Enpresa sortu berrientzako diru-laguntzak (II)

Artikulu honek aurrekoaren gaiari helduko dio. Hartan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (EEZPren), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak aipatu genituen. Oraingoan, berriz, lurralde bakoitzean (Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan) autoenplegurako eta enpresak sortzeko dauden laguntza-programa nagusiak aztertuko ditugu. Hurrengo artikulu batean, enpresa berritzaileentzako berariazko laguntzak ikusiko ditugu.

Bizkaia

Enpresak sortzeko eta autoenplegua sustatzeko laguntza-programa

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak emandako laguntzak dira, eta deialdi bakoitzak zehaztutako epean [IKUSI 2017KO DEIALDIA] norberaren konturako enpresa-jarduera bati (forma juridikoa edozein dela ere) ekiten dioten pertsonei laguntzen zaie, betiere langabezia-egoeratik abiatzen badira.

Diru-laguntzaren zenbatekoa 5.000 eurokoa da eskatutako baldintzak betetzen dituen lehen pertsonarentzat, eta beste 2.000 euro bazkide bakoitzeko; 15.000 eurokoa da gehieneko kopurua.

Diru-laguntza lortzeko, eskatzaileak negozio-plan bideragarri bat aurkeztu beharko du, eta jasota izango du enpresak sortu eta gestionatzeko prestakuntza, Enplegu Sailak homologaturiko erakundeetako baten eskutik. Bultz-Lan Consulting (Consulting-Pro zerbitzuaren laguntzailea) entitatearen bidez egin daitezke bai prestakuntza bai negozio-plana.

Gipuzkoa

Enpresa berrien sorrera sustatzeko diru-laguntzak – Donostia

Diru-laguntzak norberaren konturako lanpostuen sorrera sustatzen du, urte naturalean Donostian sortutako edozein mota eta jardueratako enpresa berrietan. Berrikuntza-irizpideetan oinarrituta dauden eta hiriari balio erantsia ematen dioten enpresentzako berariazko lerroa ere badago.

Diru-laguntzak lortzeko, enpresa sortu eta abian jartzeko gastuak (enpresari alta eman aurreko 2 hilabeteetan eta ondorengo 12 hilabeteetan sortutakoak) justifikatu eta ordaindu egin behar dira. Hauek dira aipagarriak:

  • Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide bereziko edo antzeko araubideko kotizazioak ordaintzeko kuotak.
  • Jarduera ekonomikoari dagozkion inbertsioak, jarduerari lotutako ondasun higiezinak birgaitu eta zaharberritzeko obrak barne hartuta.
  • Enpresa eratzeko gastuak, hala nola irekitzeko lizentziak, jarduera-lizentziak eta abar, eta jabetza intelektualeko eta industrialeko gastuak.
  • Komunikazio-gastuak, hala nola publizitate-kanpainak, web-orrialdeen diseinua, sare sozialen diseinua eta abar.
  • Lehendik dauden enpresak erostea, haien jarduerari eusteko.

Kontzeptu horietarako diru-laguntza, oro har, 1.200 eurokoa da lanpostu berri bakoitzeko (lehen bazkidea) eta 500 eurokoa gainerako lanpostu bakoitzeko (bigarrena eta hurrengoak). Bazkide bakoitzarentzako diru-laguntza % 20 handitu ahalko da zailtasunik handieneko pertsonentzat, barne hartuta emakumeak, 30 urtetik beherako gazteak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak eta abar. Edonola ere, gehieneko diru-laguntza 4.000 eurokoa da.

Horrez gain, eta hiri osoan, jarduera ekonomikoari lotutako higiezinak alokatzeko gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta merkataritza-establezimendu bat edo jendeari kalean arreta zuzena emateko zerbitzuak badira. Diru-laguntzok 500 eurotik 2.000 euroraino joan daitezke, inguruaren arabera.

Era berean, ekintzaileen seme-alabentzako 300 eurorainoko beste diru-laguntza bat eskuratzeko aukera dago, haurtzaindegiko edo antzeko gastuei aurre egiteko, enpresa eratu aurreko enpresa-plana edo enpresa-gestioko prestakuntza egiten den bitartean.

[IKUSI 2017KO DEIALDIA]

Araba

Enpresak sortzeko diru-laguntzak – Gasteiz

Programa horrek mikroenpresen sorrera sustatzen du Gasteizen, haien forma juridikoa edozein dela ere, baldin eta inbertsio eta gastu jakin batzuk eragiten badituzte.

