Nola kobratu zorrak: prozesu monitorioa

Ordaindu gabeko fakturak izatea ohikoa da autonomoentzat eta enpresentzat, eta horrek arazoak sortzen ditu beti. Alde batetik, autonomoen eta enpresen egoera ekonomikoan eragin dezakeen kalteagatik, eta, beste batetik, faktura horiek ordaintzeko eskatzeko behar den denboragatik eta sortzen diren kostuengatik.

Oro har, ahalik eta azkarren ordaintzeko eskatzen dio hartzekodunak bezeroari. Ordaintzen ez badio, eta estrategiaz aldatu aurretik, lehenik eta behin ziurtatu behar du zordunak ordaintzeari uko egiten diola eta, beraz, egoera ezin dela modu adiskidetsuan konpondu.

Berankorraren ezezkoa jaso ondoren, ez dago auzibidetan sartzea beste erremediorik. Hori da lehen arazoa hartzekodunarentzat, eta, horren ondorioz, enpresari askok uko egiten diote faktura horiek kobratzen saiatzeari, betiere, zenbatekoa handiegia ez bada. Baina, hain konplikatua izaten da auzibidera joz kobratzen saiatzea? Hau da, faktura baten ez-ordaintzea erreklamatzeko orduan, badago kostu handirik gabe, azkar eta eraginkortasunez egiteko moduren bat?

Prozedura monitorioa

Prozedura monitorioa litzateke modu hori; epaiketa azkar bat da, ez-ordaintzeetarako eraginkorra, eta —eskatu beharreko zenbatekoen arabera— ez du abokatuen edo prokuradorearen parte-hartzerik behar. Urtero, 500.000 baino gehiago egiten dira.

Eraginkorra da, prozedura monitorioa eskatzeak berekin dakarrelako epaitegiak berak faktura ordaintzeko errekerimendua egitea. Errekerituak ordaindu ezean, eta aurka egiten ez badu, epaitegiak haren ondasunak enbargatzen ditu, enkante publikoan saltzeko eta zorra ordaintzeko.

Horretarako, froga-hastapen gisa balio duen dokumentu bat behar da, prozesuari hasiera emateko. Faktura edo entrega-albarana izan daiteke, edo zorra egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

Beste abantaila bat arintasuna da; izan ere, prozesu monitorioan, asko murrizten da normalean justiziara jotzeak dakarren burokrazia. Gainera, kontuan izan behar da aurrera eramateko nahiko erraza den prozesua dela, ia formalitaterik behar ez duena. Froga-hastapena den agiria nahikoa da prozesuari hasiera emateko.

Horrenbestez, monitorioaren bidez, honako hauek ordaintzea erreklama daiteke, besteak beste: ordaindu gabeko fakturak edo ordainagiriak, ordaindu gabeko entrega-albaranak, alderdien arteko kredituak (behar bezala dokumentatuta badaude) edo jabeen erkidegoen zorrak edo gastuak.

Gainera, prozesu horretan, ez da beharrezkoa abokatu edo prokuradore batek parte hartzea, zordunak zorra ordaindu dezan erreklamatzeko. Enpresariak, bere kabuz, hasiera eman diezaioke prozedurari, abokaturik gabe, eta amaieraraino irits daiteke, betiere, erreklamatutako zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa ez bada. Hori dela eta, prozedura monitorioa baliabide merkeagoa da zorren ordainketa lortzeko, ez baita beharrezkoa aldez aurretik abokatu batengana jotzea.

Dena den, kontuan hartu behar da, demandatua aurka egonez gero, nahitaezkoa izango dela abokatu batek ondorengo deklarazio-judizioan parte hartzea, baldin eta erreklamatutako zorraren zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa bada.

Bestalde, demandatuak ez badu borondatez ordaintzen, abokatuaren eta prokuradorearen laguntza profesionala beharrezkoa izango da nahitaezko betearazpenean, zorra 2.000 eurotik gorakoa bada.

Nork eta zertarako egin dezake prozedura monitorioa?

Judizio monitorioa berankorrei zorrak kobratzeko normalean erabiltzen den aukera bat denez, beharrezkoa izango da zorra “diruzkoa, likidoa, zehatza, mugaeguneratua eta galdagarria” izatea, Legeak ezarritakoari jarraituz. Orobat, ezinbestekoa izango da hartzekodunak erreklama daitekeen eta zorra justifikatzen duen dokumenturen bat izatea, hala nola fakturak, albaranak, kontratuak edo bestelako ziurtagiriak.

