Noiz izango dut dirua eskuragarri txeke bat sartzean edo transferentzia bat jasotzean?

Ingresos y fecha valor

Balio-dataren garrantzia.

Beharbada guztioi gertatu zaigu inoiz: ordainketa bat egin behar dugu eta, behar besteko likidezia izateko, txeke bat sartu dugu geure kontuan, edo transferentzia bat jaso dugu.

Halere, gestio hori egin arren, ordainketa egiteko orduan, diru hori «ez dago erabilgarri» gure kontuan. Horrek arazo handia sor diezaguke, ez baitugu ordaintzeko betebeharrari erantzuteko adina diru.

Zergatik ez dago erabilgarri diru hori gure kontuan?

Lehenik eta behin, argi utzi behar dugu diru hori badagoela gure kontuan eta erabilgarri dagoela. Beste gauza bat da diru hori erabiltzeak eragina izatea kontuko balorazio-saldoan eta, ondorioz, hurrengo interes-likidazioan, bai kontuaren alde, bai kontuaren kontra.

Banku-zerbitzuen erabiltzaile guztiek, partikularrek zein profesionalek, ondo ulertu behar dituzte kontzeptu batzuk, interpretazio okerren batek diruzaintzako arazorik eragin ez dezan.

  • Kontzeptu horietako bi dira balio-data eta kontabilitate- edo eragiketa-data. Data horiek desberdinak dira eta inplikazio desberdinak dituzte, nahiz eta antzekoak diruditen.

Artikulu honetan azalduko dizugu zer diren bi data horiek eta zer ondorio dituen horien aplikazioak banketxeen bezeroentzat.

Lehenengo eta behin, gure banku-kontuko eragiketak kontsultatzen ditugunean, mugimendu bakoitzak bi data dituela ikus dezakegu: eragiketa-data eta balio-data.

Bi datak ez datoz bat beti, batzuetan balio-data eragiketa-dataren ondorengoa da. Zergatik? Zer desberdintasun dago bi data horien artean eta zer esan nahi du bakoitzak?

  • Adibidez, hilaren 25ean ordainagiri bat pasatzen badidate eta saldorik ez badago, litekeena da 26an zorduntzea, egun horretan saldoa badago. Halere, 25eko balio-saldoa negatiboa izango da, ordainagiri horren kontabilitate-data 26koa bada ere, balio-data 25ekoa baita.

Zer data islatzen dira gure banku-eragiketetan?

Esan dugun bezala, bi data daude banku-mugimendu eta -eragiketetan: balio-data eta kontabilitate- edo eragiketa-data.

  • Kontabilitate- edo eragiketa-data: eragiketa idazten den data da, dela egun horretan eragiketa eraginkortasunez gauzatzen delako, dela eragiketari buruzko informazioa iristen delako
    • Adibidez, bi erakunderen arteko transferentzia egiten denean, agintzen duenarentzako eragiketa-data transferentzia bidaltzeko egun bera da, baina onuradunarentzako eragiketa-data dirua jasotzen duen eguna da. Eragiketa-data eta balio-data ez dira bat etorriko, salbu eta FMA (fondoak mugitzeko agindua) fondoen transferentzia elektronikoa bada.
  • Balio-data: bankua kontuko abonu batengatik (fondoen sarrera batengatik) sortzen diren interesak kalkulatzen hasten den eguna da, edo zordunketa batek (fondoen irteera batek) interesak sortzeari uzten dion Litekeena da data hori bat ez etortzea eragiketa egiten den edo kontabilizatzen den datarekin.

Banketxeen ikuspegitik, kontabilitate-dataren eta balio-dataren arteko denbora-aldeak badu zentzurik. Izan ere, muga tekniko batzuk direla eta (adibidez, atzerriko banketxe batetik datorren txekeak ea fondorik baduen egiaztatzea), eragiketa batzuk ezin dira gauzatu bezeroak egiten dituen une berean. Dena dela, bi daten arteko alde hori ere mugaturik dago.

Hala, finantza-erakundeek ezin dute nahi duten epea ezarri bi daten artean. Espainiako Bankuak bi daten arteko gehieneko aldea mugatu zuen, Gardentasunari eta Bezeroen Babesari buruzko 8/1990 Zirkularraren eta ondorengo eguneratzeen bidez. Era berean, 2009ko eta 2018ko ordainketa-zerbitzuei buruzko legeek gehieneko egun baliodunen kopurua finkatu zuten, bezeroak eragiketa egiten duenetik eragiketa eraginkorra den arte.

