Egin ikusgarriago zure webgunea: SEO eta SEM

Marketin digitalari eta web-posizionamenduari buruz hitz egitean, SEO eta SEM izaten dira gehien aipatzen diren kontzeptuak. Biak ala biak, gauza batzuetan bat badatoz ere, oso ezberdinak dira. Artikulu honetan azalduko dugu baliabideok zer diren, nola funtzionatzen duten eta nola atera diezaiekegun etekina adituak izan gabe.

Zer da SEM?

Ordaindutako iragarkien bidez webgunea bilatzaileetan sustatzean datza SEM (Seach Engine Marketing) sistema. Iragarkiak Google AdWords, Bing Ads eta antzeko plataformen bidez ezartzen dira, eta normalean, iragarki horietan egindako klik kopuruaren arabera ordaintzen da. Estrategia horren bidez, gure webgunea berehala ikusgarri egitea da helburua, izan ere, kanpainak konfiguratu eta enkantean sartzen garen unetik, gure iragarkiek bilaketen emaitzetan azaltzeko aukera dute.

Zer da SEO?

Webgune jakin bat optimizatu eta ezagun bilakatzeko lana da SEO (Search Engine Optimization) sistemaren oinarria. Horrela, Google eta antzeko bilatzaileentzat gune hori nahikoa aipagarria izatea lortu nahi da, erabiltzaileek egindako bilaketa jakin batzuen emaitzen artean lehenengo tokietan azal dadin.

Beraz, bilatzaile batean, gure jarduerarekin lotutako balizko bilaketetan, gure webgunea lehenengo emaitzen artean azaltzea da kontua (onena lehen orrialdean azaltzea da, eta, ahal izanez gero, lehen bost tokietako batean). Eta hori, bisitaldi bakoitzeko publizitate-kostu zuzena ordaindu gabe, bilatzailearentzat aipagarriak edo esanguratsuak garelako. Bilatzaileek webguneen alderdi asko aztertzen dituzte bilaketa baten emaitza emateko orduan. Horrela, bilaketari egokien erantzuten dioten guneak aukeratzen dituzte, erabiltzaileek ahalik eta esperientzia onena izan dezaten eta bilatzen duten hori azkar eta erraz aurki dezaten.

SEO estrategia ona izateko alderdi batzuei erreparatu beharko diegu. Adibidez, gako-hitzak, diseinua, edukia, beste orrialde batzuetarako estekak edota indexazioa hartu beharko ditugu kontuan.

SEO posizionamendurako lanaren barruan, bi faktore-multzo nagusi daude optimiza ditzakegunak:

  1. SEO ON-PAGE

Bilatzaileen aurrean optimizatze aldera gure webgunearen barruan egin ditzakegun ekintzak dira. Esate baterako, URL lagunkoiak izatea, kargatzeko denbora laburtzea, eduki original eta esanguratsua erakustea, erabiltzaileari segurtasuna eta nabigazio-esperientzia ona eskaintzea…

  1. SEO OFF-PAGE

Gure webgunearen ospea areagotzeko baliagarriak diren optimizatze-ekintzak dira. Horien bidez, beste gune batzuek gurekin estekatzea lortuko dugu (gurekin estekatzen diren guneek interesgarritzat jotzen gaituzte eta, gainera, haien ospearen arabera, esteka horrek balio handiagoa edo txikiagoa izango du). Egiteko hori SEO ON-PAGE baino konplexuagoa da, baina askotariko ekintzak eraman ditzakegu aurrera, besteak beste, gonbidatu-artikuluak argitaratzea beste blog batzuetan, gaikako katalogoetan alta ematea, sare sozialetan eta hirugarrenen guneetan birala egingo den edukia eskaintzea eta abar; azken finean, online-erreferenteak izatea gure gaietan edo sektorean…

Nola bereiz daitezke SEO eta SEM bilaketa-emaitzak?

