ENPRESAK LANGILE GUZTIEN JARDUNALDIA ERREGISTRATU BEHAR DU?

[2019KO MAIATZAREN 13A: AKTUALIZAZIOA – HASI DA ZURE LANGILEEN LANALDIA ERREGISTRATZEKO OBLIGAZIOA]

[2017KO APIRILAREN 5A: AKTUALIZAZIOA – AUZITEGI GORENAK EZARRI DU ENPRESEK EZ DUTELA LANGILEEN EGUNEROKO LANALDIAREN ERREGISTROA EGITEKO OBLIGAZIORIK]

Lan Ikuskaritzak gogortu egin ditu jardunaldian zehar egiten diren lanorduen kontrolak, eta eguneroko erregistroa egitea eskatuko die langile kontratudunak dituzten enpresei, langile horiek lanaldi osoko nahiz partzialeko kontratuak izan. Gainera, zigor garrantzitsuak ezarriko zaizkie hori betetzen ez duten enpresei.

Batetik, kontratazio egonkorra laguntzeko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko neurriei buruzko abenduaren 20ko 16/2013 Errege Lege Dekretuak “lanaldi partzialeko langileen lanaldia erregistratu” beharra inposatzen zien enpresei.  Bestetik, Langileen Estatutuak aparteko orduak zenbatzeko langileen eguneroko erregistroa egitea eskatzen du 35.5. artikuluan, baina ez ditu ordu osagarriak aipatzen, lanaldi partzialeko kontratuan gertatzen direnak.

Lanaldiaren, aparteko orduen eta lanaldi partzialeko kontratu faltsuen kontrol handiagoa

Bere jarduketa-planen barnean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak aparteko orduen zaintza eta kontrola areagotu ditu 2016an, martxoko 3/2016 Instrukzioaren (ikus hemen) bitartez eta aurreko beste batzuk osatuz, horiek lanaldi partzialeko kontratazioaren kontrola gailentzen baitute. Horren guztiaren eraginez, eta ondorio praktikoetarako, Ikuskaritzak langile guztien lanaldia erregistratzea eskatzen die enpresei, horiei egindako kontratu mota edozein dela ere eta horiek aparteko orduak egin dituzten ala ez kontuan hartu gabe.

Horrekin batera, lan arloko epaitegietan hainbat demanda egin dira, eta horiek, Auzitegi Nazionalak eman dituen epaien harira, langileek egindako lanorduen eguneko erregistro eraginkorra egin dezatela eskatzen diete enplegatzaileei.

Eguneko lanaldiaren erregistroa

Hori ikusita, areagotu egin da lanordu guztiak erregistratu beharra, horiek lanaldiaren barnean egin ala ez, eta mota guztietako enpresei eta sektoreei izango zaie aplikagarria, horien langile kopurua edozein dela ere.

Erregistro horren formatuak honako datu hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

  • Langilearen eguneko sarrera- eta irteera-orduak
  • Egunero lan egindako orduen kopurua, guztira

[DESKARGATU EGUNEKO LANALDIAREN ERREGISTRO EREDUA]

Erregistro hori lantoki guztietan egongo da, Ikuskaritzak eskatzeko edo kontsultatzeko moduan. Gainera, langile bakoitzak haren kopia jaso beharko du eta, legez, enpresak 4 urtez gorde beharko ditu erregistro horiek.  Erregistroa bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da, hura gero ezin alda  daitekeela bermatzen bada, baita paperean ere, baina, kasu horretan, langile bakoitzak berea sinatu beharko du.

Lanaldi partzialeko langileen kasuan, erregistro hori egiten ez bada, kontratua lanaldi osokoa dela ulertuko da, eta lan-ikuskaritzak 626 eta 6.250 € arteko isunak ezarri ahal izango dizkio kasuan kasuko enpresari.  Gainera, enpresak dagokion aldea kotizatu beharko du —4 urteko atzeraeraginarekin—, % 20ko errekargua eta gizarte-segurantzaren isuna (ikuskapenaz gain) ordaintzeaz gain; isun hori kotizatu ez diren kuoten % 50 eta % 100 artekoa izan daiteke.

Aparteko orduen eta ordu osagarrien arteko aldea

Legeriaren arabera, lanaldi osoko kontratuan ezarritako lanalditik kanpo lan egiten diren orduak izango lirateke aparteko orduak. Horiek borondatezko izaera dute, eta gizarte-segurantzan kotizatu behar dira.

Ordaintzen ez badira, lan egindako aparteko denboraren atsedenaldi baliokideekin konpentsatu ahal izango dira (langilearen eta enpresaren artean adostasunik lortzen ez bada, legezko ordutegitik kanpo egindako orduak modu horretara konpentsatu behar direla dio legeak, hurrengo lau hilabeteetan). Aparteko orduek badute muga bat: ezin dira urtean 80 baino gehiago egin (atsedenaldiekin konpentsatu direnak edo ezinbestean egin direnak kontuan hartu gabe).

Batzuetan, aurreikusi gabeko egoeretan edo larrialdi-kasuetan, enpresak itundutako ordutegitik kanpo lan egin dezala eskatu ahal izango dio langile bati, “ezinbesteko” arrazoiak direla eta. Kasu horretan, langileak ezin izango dio uko egin, eta ordu horiek ez dira urteko 80 orduen barnean zenbatuko, aparteko ordu gisa ordaindu behar badira ere.

Bestalde, lanaldi partzialeko kontratuetan ez daude aparteko orduak, horiei ordu osagarri deitzen baitzaie; horiek aurrez itundu behar dira langilearen eta enpresaren artean. Ordu osagarrien eta ohiko orduen batura ez da, inola ere, lanaldi osoaren baliokide izango.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....