Koronabirusa: lehen hiruhilekoko zergak aurkeztu eta ordaindu egin behar dira? Noiz?

EAEko eta Nafarroako ogasunen azken erabakien ondoren, honela geratu dira autonomoek eta enpresa txikiek lehenbiziko hiruhilekoko eragiketengatik dituzten betekizun fiskal nagusiak. Oro har, bertan behera utzi dira lehen bi hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak eta luzatu egin da autolikidazio ohikoenak (BEZa, lanaren PFEZa, alokairuak, jarduera ekonomikoak eta abar) aurkezteko epea, eta geroratu eta zatikatu egin da zergen ordainketa.

Halaber, atzeratu egin da Ticketbai eta Batuz (Bizkaia) martxan jartzeko data.

Gure webguneko ALBISTEAK atalean duzu horri buruzko informazio zabalagoa, han jaso baititugu neurriak, iragarri eta onartu ahala.

Bizkaia

Bertan behera utzi dira langile autonomoen lehen eta bigarren hiruhilekoetako PFEZaren ordainketa zatikatuak

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez daude behartuta ez autolikidazioa ez 2020ko lehen bi hiruhilekoetako PFEZaren ordainketa zatikatuak egitera. Zuzenean lagunduko die neurri horrek 35.000 bat zergaduni, zeinek 40 milioi euro inguruko ekarpena egiten baitiote Ogasunari konturako bi ordainketa horien bidez.

Aitorpena egiteko epeak luzatzea (BEZa, atxikipenak)

2020ko ekainaren 1era arte luzatzen dira hauek aurkezteko borondatezko epeak: autolikidazioak eta pertsona fisikoei, errentak eratxikitzen zaizkien erakundeei (hauek izan ezik: aurkezpena telematikoki egin behar dutenak eta kide guztiak pertsona juridikoak dituztenak), mikroenpresei eta enpresa txikiei dagozkien aitorpenak, baldin eta aipatutako epeak data hori baino lehen amaitzen badira.

Administrazioak egindako likidazioen borondatezko ordainketaren epea luzatzea

2020ko ekainaren 1era arte —egun hori ere barne dela— luzatzen zaie zergadun guztiei zerga-administrazioak egindako likidazioei dagozkien zerga-zorrak borondatezko aldian ordaintzeko epea, baldin eta epe hori 2020ko martxoaren 16aren eta aipatutako dataren artean amaitzen bada, kasu honetan izan ezik: arau orokorrak ematen duen epea handiagoa baldin bada. Hala baldin bada, arau orokorraren epea aplikatu behar da.

Ez zaie aplikatu behar epearen luzamendua aldizkako epemugadun-zorren likidazioei.

Zerga-ordainketa geroratzea

Autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zerga-zorrak ordaintzeko epearen ohiz kanpoko geroratze bat onartu da. Bermerik eta berandutze-interesen sortzapenik gabe geroratu daiteke zor hauen ordainketa: borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea 2020ko martxoaren 16aren eta ekainaren 1aren artean amaitzen zaiena. Zor horien ordainketa eten egingo da hiru hilabetez, borondatez ordaintzeko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita; handik aurrera, sei kuotatan ordaindu behar da. Zenbateko bera izan behar dute kuotek, eta hileko bat ordaindu behar da.

Halaber, ohiz kanpoko geroratze horretaz balia daitezke beste hauek: administrazioak likidatutako zerga-zorrak ordaintzeko borondatezko epea 2020ko martxoaren 16aren eta ekainaren 1aren artean amaitzen zaien enpresa txikiak eta mikroenpresak. Aurreko atalean aipatutako prozedura bera erabili behar da zor horiek ordaintzeko.

Indarrean dauden geroratzeak

Hilabete atzeratzen da martxoko ordainketetarako emandako geroratzeak pagatzeko epea. Hartara, Ogasunak ez ditu kobratuko epemugatutako zor horiek martxoaren 25ean, eta hilabete geroratzen da muga-eguneratutako gainerako zorren ordainketa ere. Neurri horrek ez dakar berekin berandutze-interesen sortzapenik.

Gipuzkoa

Oro har, 2020ko ekainaren 1era arte luzatzen dira epeak, Bizkaian bezala, eta kendu egiten dira bi lehen hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak.

Indarrean dauden geroratzeei eta zatikatzeei dagokienez, hilabete atzeratzen dira 2020ko martxoaren 25ean eta apirilaren 10ean muga-eguneratzen diren ordainketak; atzeratu egiten dira, halaber, hortik aurrera mugaeguneratzen direnak, halakorik balego.

Bestalde, 300.000 euroraino igotzen da berme-salbuespen bidez geroratu daitekeen zorraren zenbateko osoa (geroratze automatikoak). Hilabeteka egingo da zatikatzea, bi urtez gehienez ere. Eskatutakoaren % 20 da gutxieneko sarrera galdagarria, edo 60.000 euro, eskatutakoaren zenbateko osoa 300.000 eurotik gorakoa bada. Horrela zatikatu beharreko zenbatekoak ez du inola gainditu behar 300.000 euroko kopurua.

Araba

Arabako Ogasunak ere Gipuzkoa eta Bizkaikoaren antzeko neurriak hartu ditu COVID-19-aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko.

Besteak beste, bertan behera utzi ditu jarduera ekonomikoak dituzten PFEZaren zergadunen zatikako ordainketak.

Hau da, bertan behera geratzen dira eta, honenbestez, ez dago egin beharrik epe hauei dagozkien ordainketa zatikatuak:

  • 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoak
  • 2020ko lehen seihilekoa (nekazariak eta abeltzainak) eta
  • 2020ko lehen, bigarren eta hirugarren bihilekoak (bi hilean behin ordaintzea erabaki duten zergadunak).

