Datozen hilabeteetako gizarte-kotizazioak: Nor daude salbuetsita? Nork eska ditzakete luzamenduak edo atzerapenak?

Joan den martxoaz geroztik, zenbait neurri daude indarrean langileen, enpresen eta autonomoen gizarte-kotizazioak direla eta, baina aldatu egiten dira egoeraren arabera eta denborak aurrera egin ahala. Hona hemen nola eragingo dieten neurri horiek gizarte-kotizazioei hurrengo hilabeteotan, egoera bakoitzean.

Ohiz kanpoko prestazioa jasotzeko eskubidea duten autonomoak

Nahitaez lantegia itxi behar izan duten edo diru-sarreren % 75 edo gehiago galdu duten norberaren konturako langileek eskubidea dute jarduera eteteagatik ematen den ohiz kanpoko prestazioa jasotzeko.

Prestazio hori jasotzen dutenek ez dituzte ordaindu behar gizarte-kotizazioak hura kobratzen ari diren bitartean, eta kotizatutako epe gisa zenbatuko da tarte hori.

  • Eta martxoko kuotak, zer? Prestazioa jasotzeko eskubidea izan aurretik ordainduta baldin badaude kuotak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak ofizioz itzuliko du dagokion zati proportzionala (alarma-egoera aldarrikatu zenetik, martxoaren 14tik, hil horren 11ra artekoa). Bestalde, kuota hori hilaren 31rako ordaindu ezin izan dutenei ez zaie berandu ordaintzeagatik errekargurik kobratuko jarduera normala izan zuteneko kuotan, martxoaren 1etik 13ra artekoan. Ordaintzen dutenean, egoera erregularizatuta dutela joko da, inongo errekargurik ordaindu gabe.
  • Eta apirileko kuota, zer? Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak ez du kobratuko dagokion kuota alarma-egoerak bere horretan dirauen bitartean. Aldarrikapenaren azken egunera arte (oraingoz, apirilak 12 ) iraungo du prestazioaren estaldurak; hots, apirilaren 30era arte.
  • Maiatzeko eta ekaineko kuotak, zer? Hilabete horietan, geroratu egin daiteke gizarte-kotizazioen ordainketa, eta murriztua izango da haien interesa (% 0,5, normalean baino zazpi aldiz txikiagoa). Hauek eskura dezakete geroratze hori: COVID-19ak eragindako egoerak kaltetutako autonomoek. Beraz, ezin dute eduki lehendik indarrean zegoen beste geroratzerik.

Jarduerari eusten dioten autonomoak

Jarduerari eutsi dioten eta ohiz kanpoko prestazioa eskuratu ez duten autonomoek malgutze-neurriak balia ditzakete hilabete hauetan beren egoera hobetzeko.

  • Apirileko kuotak, zer? Kuotak geroratzea eska dezakete, eta % 0,5eko interes murriztuan ordaintzea. Geroratze hori tramitatu eta kuotaren fakturazioa saihesteko, apirileko lehen hamar egun naturalak igaro aurretik egin behar dute eskaera autonomoek.
  • Apirileko, maiatzeko eta ekaineko kuotak, zer? Interesik gabeko sei hilabeteko geroratze bat onartu du Ministerioak kuota horientzat (2020ko azarora eta abendura arte, eta 2021eko urtarrilera arte). Ministro-agindu batek zehaztuko ditu geroratzearen baldintzak. Geroratze horretarako baldintzak betetzen ez dituztenek, berriz, hau eska dezakete: maiatzeko eta ekaineko kuoten geroratzea, eta % 0,5eko interesa ordaintzea.

Ezinbestean ABEEEak aurkeztu dituzten enpresak

Zer hilabetetan gauden, aldatu egiten dira Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (ABEEE) aurkezteko baldintzak betetzen dituzten enpresentzako neurriak. Kuota horiek, autonomoenak ez bezala, sortzapen-data igaro eta hilabetera ordaindu behar dira.

  • Martxoko kuotak, zer? Alarma-egoeraren aldarrikapena dela eta ezinbestean ABEEE bat ezarri behar izan duten enpresak salbuetsita daude ordaintzetik ABEEE horrek eragiten dien langileen martxoko kotizazioen zati proportzionala (apirilaren 14tik 31rako zatia).
  • Apirileko kuotak. Bere horretan iraungo du kuotak ordaintzeko salbuespenak, kontratuak etenda edo baimendutako lanaldi-murrizketa indarrean dauden bitartean. Hortik aurrera, ordainketa geroratzea eta % 0,5eko interesa ordaintzea eska dezakete.
  • Maiatzeko kuotak. Kuotak geroratzea eska dezakete, eta % 0,5eko interesa ordaintzea.

Jarduerari eutsi dioten enpresak

Ezinbestean ABEEErik aurkezten ez duten enpresek ere balia ditzakete malgutze-neurriak.

  • Apirilean ordaindu beharreko kuotak. Martxoko kuotak geroratzea eska dezakete, eta % 0,5eko interes murriztuan ordaintzea. Horren izapidea egiteko, apirileko lehen hamar egun naturalak igaro aurretik egin behar dute eskaria.
  • Maiatzean, ekainean eta uztailean ordaindu beharreko kuotak. Sei hilabeteko luzamendua eska dezakete apirileko, maiatzeko eta ekaineko kuotetarako, zeinak hurrengo hilean ordaintzen baitira, baldintzak betetzen badituzte. Bestela, hau eska dezakete: maiatzeko eta ekaineko kuoten geroratzea, eta % 0,5eko interesa ordaintzea.

Aipatutako kasu guztietan, hau da kuoten luzamendua edo geroratzea eskatzeko epea autonomoentzat zein enpresentzat: kuota hori ordaindu behar den hilaren 1etik 10era.

 

 

Azken berriak