Datorren itxiera fiskalean aurrezteko egin beharrekoak

Urtearen amaiera hurbiltzen ari diren heinean, ekitaldiaren itxiera fiskala prestatzeko unea ere iristen ari zaigu.

Urteko azken asteotan har ditzakegun erabakiek ondorio ekonomiko garrantzitsuak izan ditzakete gure enpresa- edo lanbide-jardueraren faktura fiskalaren zenbatekoari dagokionez.

Horregatik, erabaki batzuk aurreratu edo atzeratu egin beharko ditugu, izango dituzten ondorio fiskalen arabera. Ildo horretan, ekitaldi honetan izandako aldaketak eta datorrenerako aurreikusitakoak hartu beharko ditugu kontuan.

Aurreko ekitaldietako zerga oinarri negatiboak konpentsatzea

Merkataritza-sozietatea edo kooperatiba bagara, komenigarria da azken zerga-ekitaldietako galera ekonomikoak integratzeari eta konpentsatzeari buruzko zerga-araudiaren xedapenak aintzat hartzea. Aurtengoan ekitaldia mozkinekin itxiko dugula uste badugu, araudiak dio aurtengo irabaziak aurreko ekitaldietako galerekin konpentsa daitezkeela, betiere muga batzuen barruan. Gomendio bera erabiliko dugu, jarduera pertsona fisiko moduan gauzatzen badugu ere.

Bi mota daude PFEZ-ren zerga oinarrian: zerga oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga oinarria

Enpresaburu bagara (langile autonomo edo pertsona fisiko profesionala), gogoan hartu beharko dugu PFEZen zerga-oinarria bi ataletan banatuta dagoela: zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria.

Zerga-oinarri orokorraren osagaiak honako hauek dira: lanaren etekinak, kapital higiezinari dagozkionak (aurrezkiaren zerga-oinarria osatzen duten etxebizitzen alokairua salbu), eta jarduera ekonomikoen etekinak (langile autonomo edo profesional gisa dugun jarduerari dagozkionak). Zerga-oinarri orokorraren etekinei tasa orokorraren arabera ordaintzea dagokie, eta tasa horri %23tik % 49ra arteko eskala gehikorra aplikatuko zaio.

Aurrezkiaren zerga-oinarria, berriz, finantza-errentetatik datozen kapital higigarriaren etekinek osatzen dute, hala nola, bankuko kontu eta gordailuen etekinek eta akzioen, letren edo bonuen dibidenduek. Halaber, aurrezkiaren zerga-oinarrian sartzen dira kalte-ordainengatik kobratutakoa edo aseguru-kontratuen primak, etxebizitzen alokairuari dagozkion etekinak, eta ondare-elementuen eskualdatzeagatiko ondare-irabaziak eta -galerak (higiezinen salmentak, trukeak, donazioak). Oinarri horren etekinei % 20 eta % 25 arteko eskala gehikorra aplikatzen zaie.

Amortizazioak eta itxiera fiskalean aintzat hartu beharreko beste kontu batzuk

Orokorrean, komenigarria izaten da gure enpresan egindako amortizazioak berrikustea. Ildo horretan, kontabilitatean aplikatutako amortizazio-metodoak eta -portzentajeak erkatzea gomendatzen dugu, zerga-araudiaren arabera onargarriak diren egiaztatzeko edo gastu hori zerga-oinarria jaisteko erabiltzeko aukera aztertzeko.

Aldi berean, saldoak doitzeko orduan arazorik ez izateko, gastu eta diru-sarrera guztiak behar bezala justifikatuta daudela egiaztatu beharko dugu.

Era berean, kontuak doitze aldera, kontabilitate-emaitzarekin batera, zerga-irizpidea aplikatu ondoren izan daitezkeen aldeak aztertu eta berrikusi beharko ditugu. Gogoratu beharra dago kontabilitate-emaitza eta zerga-emaitza ez direla gauza bera.

Bestalde, zerga-karga arintzea ahalbidetuko duen kenkari edo murriztapenen bat aplikatzeko aukera aztertu behar da. Ildo beretik, abenduaren 31ra arte ekarpenak egin daitezke BGAE-etara, pentsio-planetara eta aurreikuspen-plan bermatuetara.

Bukatzeko, gomendio gisa, beti azpimarratzen dugunez, funtsezkoa da gure kasuan eragina izan dezaketen zerga-berritasunen inguruan egunean egotea. Garrantzitsua izango da azken zerga-aldaketen norainokoaren berri izatea eta hurrengo ekitaldirako aldaketarik aurreikusita ote dagoen jakitea.

Aurten, aurreko urteetan legez, gure PRO bezeroentzat doakoak diren hainbat mintegi antolatu ditugu gaiaren inguruan. Horietan, itxiera fiskala eta kontabilitatekoa prestatzeko orduan kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak jorratuko dira. Interneteko gure orrian mintegien gaiei, datei eta tokiei buruzko informazioa aurkituko duzu, eta izena emateko aukera ere izango duzu. Gogoratu plazak mugatuak direla eta, aforoa mugatua izanik, enpresa bakoitzeko izen-emate bat bakarrik onartuko dela Bilboko eta Donostiako saioetan.

Zure enpresari buruzko galdera pertsonalizatua egin nahi baduzu, deitu gure doako 900 100 240 telefonora edo bidali zure galdera consultas@consulting-pro.org helbide elektronikora.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....