Bilatzaileetan, babestutako edo ordaindutako iragarkiek “iragarkia” dioen etiketa dute, edo “babestutako estekak” edo antzeko zerbait diotenak. Normalean, emaitza horiek goialdean azaltzen dira, baina batzuetan alde batean eta orrialdearen azpialdean ere ikusten ditugu.

SEO emaitza organikoek ez dute etiketarik izaten, eta babestutako lehenengo esteken ondoren azaltzen dira, jarraian.

SEO vs SEM. Online marketin-estrategian kontuan hartzeko alderdiak

SEM da gomendagarriena berehala ikusgarri izatea bada helburua, bilaketaren emaitzen artean lehen tokietan azaltzeko aukera ematen baitu, SEO emaitzen aurretik. Haatik, SEO kanpaina organiko batek asteak edo hilabeteak behar ditzake Googleren lehen orrialdera iristeko, edo agian ez da inoiz horra iritsiko, beste lehiakide batzuek estrategia bera modu arrakastatsuagoan burutu baitezakete.

Nolanahi ere, bi estrategiak bateragarriak izan daitezke.

Jakina, SEM estrategia garestiagoa da, ordainketa sistema baitu oinarrian, gurekin lotu nahi ditugun gako-hitzak enkante bidez eskuratuko baititugu [IKUSI ARTIKULU HAU: GOOGLE ADWORDS: NOLA JARRI GURE IRAGARKIA GOOGLEN]. Baina SEO estrategia egoki bat garatzeko ere denbora eta ezagutza teknikoak behar dira. NABARMENDU INTERNETEN: MARKETIN DIGITALEKO TRIKIMAILU TXIKIAK gure artikulu sortan aurkituko dituzu estrategia hori aurrera eramateko aholkuak.

Batzuetan egun gutxiren buruan ikus daitezke lehenengo SEO emaitzak, baina ohikoena itxaron behar izatea da. Beti dago zeregina gure gunea hobetzen eta egokitzen joateko, eta etengabeko lan horren emaitza izango da, une jakin batean, gure webguneak gora egitea eta bilaketen lehen emaitzen artean azaltzea. Batzuetan, optimizatze-lan handia egin arren, ia ez dugu emaitzarik ikusten. Eta, bat-batean, gure posizionamenduak gora egiten du, aparteko ekintzarik abian jarri gabe, egin dugun lan jarraituari esker. Une horretatik aurrera, lehentasunezko posizio horri eutsi egin beharko diogu, galtzeko arriskua dago eta.

Bestalde, SEM estrategiaren bidez, berehala ager gaitezke lehenengo edo bigarren tokian bilaketa-emaitzen artean, SEO emaitza guztiak atzean utzita. Horrela, ia hasieratik lortuko ditugu emaitzak (bisitak eta bihurketak). Edonola ere, SEM kanpaina bat aurrera eramateko esperimentazio- eta azterketa-lan handia egin behar da, batez ere hasieran, kanpainaren optimizazioa esaten zaiona, proba eta errore metodoan oinarrituta. Kontuan hartzekoa da horrek kostu nabarmena duela, eta interesgarria dela mota horretako kanpainetan aditu direnengana jotzea, ohikoak diren akatsak saiheste aldera.

Normalean emaitzak lehen hilabetean agertzen badira ere, hilabete batzuk igaro behar izaten dira emaitzarik onenak lortzeko. Beraz, salmentak ez badira kanpainaren kostua amortizatzera iristen, pazientzia apur bat izan behar da, hasieran behintzat, hori askotan gertatzen da eta. Arazoak gertatu ohi dira, batzuetan kanpainaren esku ez daudenak, enpresaren mende dagoen “bihurketa-inbutuaren” atalari eta webari dagozkionak. Izan ere, enpresaren kontua da gure iragarkian egindako klik-ak salmenta bilakatzeko gai izatea, eta horretarako, gure produktua edo zerbitzua benetan interesgarria izatea, prezio lehiakorra eskaintzea eta abar.

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....