Eskudirutan ordaintzeko mugak: zalantzarik ohikoenak

2012an Zerga-iruzurra Prebenitzeko eta haren aurka Borrokatzeko Legea onartzearen ondorioz:

  • Debekatu egin zen 2.500 eurotik gorako zenbatekoak eskudirutan ordaintzea. Neurriak berdin eragiten zien autonomoei, enpresei eta partikularrei.

Dena dela, eragiketan enpresari edo profesional batek parte hartzen duenean soilik ezartzen da araua eta, ondorioz, legezkoa da partikularren edo finantza-erakundeen artean eskudirutan ordaintzea.

  • Horrenbestez, banku-kontuan 500 eurotik gorako sarrerak egin daitezke eskudirutan.

Berrikitan, Ogasun Ministerioak 2.500 euroko muga hori aldatzea proposatu du, 1.000 eurokoak izan daitezen, gehienez, profesionalek eskudiruz egin ditzaketen ordainketak. Dena dela, mugaren jaitsiera aginduko lukeen araua onartu gabe dago oraindik.

Zer jotzen da eskudirutako ordainbidetzat?

  • Billeteak eta txanponak, berdin estatukoak edo atzerrikoak.
  • Eramaileari ordaintzeko banku-txekeak.
  • Eramaileari ordaintzeko erabil daitekeen beste edozein baliabide fisiko, bitarteko elektronikoak barne (adibidez, diru birtuala, hala nola «bitcoina»).

Zer gertatzen da muga betetzen ez bada?

Gaur egun ezarrita dagoen 2.500 euroko mugatik gora eskudirutan ordaintzeak zigorra dakar. Berdin dio ordainagiria eman ala ez, batean nahiz bestean debekatuta dago eta. Hala, araua ez betetzeak ordaindutako zenbatekoaren % 25eko isuna dakar. Bestela esanda, 625 euroko isuna ordaindu beharko da, gutxienez. Isuna solidarioa da eta, ondorioz, ordaintzailea eta jasotzailea, biak ala biak dira erantzuleak, eta Ogasunak batari nahiz besteari galdegin ahal izango dio.

Enpresari bat edo profesional bat tartean dagoen eragiketetan parte hartzen dutenek bost urtean gorde behar dituzte ordainagiriak, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aurrean frogatzeko ordainketa ez dela eskudirutan egin.

Arau-hausteak jazartzeko, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eskudirutan egindako ordainketak salatzeko prozedura dauka indarrean, bi alderdietako edozeinek jakinarazteko Ogasunari legez kanpoko ordainketa egin dela.  Ordainketa egin eta hurrengo hiru hilabeteetan salatuz gero, salatzailea dagokion arau-haustetik libre, erantzukizunetik salbuetsita, geldituko da.

Epeka ordaintzea, ordainketa zatikatzea, 2.500 eurotik gorako erosketa metatuak eta ohiko beste zalantza batzuk.

Legea indarrean sartu zenez geroztik, zalantzak sortu dira, enpresa-jardueran ohikoak izaten diren egoeretan araua nola ezarri behar ote den. Adibidez, zatikako ordainketek, hornitzaile berari eginiko 2.500 eurotik gorako guztizko erosketek, eragiketa bakoitzaren zenbatekoaren mugaketak… zalantza ugari eragin dituzte, eta kontsulta ugari egin zaizkio, beraz, zerga-administrazioari, arau horren ezarpenaren inguruan:

  • Zatika ordaintzea

Hauxe da kontu garrantzitsuenetako bat: ea posible den zati bat eskudirutan ordaintzea eta beste zati bat banku-transferentziaren bidez, guztizko muga saiheste aldera. Alegia, enpresari baten eta partikular baten arteko eragiketak 3.000 euroko balioa badauka, ea posible den, legea urratu gabe, 2.000 euro eskudirutan ordaintzea eta gainerakoa banku-transferentzia bidez. Erantzuna ezezkoa da, halakoetan ezinezkoa bailitzateke eskudirutan inolako zenbatekorik ordaintzea. Eragiketaren zenbatekoa 2.500 eurotik gorakoa bada, zati bat eskudirutan ordaintzeak debekua urratzea ekarriko luke. Eskudirutan ordaindutako zenbatekoa izango da isunaren oinarria, eta ez zenbateko osoa.

  • Lan-saio batzuk eskatzen dituen eragiketa bakarragatik faktura bat baino gehiago egitea.

