COVID-19agatiko finantzaketa-lerro berezien berritasunak 2021erako

COVID-19agatiko finantzaketa-lerro bereziak lasaigarri ederrak izan dira enpresentzat eta autonomoentzat, egoeraren larritasuna ikusita. Izan ere, lerro horiek oxigeno-baloi bat eman diete, likideziaren bidez, berehalako gastuei eta negozioak egokitzeko inbertsio-beharrei aurre egiteko, COVID-19ak atseden eman eta, horrela, ekonomia suspertu bitartean.

Finantzaketa horiek (gehienak maileguak) abantaila hauek dituzte:

  • Onarpen-ratioa ohi baino handiagoa da, administrazio publikoek (tokikoek, nazionalek edo Europakoek) partzialki abalatzen baitituzte eragiketak, eta horrek kreditu-arriskua murrizten du.
  • Arrazoi beragatik, eragiketa gehienetan ez da abal gehigarririk eskatzen, eta horrek mailegua lortzeko aukerak hobetzen ditu.
  • Interes-tasa txikia da, erakundeek prezio-muga batzuk ezartzen baitizkiete finantza-entitateei, abal-emaile gisa esku hartzearen truke.
  • Gabealdiaren aukera barne hartzen dute, interesak bakarrik ordainduta eta mailegatutako kapitala itzultzen hasi gabe, aldi jakin batean. Horrela, denbora-tarte horretan gutxiago ordaindu beharko dute enpresek, eta horrek negozioen biziraupena erraztuko du.

Jarduketa-eremu horren adibide argiak izan dira hauek: KOIren (Kreditu Ofizialeko Institutuaren) lerroak, Europako Inbertsio Funtsarenak edo Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren lerroak, elkar bermatzeko tokiko sozietateekin (EBSekin) lankidetzan (Consulting-Pro zerbitzuan eman dizuegu dagoeneko horien berri).

Ideia bat egiteko, eta KOIren datuak bakarrik erabilita, 2020an 900.000 mailegu baino gehiago eman zaizkie 500.000 enpresa eta autonomori baino gehiagori, guztira 114.000 milioi euro baino gehiago. Ez dira enpresa handientzako lerroak bakarrik, ezta gutxiago ere: onartutako eragiketen % 70 hamar langile baino gutxiago dituzten autonomoen enpresak edo mikroETEak izan dira.

Egoerak oso konplexua izaten jarraitzen duenez, eta sektorearen, eremu geografikoaren eta abarren arabera inguruabarrak etengabe aldatzen direnez, garrantzitsua da jakitea lerro horiek 2021eko lehen hilabeteetan eskuragarri egongo direla, 2020. urtearen amaieran luzatu ondoren. Orain informazio gehiago dugu pandemiari eta horrek gure negozioan duen eraginari buruz, eta, beraz, une egokia izan daiteke negozioa finantzatzeko beharrak berriz ebaluatzeko.

Gainera, lerro horiek berrikuntza nabarmenak ekarriko dituzte, eta berdin eragin diezaiekete beste finantzaketa bat behar dutenei nahiz finantzaketa-mota hori kontratatu dutenei.

KOIren finantzaketa-lerroak

KOIren lerroetatik hasita, hauxe da azpimarratu beharreko lehen kontua: 2020ko abenduaren 1era arte bakarrik indarrean egotea aurreikusten zen, baina azkenean luzatu egin dira; beraz, 2021eko ekainaren 1era arte eskatu eta ekainaren 30era arte onartu ahal izango dira.

Hedapen horrek bi lerroei eragiten die: «KOIren likidezia-lerroa» eta «KOIren inbertsioetarako lerroa» deiturikoei. Dena den, esan beharra dago KOIren likidezia-lerroek ia agortuta dutela kupoa. Hala ere, lerroen izenek nahastu ez gaitzaten, adierazi behar da KOIren inbertsioetarako lerroak ere likidezia-beharrak finantzatzeko aukera ematen duela, KOIren likidezia-lerroak bezala: negozioaren gastu arruntak finantzatzea, hala nola hornitzaileen kostuak, hornidurak, nominak eta lokalen alokairuak. Hori bai, KOIren inbertsioetarako lerroaren bidez ezin izango dira aurreko eragiketak berritu.