Ezin dute programa horren diru-laguntzarik jaso jarduera jakin batzuk —hala nola txikizkako merkataritza, ostalaritza edo ile-apainketa— betetzen dituzten enpresek, berariazko programa baitute.

[IKUSI MERKATARITZAKO ENPRESA TXIKIAK ETA ZERBITZU PERTSONALAK EZARRI ETA MODERNIZATZEKO LAGUNTZA PROGRAMA]

[IKUSI OSTALARITZA ENPRESA TXIKIAK EZARRI ETA MODERNIZATZEKO LAGUNTZA PROGRAMA]

Laguntza jasoko dute, 2016ko uztailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era bitartean enpresa sortu berriek egiten dituzten proiektu eta inbertsioek (deialdi honetan, 2016ko uztailaren 1etik aurrera eman behar dute alta EJZn), eta hauek estaliko zaizkie:

  • Eraketa-gastuak.
  • Abian jartzeko gastuak: bideragarritasun-ikerketak, marka-erregistroa, irudi korporatiboaren diseinua eta web-diseinua eta prototipoen diseinua eta fabrikazioa.
  • Aktibo finko berriko elementuetan egindako inbertsioak: esaterako makinetan, lanabesetan, altzarietan, ekipamendu eta aplikazio informatikoetan eta instalazio teknikoetan.

Aurkezten diren proiektuek diruz laguntzeko moduko 5.000 euroko inbertsioa eragin behar dute gutxienez, eta gehieneko diru-laguntza % 40koa izango da, edo 8.000 eurokoa enpresa onuraduneko eta urteko.

[IKUSI 2017KO DEIALDIA]

Euskadiko beste programa batzuk

Programa horiez gain, berariazko programak daude hain ohikoak ez diren beste jarduera batzuetarako, hala nola nekazaritzarako eta artisautzarako. Era berean, enpresa berrien sorrera sustatzeko laguntza-programak dituzte hainbat udalek. Horiei buruzko informazioa jasotzeko edo edozein zalantza argitzeko, jarri gurekin harremanetan harremanetarako inprimakiaren bidez edo telefono honetara deituta: 900 100 240.

Nafarroa

Enpresen hasierako gastuetarako diru-laguntzak

Diru-laguntza horiek ekintzailetza sustatzen dute Nafarroan, enplegua sortzeko eta foru-erkidegoaren garapen sozioekonomikoa bultzatzeko. Helburu horrekin, diruz lagunduta daude enpresa sortu berrien hasierako gastuak eta egoitza soziala eta jarduera Nafarroara eramaten dutenenak.

Era berean, diru-laguntza osagarria jaso dezakete lanpostuak (ahal dela finkoak) sortzen dituzten enpresa-ekimenek, kapital sozialean emakumeen parte-hartzea dutenek, Nafarroako Gobernuak ezarritako lehentasunezko sektoreetan jarduera betetzen dutenek eta desgaitasuna duten pertsonak kontratatzen dituztenek edo horrelako pertsonek sustatuta daudenek.

Sozietate gisa eratutako enpresek eska ditzakete deialdi horretako diru-laguntzak, baldin eta eratze-eskritura (edo aldatze-eskritura, egoitza soziala eta jarduera Nafarroara eraman duten enpresen kasuan) 2016ko uztailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era bitartean sinatu bada.

Gastu hauek lagundu ahalko dira diruz, 2016ko uztailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era bitartean sortu eta ordaindu badira:

  1. a) Prestakuntzarako kontratazio-gastuak.
  2. b) Kontsultoretzarako kontratazio-gastuak. Kontsultoretzarako gastuak ezin dira zerga- edo lege-betebeharrengatiko ordainsariak izan.
  3. c) Patenteak eta markak erregistratzeko gastuak.
  4. d) Lokalak konpondu edo kontserbatzeko gastuak. Lokalak konpondu edo kontserbatzeko gastuak honako hauek izan daitezke: lurzoruak eta hormak konpondu, pintatu, azulejatu edo bestelako azken akabera ematekoak; elektrizitateko, iturgintzako edo berokuntzako instalazioak aldatzekoak; eta ate, kristal eta leihoetako osagaietako batzuk edo guztiak ordeztekoak.

Gutxieneko laguntza 1.500 eurokoa da, eta handitu egingo da inbertsioak eta gastuak egin ahala.

[IKUSI 2017KO DEIALDIA]

Hurrengo artikulu batean, Euskadiko eta Nafarroako enpresa berritzaile berrientzako berariazko diru-laguntzak izango ditugu hizpide.

Azken berriak