Europar Batasun barruko eragileen erregistroa: Europar Batasunean salerostea

Europar Batasuneko (EBko) beste herrialde batzuetako enpresekin salerosketak egiteko asmoa baduzu, hau da, EB barruko eragiketak egingo badituzu, jakin ezazu eginbehar formal batzuk bete behar direla, eta EB barruko enpresen artean salgaiak eta zerbitzuak salerostea modu berezian zergapetuta dagoela.

BEZa Europar Batasunaren barruko eragiketetan

Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZak) herrialde barruko ondasun- eta zerbitzu-salerosketa zergapetzen du. Bada, Europar Batasunaren barruan, zerga hori ez da berdina herrialde guztietan.

Gainera, BEZak EBko kide diren herrialdeetan egoitza duten profesionalen eta enpresen arteko ondasunen eta zerbitzuen merkataritza-eragiketak ere zergapetzen ditu. Horrela, ez da alderik egongo herrialde bateko edo besteko hornitzaileei erostean.

Nolanahi ere, EB barruko eragiketa horietan BEZa modu berezian ezartzen da. EB barruan inportazioak edo esportazioak egiten dituzten enpresaburuek eta langile autonomoek abantaila bat dute EB barruko BEZarekin: aukera ematen die EBko estatu kideetako bezeroekin eta hornitzaileekin dituzten fakturen BEZa ez kobratzeko eta ez ordaintzeko. Hori bai, horretarako, Europar Batasunaren barruko Eragileen Erregistroan inskribatuta egon beharra dago.

EB barruko faktura

EB barruko fakturetan, bezeroak eta hornitzaileak EB barruko eragileen IFZ badute (hau da, biak EB barruko eragile gisa erregistratuta badaude), ez da BEZik azalduko, eta EBko IFZ horiek adierazi beharko dira.

Artikulu honetan azaltzen dira faktura batean jarri behar diren datuak.

Nola eskuratu EB barruko IFZ-BEZa

Azaldu dugunez, salgaiak edo zerbitzuak inportatu eta/edo esportatzen dituzten autonomo, profesional edo enpresa guztiek aukera dute faktura horietan BEZik ez ezartzeko, baina horretarako Europar Batasunaren barruko Eragileen Erregistroan inskribatu behar dira.

Inskribatzeko eskaera onartuta, inskripzioa egiten da, eta IFZ-BEZ izeneko kodea ematen zaio salerosleari. Kode hori fakturan jarri behar da salmenta bat egitean, eta, erosketa egitean, berriz, hornitzaileari jakinarazi behar zaio. Beste aldeak gauza bera egin behar du.

Espainiako administrazioak ematen dituen EB barruko identifikazio fiskaleko zenbakiak VIES erroldan daude. Horixe da, hain zuzen, BEZ erregistroari buruzko informazioa transmititzeko bidea, ondasunak edo zerbitzuak trukatzeko erabiltzen diren IFZ-BEZ zenbakien balioa egiaztatzea ahalbidetzen duena.

Zenbaki hori osatzeko Espainiaren «ES» kodea jartzen da hasieran eta jarraian Espainiako IFZ. Beraz, zure enpresaren IFZ B48909090 baldin bada, EB barruko IFZ-BEZ zenbakia ESB48909090 izango da. Horrela egiten da Europar Batasuneko kide diren estatu guztietan.

Zure enpresak edo zure bezero edo hornitzaileak horrelako zenbakirik ba ote duen jakin nahi baduzu, Europako Batzordeko web-orrian ikus dezakezu, hemen klikatuta, edo Zerga Agentziaren VIES erroldan, hemen klikatuta.

Fakturan, BEZa sartu behar da ala ez?

Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da fakturan BEZa sartu behar den ala ez. Eragiketaren eta bezeroaren motaren arabera, honako hauek dira arau orokorrak:

A. Enpresei edo profesionalei egindako ondasunen salmenta

Produktu bat Europar Batasuneko beste enpresa edo profesional bati saltzean ez duzu BEZik sartu behar fakturan, betiere zu zeu eta eroslea EB barruko Eragileen Erregistroan inskribatuta bazaudete. Alta emanda ez bazaude, berriz, zure herrialdean indarrean den BEZa sartu beharko duzu (Espainian % 4koa, % 10ekoa edo % 21ekoa da, produktu-motaren arabera).

B. Partikularrei egindako ondasunen salmenta. Urrutiko salmentetarako araubide berezia

Europar Batasuneko partikular bati ondasunak saltzen badizkiogu, BEZa jatorriko estatuan ordaindu behar da, hau da, eragiketa Espainian gauzatuko da. Beraz, eragiketa estatu barrukoa balitz bezala eramango dugu aurrera.

Dena den, kontuan hartu beharreko salbuespen bat dago: Urrutiko salmentetarako araubide berezia.

Horren arabera, Espainiatik abiatuta EBko beste estatu kide batera eramandako ondasunei dagokienez, eragiketa helmugako herrialdean (bezeroarenean) egindakotzat joko da eta hango BEZa ezarriko zaio honako kasu honetan: herrialde horretara aurreko urtean edo unekoan egindako salmenten bolumen osoak gainditu egiten badu Urrutiko salmentetarako araubidea aplikatu ahal izateko estatu kide erosleak ezarritako muga.