Ea muga hori ezarri behar den, faktura guztiak batuta 2.500 eurotik gorako zenbatekoa osatzen badute. Eragiketa bakar batek lan-saio edo salgaien entrega bat baino gehiago eskatzen badu (adibidez, dentista batek pazienteari egindako eragiketak saio bat baino gehiago eskatzen badu; abokatu batek gai baten inguruan esku-hartze bat baino gehiago egiten badu…), mugak indarrean jarraituko du eta, beraz, faktura guztiak gehitu beharko dira, guztien artean 2.500 euro ala gehiago egiten dituzten jakiteko. Era berean, eskaera bat hainbat txandatan (eta egunetan) entregatu arren, entrega bakoitzaren zenbatekoak gehitu behar dira, eskaera osoaren zenbatekoa hartzeko kontuan.

  • 500 euroko aurrekontua, gero gainditu egin dena.

Kasu horretan ere muga ezarri behar da, eta ezin da eskudirutan ordaindu.

Halere, aurrekontua txikiagoa zen bitartean ordainketa partzial bat egin bada, horrek ez du isunik eragingo. Hori bai, aurrekontua handitu egin dela eta 2.500 eurokoa edo handiagoa izango dela jakin den unetik aurrera egiten diren ordainketa guztiak eskudirua ez den beste bitarteko bat erabiliz egin behar dira.

  • Epekako erosketak

Epeka erosten denean (adibidez, autoa erosten dugunean), kuota guztien batura hartuko da aintzat, eta ez kuota bakoitzaren zenbatekoa, banaka. Gauza bera esan liteke zatika ordaindutako eragiketei buruz ere.

  • Eragiketa bat baino gehiago egun berean

Bezero bat dendara joan eta 2.500 euro baino gutxiagoko erosketa egiten badu, eta egun berean dendara itzuli eta beste erosketa bat egiten badu, eta bi erosketen artean 2.500 euro edo gehiago osatzen badituzte, ordainketa EZ dago mugatuta, bi ondasunek ez badute zerikusirik elkarren artean.

Alabaina, erositako ondasunak elkarren artean lotuta badaude, muga ezarri behar da. Isuna saihesteko modu bakarra dago, baldin eta frogatzen bada ez dela bezeroaren portaera antzemateko aukerarik izan. Adibidez, saltegi handietan, supermerkatuetan eta halakoetan.

  • Aldizkako erosketak, azkenean muga gainditzen dutenak

Segidako traktua esaten zaien eragiketetan (hala nola hornidura-kontratuetan edo errentamendu-kontratuetan), ez dago urteko faktura guztiak gehitu beharrik edo hornidura-kontratuaren indarraldi osoa batu beharrik. Muga ezarri behar den ala ez erabakitzeko, banakako eragiketa horien fakturazioaren eta kobrantzaren zenbatekoa hartuko da aintzat.

Beraz, segidako traktuko eragiketetan faktura bakoitza 2.500 eurotik beherakoa bada, ez da eskudirutan ordaintzeko mugarik ezarriko, nahiz eta urtean edo kontratuaren iraunaldian ordaindutako fakturen guztizko zenbatekoa 2.500 eurotik gorakoa izan.

  • Hilabete berean egindako lan edo emandako salgai guztiak (eta desberdinak) biltzen dituen faktura bakarra, 2.500 eurotik gorakoa.

Fakturazioari buruzko araudiaren arabera, hartzaile bakarrarentzat hainbat egunetan egin diren eragiketa guztiak faktura bakarrean jaso daitezke, baldin eta eragiketa horiek guztiak hil natural berean egin badira.

Halakoetan, eragiketa bakoitzerako ezarriko litzateke 2.500 euroko muga eta, beraz, 2.500 eurotik gorakoa dutenak soilik ordaindu beharko lirateke eskudirua ez den beste ordainbide bat erabiliz. Hau da, eragiketa guztiak batuta 2.500 eurotik gorako zenbatekoa egiten badute, baina banaka hartuta, batek ere ez badu 2.500 eurotik gorako zenbatekoa gainditzen, faktura osoa eskudirutan ordaintzeko aukera dago.

Hori bai, eragiketan esku hartu duten alderdiek eragiketa bakoitza bereizia eta independentea dela frogatu beharko dute, faktura biltzailea eskudirutako ordainketaren mugatik libre dagoela egiaztatzeko.

  • Faktura bat zerbitzuen truke eta beste bat materialen truke

Kontratatu den zerbitzuak materialak ere behar baditu, faktura bitan banatu arren (zati bat zerbitzuengatik eta bestea materialengatik), berdin-berdin ezarriko da eskudirutako ordainketa mugatzen duen araua eta, beraz, bi fakturen batura hartuko da aintzat. Izan ere, prestazio ekonomiko bakarra osatzen duen lan baten emaitza kontratatu dela jotzen da.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...