izan ere, maskaren salmentarekin, testen eskaintzekin, dohaintzekin eta abarrekin lotutako malwareek gora egin dutela ohartu gara.

3. Arreta bereziz aztertu ezagutzen ez dituzun kontu pertsonaletatik jasotzen dituzun mezuak, eta, erabateko konfiantza ez baduzu, ez ireki erantsitako dokumenturik eta estekarik.

4. Jo beti webgune ofizialetara, Covid-19ari buruzko informazioa lortzeko. Hautemandako azken iruzurretako batean, Androiderako App batek, bero-mapa baten bidez birusaren hedapena eskualde geografikoaren arabera erakusten zuenak, birus bat zeukan. Izan ere, aplikazio horrek telefonoa blokeatzen duen programa gaizto bat du, eta, askatzeko, 250 euroko erreskatea ordaindu behar da.

5. Ez eman inoiz zure informaziorik, eta ez erantzun zuk sustatu edo hasi ez dituzun eskaerei.

Azkenik, kontuan izan behar duzu, telelanean jarduten duten langileen kopurua bat-batean handitu denez, nabarmen areagotu dela sinestamenduak lapurtzeko edo malwareen erasoak jasateko arriskua. Egoera horiek prebenitzeko modurik onenetako bat aseguru bat kontratatzea da. Gogoan izan LABORAL Kutxaren partikularrentzako etxe-aseguruak Etxebizitza Digitala zerbitzua hartzen du barne. Urrutiko laguntza informatikoko zerbitzua da, eta, besteak beste, hau eskaintzen du: intzidentziak konpontzea, laguntza informatikoa tokian bertan, smartphoneak eta ordenagailuak bilatzea, datuak berreskuratzea, eta babes digitaleko neurriak, hala nola gurasoen kontrola, irainak ezabatzea, Interneteko jazarpena kudeatzea eta Interneteko erosketak erreklamatzeko aholkularitza.

Eta zure negoziorako arrisku anitzeko asegurua baduzu, babes digitaleko eta ziberarriskuko zerbitzu bat ere baduzu. Hura erabiliz, zure ekipoen ahulezia informatikoak aztertu, eta ramsonwareen, birusen eta segurtasun-hutsuneen kontra babes ditzakezu. Estaldura horrek antibirusa eta firewalla konfiguratzea hartzen du barne, baita programak eta segurtasun-adabakiak eguneratzea, segurtasun-kopiak egitea eta datuak lainoan konfiguratzea ere. Gainera, erantzukizunari, pribatutasun-politikei, zibersegurtasun-neurriei eta estortsio zibernetikoaren aurkako erantzunari buruzko aholkularitza integrala jasoko duzu.

Azken berriak