  • Oro har, balio-data kontabilitate-dataren ondorengoa izaten da abonuetan eta bat etortzen da (edo lehenagokoa ere izan daiteke) zordunketetan.

Adibide batzuk

Beste entitate batetik datorren txekea sartzen denean, honako hau gerta daiteke:

  • Balorazio-data kontabilitate-sarrera baino 2 egun geroagokoa izaten denez, dirua hurrengo egunean ateratzen badut, balorazio-zorpeko bat sor liteke (beste gauza bat izango litzateke txekea «bukaera onari baldintzatuta» sartzea, hau da, txekea kobratu arte ez ordaintzeko baldintzapean; orduan, balorazioa alde batera utzita, txekea ez da eskuragarri egongo harik eta bankuen arteko trukea burutu arte).

Balorazio-desberdintasun horren beste kasu bat izaten da aldizkako abonuak eta zordunketak jaiegunetan suertatzen direnean.

  • Adibidez, maileguaren kuota hil bakoitzaren 10ean pasatzen badidate, eta egun hori igandea bada, kontabilitatearen aldetik 11n pasatuko didate, baina balio-data 10a izango da; hortaz, 10ean saldorik ez badago, nahiz eta 11n saldoa egon, balorazio-zorpekoa gertatuko da.

Zer data finkatzen ditu legezko araudiak?

Hasiera batean, banketxeek bezeroen alde hobe ditzakete Espainiako Bankuak ezarritako baldintzak, baina ezin dituzte okertu. Balorazio-baldintza horiek nahitaez argitaratu behar dituzte banketxeek tarifei buruzko liburuxkan, liburuxka hori publikoa baita eta, beraz, Espainiako Bankuak berariaz irekitako erregistroan kontsulta daitezke.

Ordainketa Zerbitzuei buruzko Errege Lege Dekretua 2018. urtean indarrean jarri zenetik (eurotan egiten diren ordainketa-eragiketetan aplikatzen da, edo Eurogunekoa ez den Europar Batasuneko herrialde bateko dirutan, hala nola Danimarkakoan edo Erresuma Batukoan, azken horretan Brexita gauzatu arte behintzat), honako arau hauek ditugu:

  • Kontuko abonuaren balio-datak bat etorri behar du banketxeak agintzailearen banketxetik dirua jasotzen duen datarekin.
  • Bi erakunderen arteko transferentzietan, agintzailearen ordainketa-aginduaren dataren ondorengo eguna izango da balio-data.
  • Erakunde bereko kontuen arteko transferentzietan, ordainketa-aginduaren egun bera izango da balio-data.
  • Ordainketa Zerbitzuei buruzko 2009ko Legea aplikatu aurretik, kontsumitzaileek 11:00ak baino lehen egiten zituzten eskudirutako sarreren balio-datak eragiketaren egun bera izan behar zuen, eta ordu horretatik aurrera egindakoen balio-data hurrengo eguna zen. Gaur egun, ordea, legea indarrean jarri zenetik, balio-datak eragiketaren egun bera izan behar du, sarrera zer ordutan egiten den alde batera utzita. Horri esker, sartzen den dirua eskuragarri dago banketxeak fondoak jasotzen dituen unetik bertatik.

Ildo horretan, 2019ko arauak hobekuntza bat ekarri du mikroenpresentzat, haiei ere irizpide bera aplikatzen baitzaie. Hala, kontsumitzaile edo mikroenpresa izan ezean, litekeena da sartutako zenbatekoa eskuragarri ez egotea fondoak jaso eta hurrengo egunera arte.

Kontuan hartu beharreko beste gai bat da zer egun hartzen den balioduntzat. Oro har, balioduntzat hartzen diren asteko egunak astelehenetik ostiralera bitartekoak dira. Eragiketa-mota batzuetan, erakundeen edo likidazio-sistemen arteko trukea dagoenean, urtero argitaratzen dira sistema bakoitzeko egun baliogabeak, eta argitaratutako egutegi hori kontuan hartzen da eragiketen epeak kalkulatzeko

Beraz, arazoak eta alferrikako kostuak saihesteko, gure banku-eragiketak egiten ditugun eguna ez ezik, haien balio-data ere hartu behar dugu aintzat.

LABORAL Kutxaren zordunketa eta abonuen balorazio-arauak

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...