2020ko azaroaren 17ko 34/2020 Errege Lege Dekretuak sartutako beste berritasun batek lerro horien bidez eragiketak kontratatu dituzten negozioei eragingo lieke, eragiketa horiek geroratzea ahalbidetzen baitute:

  • Onuradunek 3 urtera arte luza dezakete finantzaketa ordaintzeko epea, betiere luzapenaren ondorengo epea 8 urtetik gorakoa ez bada (aukera hori KOIren likidezia-lerroaren babespean egindako eragiketetarako bakarrik izango da baliagarria).
  • Era berean, lehen azaldutako gabezialdia urtebetez luzatzea eska daiteke, betiere gabealdiaren iraupen osoa 2 urtetik gorakoa ez bada (aukera hori KOIren likidezia-lerroaren eta KOIren inbertsioetarako lerroaren eragiketetarako izango litzateke).
  • Nolanahi ere, aukera hori azaroaren 17ra arte sinatutako eragiketentzat bakarrik egongo da zabalik (egun horretan argitaratu zen Errege Lege Dekretua).

Baldintza jakin batzuk bete behar dira (finantza-erakundearekin berandutze-egoeran ez egotea edo konkurtso-egoeran ez egotea…); baina, printzipioz, egingarria izan beharko luke kasu gehienetan. Bestalde, eragiketaren prezioak bere horretan geratu beharko luke… salbu eta KOIk abalaren kostua handitu behar badu (hainbat arrazoi daude horretarako, baina onuradun bakoitzeko 800.000 euroak gainditzea da ohikoena, KOIren lerroko eragiketa guztietan).

Europako Inbertsio Funtsaren lerroak

Bestalde, Europako Inbertsio Funtsak areagotu egin du autonomoak eta enpresak finantzatzeko bere apustua, eta onuradun bakoitzeko finantzaketa-mugak bikoiztu ditu bere lerro nagusietako bitan:

  • EaSI Mikrokredituak lerroaren muga 25.000 €-tik 50.000 €-ra igaro da. Lerro hori autonomoei eta mikroenpresei bideratuta dago (urtean 2.000.000 €-tik beherako fakturazioa eta 10 langile baino gutxiago dituztenei).
  • EaSI Gizarte Ekonomia lerroaren muga 500.000 €-tik 1.000.000 €-ra igaro da. Lerro hori kooperatibei, lan-sozietateei, gizarteratze-enpresei eta dagokion autonomia-erkidegoak onartutako enplegu-zentro bereziei bideratuta dago.

Finantzaketa-muga handiago horren onuradun izan daitezke finantzaketa orain eskatzen dutenak nahiz dagoeneko Europako Inbertsio Funtsaren finantzaketa dutenak.

Bestalde, eta aukera hori «urrunago» dagoela badirudi ere, egiaz, lerro batzuk nabarmentzen dira, errazago tramitatu ohi direnak; izan ere, Europako Inbertsio Funtsak finantza-erakundeen esku uzten du lerro horien kudeaketa. Horien artean dago LABORAL Kutxa, eta gainera, duela gutxi lerro horiek berritu zituen Europako Inbertsio Funtsarekin. Bi entitateek 2014tik dihardute lankidetzan, eta dagoeneko 144 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte hainbat programatara.

Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa-lerroa

Eusko Jaurlaritzak Elkargi SGR-rekin duen finantzaketa-lerroari dagokionez, definizio-maila zertxobait txikiagoa da oraindik, baina dagoeneko zenbait gauza interesgarri aipatu dira 2021erako:

  • Lerroaren kontsumoa hasieran gaitutako 1.000 milioi euroak agortzear egon arren, Eusko Jaurlaritzak beste 500 milioi eurorekin handitu du lerroa, eta, beraz, zenbait hilabetetarako funtsak izan beharko lituzke programa horrek.
  • Bestalde, eta horren inguruan oraindik akordio ofizialik ez egon arren, badirudi Eusko Jaurlaritzak dagoeneko kontratatuta dauden eragiketak geroratzeko aukera gaituko duela, KOIren kasuan azaldu denaren antzeko prozeduraren bidez.

Aukera horiekin guztiekin ez «zorabiatzeko», LABORAL Kutxako zure gestorearekin harremanetan jartzea izango da onena (bertan erabilgarri daude aipatutako finantzaketa-lerro guztiak), ohiko bulegoaren bidez, Online Bankaren bidez edo Telebanka bidez… Horrela, zure kasu zehatza aztertu, eragiketa berriaren edo geroratzearen simulazioak egin, eta aukerarik onena eskaini ahal izango dugu.

Azken berriak