Hau da, prozedura horren xedea erreklamazio ekonomikoak egitea baino ez da; hau da, dirua erreklamatzea. Hortaz, ezin da beste era bateko obligazioetara hedatu; esate baterako, ematekoak (ibilgailu bat ematea), egitekoak (obra bat amaitzea) eta ez egitekoak (jokabideren bat alde batera uztea) baztertuta daude.

Bestalde, ez du balio hasieratik epailearen adierazpena beharrezko duten kasuetarako (kontratu baten klausula jakin baten interpretazioari, kontratua ez betetzeari, higiezin batean izandako kalteei eta abarri dagokienez); horrelakoetan, dagokion deklarazio-prozesura jo beharko da (arrunta edo ahozkoa). Senideen arteko kontuak ere ez dira prozesu monitorioan sartzen.

Hortik aurrera, hornitzaileak zorra erreklamatzen duenean hasiko da prozedura monitorioa. Erreklamazio horretan, hauek adierazi behar dira: zordunaren identitatea, hornitzailearen eta zordunaren helbidea edo helbideak —edo horiek egon daitezkeen leku bat—, eta zorraren jatorria eta zenbatekoa.

Urratsak eta epeak

Hasierako eskabidea inprimaki ofizialean aurkeztu ondoren, Justizia Administrazioko Letraduak hura aztertu eta onartu egingo du. Ez onartzeko inguruabarrak daudela uste badu, horren berri emango dio epaileari, dagokion erabakia har dezan.

Prozedura monitorioaren hasierako eskaera demandatuaren helbideari edo egoitzari dagokion Dekanotzan edo Erregistro eta Banaketa Zerbitzu Erkidean aurkeztu behar da, eta hark txandaren arabera dagokion lehen auzialdiko epaitegira bidaliko du.

Behin eskaera onartuta, Bulego Judizialak zorra ordaintzeko eskatuko dio demandatuari.

Fase hori izaten da denbora gehien luzatzen dena; izan ere, funtzionario judizial batek zuzenean egin behar dio errekerimendu-eginbidea zordunari, eta funtzionario horrek eskabidean adierazitako egoitzara joan behar du, eta horren emaitza jasota utzi.

Behin aurkituta eta ordaintzeko errekerimendua jasota, zordunak hogei egun natural ditu Legean aurreikusitako jarreretako bat hartzeko.

Zer gerta daiteke demandatuari ordaintzeko errekerimendua egin ondoren?

Zordunak honako jarrera hauek har ditzake:

  • BORONDATEZ ORDAINTZEA. Kasu horretan, erreklamatutako zenbatekoa zuzenean eman diezaioke demandatzaileari, eta hark idatziz jakinaraziko dio Bulego Judizialari, espedientea amaitutzat jo dezan; bestela, zenbateko hori epaitegiaren kontsignazio-kontuan sar dezake, eta azken hori arduratuko da demandatzaileari dirua helarazteaz.
  • AURKA EGITEA. Idatziz adierazi beharko du zergatik, bere ustez, ez duen erreklamatutako zorra zor, ez osorik, ez partzialki. Erreklamatutako zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa bada, abokatuak eta prokuradoreak sinatu beharko dute idazki hori. Kasu horretan, amaiera ematen zaio prozedurari, eta epaiketa arrunt baten bidetik jarraituko da.
  • EPEA ORDAINDU GABE ETA AURKA EGIN GABE IGAROTZEN UZTEA. Kasu horretan, prozedurari amaiera emango zaio Justizia Administrazioko Letraduaren dekretu baten bidez. Dekretu horretan finkatuko da zordunaren ondasunak enbargatzeko geroagoko nahitaezko betearazpen-prozesuan erreklama daitekeen zenbatekoa, zorra ordaintzeko.

Laburbilduz

Prozedura monitorioa bide azkarra eta arina da diruzko zorrak erreklamatzeko; izan ere, zordunak aurkeztutako erreklamazioaren aurka egiten badu soilik egin beharko da ikustaldia edo agerraldia epailearen aurrean.

Hala ez bada, eta zordunak bere borondatez ordaintzen ez badu eta horretarako emandako epearen barruan aurka egiten ez badu, prozedura automatikoki amaituko da ebazpen baten bidez. Ebazpen horren bidez, demandatzaileak zuzenean jo ahal izango du nahitaezko betearazpenera; horretan, demandatuaren ondasunak enbargatu ahal izango dira, erreklamatutako zorra osorik ordaindu arte.

Prozesu monitorioaren erabilera orokortu egin da azken urteotan, eta gaur egun eremu zibilean gehien erabiltzen den prozedura da.

 

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...