Espainiako Gobernuak autonomoei eta enpresei bideratutako zuzeneko laguntzekin ez galtzeko gida

Martxoan iragarri genuenez, Espainiako Gobernuak 7.000 milioi euroko plan bat onartu du. Haren bidez, zuzeneko laguntzak emango zaizkie COVID-19aren ondorioek gehien kaltetu dituzten sektoreetako autonomoei eta enpresariei, horien diru-sarrerak % 30 baino gehiago murriztu badira 2019. urtearekin alderatuta.

Funts berri hori autonomia-erkidegoek kudeatuko dute eta, horretarako, laguntzen deialdia argitaratu beharko dute; dena den, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak kontrolatuko ditu prestazioak eskuratzeko bete behar diren baldintzak.

Laguntzek izaera finalista dute; hau da, enpresek 2020ko martxotik ordaintzeko dituzten zorrek izango dute lehentasuna, baita ordaindu beharreko soldatek eta alokairuek, finantza-zorrek eta hornitzaileentzako zenbatekoek ere.

Zer onura izan ditzakete enpresek eta autonomoek?

Oro har, zuzeneko laguntza-fondo hauen onuradun izango dira, 2019. urtearekin alderatuta, diru-sarreretan % 30eko edo hortik gorako beherakada jasan duten autonomoak eta enpresak.

Laguntzak honela banatuko dira:

  • Enpresen eta autonomoen kasuan (10 langile gehienez), % 30eko zifra hori gainditzen duten diru-sarreren beherakadaren % 40ko laguntza.
  • Gainerako enpresetan, % 30eko zifra hori gainditzen duen beherakadaren zenbatekoaren % 20ko laguntza.
Adibidez, autonomoa banaiz edo gehienez ere 10 langileko enpresa bat badut, eta 2019an 300.000 euro eta 2020an 150.000 euro fakturatu banituen, salmenten % 50eko beherakada izan dut. Hau da, % 20an gainditu dut eskatutako salmenten beherakada.
Nire fakturazioaren % 20 hori 60.000 eurokoa da.
Beraz, jaso dezakedan gehieneko laguntza zifra horren % 40 izango da = % 40 x 60.000 euro = 24.000 euroko laguntza.

3.000 euroko kantitate finkoa ezarri da beren zerga-ordainketa zenbatespen objektibo bidez egiten duten autonomoentzat, eta 4.000 eta 200.000 euro bitartekoa, gainerakoentzat.

Onuradunek beren zor-betebeharrei eta hornitzaileen ordainketei aurre egiteko erabili ahal izango dituzte laguntza horiek, baita kostu finkoak ordaintzeko ere, betiere betebehar horiek 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean sortu badira.

Laguntzen onuradunek jarduera 2022ko ekainaren 30era arte mantentzea hitzeman behar dute, baita 2021ean eta 2022an zehar dibidendurik ez banatzea ere, laguntza horiekin kaudimena benetan indartzen dutela eta ekoizteko eta enplegua sortzeko gaitasuna handitzen dutela bermatzeko.

Zer sektorek jasoko dituzte laguntzak?

Segmentuei dagokienez, autonomo eta enpresa hauek izango dira laguntzen onuradun: ostalaritzaren eta sukaldaritzaren sektoreko autonomoak eta enpresak; ABEEE-ek eragindakoak eta koronabirusaren krisiak bereziki astindutako industriak; merkataritzarekin eta ostalaritzarekin lotutako manufaktura-sektorea; kulturako, kirol-jardueretako eta handizkako eta txikizkako merkataritzako autonomoak eta enpresak; garraioaren sektore laguntzaileak eta abar.

Hasiera batean, Espainiako Gobernuak zerrenda bat argitaratu zuen laguntza horiek jaso zitzaketen sektoreen EJSNekin (gainerako baldintzak betez gero), baina, gero, beren lurraldeetan sektore horien kopurua handitzeko ahalmena eman zaie autonomia-erkidegoei, beren enpresa-ehunaren errealitatera hobeto egokitzeko. Horregatik, autonomia-erkidego bakoitzaren deialdi zehatza argitaratu arte itxaron beharko dugu gure enpresak laguntzak jaso ditzakeen ala ez jakiteko.

Ildo horretan, LABORAL Kutxak simulagailu bat dauka. Simulagailu horretan, laguntzen onuradun izango den ala ez egiaztatzeko aukera dago, baita laguntzaren zenbatekoa jakiteko ere, baina, autonomia-erkidego bakoitzak laguntzak jaso ditzaketen jardueren deialdiaren behin betiko oinarriak argitaratu arte, horiek jasotzeko eskubiderik ez duela ager daiteke. Hori dela eta, inguruabar hori egiaztatu behar da laguntzak argitaratzen direnean, eta Consulting-Pro zerbitzuak egiaztapen hori egingo du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.

Momentuz, Euskadik eta Nafarroak beharrezkoa den hitzarmena sinatu dute Espainiako Gobernuarekin, besterik ez, baina ekainaren amaierarako laguntzak deitzea espero da. Beste autonomia-erkidego batzuek, Madrilek adibidez, zabalik dute dagoeneko deialdia.

Simulagailura sarbidea

Egoera Euskadin eta Nafarroan

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nahitaezko hitzarmena sinatu dute dagoeneko Ogasun Ministerioarekin eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, zuzeneko laguntzen programa martxan jarri ahal izateko. Bi kasuetan, 2021eko ekainaren amaierarako iragarri da deialdia.

Euskadiren kasuan, funtsak 218 milioi euro izango ditu, eta Nafarroan, berriz, 68 milioi euro.

Informazio gehiago

     

Azken berriak