Bestalde, 2020ko ekainaren 1era arte luzatzen da 2020ko lehen hiruhilekoari dagozkion hiruhilekoko autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko epea.

Bizkaian bezala, zerga-zorren ohiz kanpoko zatikatzeaz balia daitezke langile autonomo, mikroenpresa eta enpresa txiki hauek: borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea 2020ko martxoaren 14aren eta ekainaren 1aren artean amaitzen zaienak. Bermerik gabe eta berandutze-interesen sortzapenik gabe egin daiteke geroratze hori. 2020ko ekainaren 1era arte eteten da zor horien ordainketa, eta 2020ko uztailean hasiko da ordaintzeko epea, zatikatzeko eskaria egin ondoren. Sei kuotatan ordaindu behar da, eta zenbateko bera izan behar dute guztiek.

Nafarroa

EAEko ogasunek bezala, Nafarroakoak ere bertan behera utzi ditu lehen eta bigarren hiruhilekoetako PFEZaren ordainketa zatikatuak, eta zabaldu egin du epea —ekainaren 1era arte— hauek aurkezteko eta ordaintzeko: lehen hiruhilekoari dagozkion BEZaren autolikidazioak eta PFEZaren eta Sozietateen Zergaren konturako atxikipenak.

Bestalde, datorren hilaren 30era arte zabaltzen dira apirilaren 14a baino lehen kitatu gabeko zerga-zorrak ordaintzeko epeak; martxoaren 14tik aurrera jakinarazitakoenak, berriz, ekainaren 1era arte.  Halaber, hilabete atzeratzen da indarrean dauden geroratzeen mugaeguneratutako ordainketak egiteko epea.

Azkenik, geroratze berezi bat jarriko da martxan ETE-en eta autonomoen zerga-zorrak ordaintzeko, betiere 2019an sei milioi euro baino gutxiagoko fakturazio-bolumena izan zutenentzat. Aurtengo martxoaren 14aren eta ekainaren 1aren artean sortutako zorrak hartzen ditu barne geroratze horrek, zeinak zazpi hilabete iraungo baititu (lehenbiziko hiruak, gabealdian) eta ez du interesik sortuko.

Lurralde erkidea

Gainerako lurraldeetarako, Gobernuak erabaki du maiatzaren 20ra arte atzeratzea ETE-en eta autonomoen zerga-ordainketa 2019an 600.00 eurotik beherako eragiketa-bolumena izan zuten enpresei. PFEZaren, BEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren aurrerakinen hurrengo atxikipenen ordainketari eragiten dio luzamenduak.

Koronabirusari aurre egiteko 7/2020 Errege Lege Dekretuko neurri ekonomikoen artean badago zerga-ordainketaren geroratze bat ere, zeina urtean 6.010.121,04 eurotik beherako eragiketa-bolumena duten enpresek eta erakundeek balia baitezakete.

Bermerik aurkeztu gabe ordaindu daitekeen gehieneko kopurua: 30.000 euro.

  • Gehienez ere sei hilabete iraun dezake geroratzeak; lehenbiziko hirurak, gabealdian. Hau da, hurrengo hiru hilabeteetan ez dago ordaindu beharrik zergarik 30.000 euroko mugarekin.
  • Gero, gabealdiaren hiru hilabeteak igarotakoan, ordainketaren atzerapena hiru hilabeterainokoa bakarrik baldin bada, zenbateko bera ordaindu behar da, interesik gabe.
  • Atzerapena hiru eta sei hilabete artekoa bada, hobaria izango dute interesek eta, sei hilabetera, normalean ordaindu beharrekoaren erdia pagatu beharko da.
  • Zor hauen ordainketa geroratu daiteke: aitortzeko eta ordaintzeko epea 7/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu zen egunaren (2020ko martxoaren 13aren) eta 2020ko maiatzaren 30aren artean dutenena, bi egun horiek ere barne direla.
  • Eredu hauei dagozkie geroratze horretan sartzen diren kontzeptuak:
    • Konturako atxikipenak eta ordainketak: 11, 115 eta 123 ereduak.
    • PFEZaren ordainketa zatikatuak: 130 eta 131 ereduak.
    • Sozietateen gaineko Zergaren konturako ordainketak: 202 eredua.
    • BEZaren hiruhilekoko aitorpena: 303 eredua.

Azkenik, gogoratu normalean BEZaren ordainketa —interes eta guzti— atzeratu daitekeela, baina ez gainerako zergena.

Hartara, zergen ordainketa malgutzeaz gain, aurkeztu beharreko gainerako zergen ordainketa atzeratzeko aukera ere ematen du neurri horrek. Beste zenbait neurri ere hartu dira; besteak beste, ordaindu beharreko zenbatekoen doikuntza batzuk: Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregimen erraztuko hiruhilekoko kuotaren zenbatespen objektiboko metodoan ordainketa zatikatuak kalkulatzeko, ez dira zenbatuko jarduera-egun gisa, hiruhileko natural bakoitzean, hiruhileko horretan alarma-egoera indarrean egon den egun naturalak.

Bestalde, 2021eko ekitaldian zenbatespen objektiboko metodoaren arabera zehaztu dezakete beren jarduera ekonomikoaren mozkin garbia PFEZaren zergadun hauek: beren jarduera ekonomikoaren mozkin garbia zenbatespen objektiboko metodoaren arabera zehazten duten eta 2020ko ekitaldiko lehen hiruhilekoko ordainketa zatikatua aurkezteko epean hura aplikatzeari uko egiten diotenek.

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...