Hala, estatu kideek ezarritako mugak 35.000 eta 100.000 euro bitartekoak dira, herrialdearen arabera.

Araubide berezia ezartzeko baldintza hauek bete behar dira:

  • Ondasunen garraioa saltzailearen kontura egitea.
  • Ondasunen hartzaileek —partikularrek, enpresaburuek edo profesionalek— EB barruko IFZ-BEZ koderik ez edukitzea.
  • Ondasun horiek ezin dira izan garraiobide berriak, ez eta instalatzeko edo muntatzeko ondasunak.

Laburbilduz, Espainiako saltzaile batek Espainiako BEZa sartuko du EBko partikularrei egindako salmentetan, betiere urtean saldutakoak ez badu gainditzen herrialde bakoitzak finkatutako gehienezko muga (azken kontsumitzaileei egindako salmenten zenbateko osoari dagokionez). Muga hori gainditu edo araubide berezira jotzen badu, bezero partikularrei helmugako herrialdeko BEZa fakturatuko die. Beraz, herrialde horretan BEZ kontuetarako inskribatu egin beharko da zerga hori aitortu ahal izateko.

Urrutiko salmenten araubidearen aplikazioa erakusten duen adibidea

Nafarroako XYZ enpresa 2019an hasi da bere produktuak Frantziako partikularrei saltzen. Enpresak nola kudeatu behar ditu salmenta horiek?

Printzipioz, XYZ enpresak Espainiako BEZa sartuko du fakturetan, Frantziako partikularrei egindako salmenten bolumen osoa 100.000 eurora iritsi arte. Frantziak ezarritako muga hori gaindituta, XYZ enpresak Frantziako BEZa sartuko du fakturetan, eta estatu horretan inskribatu beharko du bere burua BEZ horren aitorpena egiteko.

Edonola ere, 2018ko abenduan Urrutiko salmentetarako araubide bereziaren aldeko hautua egin badu, 2019an eta 2020an Frantziako partikularrei egingo dizkien salmenta guztiak Frantzian egongo dira zergapetuta, eta, beraz, estatu horretan inskribatu beharko du bere burua BEZ horren aitorpena egiteko.

C. Merkataritza-ondasunak erostea

Merkataritzarako ondasunak Espainiatik kanpo erosten badira, fakturan ez da inolako BEZik sartuko, nahiz eta aurrerago, «autolikidazio» bidez, erosketaren BEZa aitortu beharko den. Autolikidazio hori egiteko, BEZaren hiruhilekoko aitorpenean jasandako eta jasanarazitako gisa aitortuko da eragiketaren BEZa (modu horretan, neutroa izango da, estatuko hornitzaile bati erosiko bazenio bezala). Eroslea Baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziari atxikita badago, BEZa eta ordaindu gabeko errekarguak ordaindu beharko ditu, BEZa ez baita kengarria erosle horientzat.

D. Enpresei eta profesionalei egindako zerbitzuen salmenta

Ondasunen salmentetan egiten den antzera, zerbitzuak Europako enpresa bati eskaintzen bazaizkio fakturan ez da BEZik sartuko. Halere, Europako enpresa horrek bere estatuan egin beharko du dagokion likidazioa, subjektu pasiboaren inbertsioa deritzon prozeduraren bidez.

E. Partikularrei egindako zerbitzuen salmenta

Era berean, zerbitzu baten kontsumitzailea partikular bat denean, zure herrialdeko BEZa sartu behar duzu fakturan. Baina badago salbuespenik: telekomunikazioetako zerbitzuak, irrati-difusiokoak, telebistakoak eta elektronikoak. Horietan, bezeroaren herrialdeko BEZa ezarriko da.

F. Zerbitzuak erostea

Enpresaburu zarela Europar Batasuneko enpresa bati zerbitzu bat erosten badiozu, BEZaren autolikidazioa egin beharko duzu, ondasuna erosi izan bazenu bezala.

Europar Batasunaren barruko BEZa aitortzea

EB barruko eragiketak BEZaren hiruhilekoko aitorpenetan azaldu behar dira, eta baita barruko eragiketen kasuan (herrialde bereko bezero eta hornitzaileekin egiten direnetan) aurkezten den urteko laburpenean ere.

Baina, gainera, EB barruan eragiketak egiten hasten zarenean betebehar berri bat izango duzu: 349 eredua betetzea (EBko subjektu pasiboekin egindako eragiketen laburpena). Hilero, hiruhilekoan behin edo urtean behin aurkezten den informazio-aitorpena da. Aurkezteko maiztasuna EB barruko fakturazioaren araberakoa izango da:

  • Hilero aurkeztuko da EB barruko eragiketak guztira 50.000 eurotik gorakoak badira.
  • Hiruhilekoan behin aurkeztuko da entregatutako ondasunak edo emandako zerbitzuak guztira 50.000 eurotik beherakoak badira.
  • Eta urtero aurkeztuko da sortutako diru-sarrerak ez badira 35.000 eurotik gorakoak eta beste estatu kide batean entregatutako ondasunek ez badute 15.000 euroko zenbatekoa gainditzen.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...