2022rako berritasunak autonomoentzat eta ETE-entzat

Aurreko urteek bezala, 2022ak ere berrikuntzak ekarriko ditu (lan-erreforma, autonomo-kuotaren igoera, aldaketak pentsioetan, TicketBai Euskadin eta Batuz Bizkaian, Europako laguntzak, matrikulazio-zergaren igoera eta abar) autonomoentzat eta ETE-entzat. Artikulu honetan, aldaketarik garrantzitsuenetako batzuk azalduko dizkizugu labur-labur. Era berean, gure web-orrian horietako askori buruzko artikulu zabalagoak aurkituko dituzu.

1. Lan-erreforma

2022 urtearen hasiera markatuta geratuko da, lan-erreforma indarrean sartu delako. Araua 2021eko azken astean onartu zen, baina enpresariek aurtengo martxora arte izango dute erreformak eragindako aldaketetara egokitzeko epea; aldaketa horien artean, obra- eta zerbitzu-kontratuak desagertu egingo dira, eta aldi baterako gainerako lan-kontratuak egiteko baldintzak gogortu egingo dira, besteak beste.

Esteka honetan modu sakonagoan ezagutu ditzakezu 32/2021 Errege Lege Dekretuak, lan-erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzkoak, jasotzen dituen neurri nagusiak; izan ere, egiturazko modalitateak aldatu, malgutasun-mekanismo berriak ezarri eta hitzarmen kolektiboen aurreraeraginari eusten dio, besteak beste. Araua 2021eko abenduaren 31n sartu zen indarrean, gai batzuen kasuan salbu, horiek BOEn argitaratu eta hiru hilabetera jarriko baitira indarrean.

2. Norberaren kontura aritzen direnek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioa (Langile Autonomoen Araubide Berezia – LAAB)

2022ko autonomo-kuota

2021erako aurreikusita zeuden igoerak bertan behera geratu ziren koronabirusaren pandemiaren eta haren inpaktu ekonomikoaren ondorioz, eta lanbide arteko gutxieneko soldataren igoeraren ondorioz. Dena den, Estatuaren 2022ko Aurrekontu Orokorrek ezartzen dutenez, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko autonomo-kuotak kotizazio-oinarriaren % 30,6 izango dira (lehen % 30,3 ziren), kontingentzia profesionalen igoera (% 1,1etik % 1,3ra igoko dira) eta jardunari utzi diotenen igoera (% 0,8tik % 0,9ra) direla eta.

Bestalde, kontingentzia arruntek eta lanbide-heziketak ez dute aldaketarik izango, eta kotizazio-oinarriaren % 28,3an eta % 0,1ean mantenduko dira, hurrenez hurren.

Kotizazio-oinarriek ere gora egin dute; horrela, bada, gutxieneko kotizazio-oinarria 960,60 eurokoa izango da hilean (lehen 944,40 eurokoa zen), eta gehieneko kotizazio-oinarria, berriz, 4.139,40 eurokoa (lehen 4.070,10 eurokoa zen).

Kuotaren eta oinarriaren igoera konbinatu horren eraginez, ordaindu beharreko zenbatekoa 96 eta 225 euro bitartean igoko da urtean. Horrela, gutxieneko oinarria kotizatzen dutenek 293,94 euro ordaindu beharko dituzte hilean, eta ez 286,15 euro, 2021ean bezala.

Autonomoen kotizazioaren mugak, adinaren arabera

Langile autonomoaren adinaren arabera, kotizazio-oinarria aukeratzeko mugak daude. Hona hemen muga nagusiak:

Gutxieneko oinarria
(euro hileko)
960,60 € hilean
Gehieneko oinarria
(euro hileko)
4.139,40 € hilean
47 urte edo gutxiago dituzten autonomoentzako kotizazio-oinarria 2022ko urtarrilaren 1ean eta hortik aurrera 47 urte baino gutxiago dituzten langileek gutxieneko eta gehieneko oinarrien artean aukeratu ahal izango dute.

Era berean, oinarria finkatzeko aukera izango dute data horretan 47 urte dituzten langile autonomoek, baldin eta 2021eko abenduan hilean 2.077,80 €-ko edo gehiagoko kotizazio-oinarria izan badute edo Araubide Berezi horretan data horretatik aurrera eman badute izena.

2022ko urtarrilaren 1ean eta hortik aurrera 47 urte dituzten langile autonomoei dagokienez, beraien kotizazio-oinarria hilean 2.077,80 eurokoa baino txikiagoa izan bada, ezin izango dute kopuru hori baino zenbateko handiagorik aukeratu, salbu eta 2022ko ekainaren 30a baino lehen erabiltzen badute aukera hori. Horrela eginez gero, urte horretako uztailaren 1etik aurrera jarriko da aukeraketa indarrean.

48 urte edo gehiago dituzten autonomoentzako kotizazio-oinarria 2022ko urtarrilaren 1ean hortik aurrera 48 urte edo gehiago beteak dituzten langile autonomoek hilean 1.035,90 eta 2.113,20 euro bitarteko kotizazio-oinarria izango dute.

Egiaztatutako azken kotizazio-oinarria hilean 2.113,20 eurotik gorakoa izan bada, hilean gutxienez 960,60 euroko kotizazio-oinarria eta gehienez aurretik ordaintzen zutena izango dute, betiere gehieneko kotizazio-oinarria izanik muga.

48 urte edo gehiago dituzten autonomoentzako kotizazio-oinarria 2022ko urtarrilaren 1ean eta hortik aurrera 48 urte edo gehiago beteak dituzten langile autonomoek hilean 1.035,90 eta 2.113,20 euro bitarteko kotizazio-oinarria izango dute.

Egiaztatutako azken kotizazio-oinarria hilean 2.113,20 eurotik gorakoa izan bada, hilean gutxienez 960,60 euroko kotizazio-oinarria eta gehienez aurretik ordaintzen zutena izango dute, betiere gehieneko kotizazio-oinarria izanik muga.

48 urteko edo hortik gorako langile autonomoentzako kotizazio-oinarria, baldin eta 50 urte bete aurretik 5 urtez edo gehiagoz kotizatu badute Azken kotizazio-oinarria hilean 2.077,80 eurokoa edo txikiagoa izan bada, hilean 960,60 eta 2.113,20 euro bitarteko kotizazio-oinarria ordaindu beharko dute.

Ordaindutako azken kotizazio-oinarria hilean 2.077,80 eurotik gorakoa izan bada, hilean gutxienez 960,60 euroko kotizazio-oinarria izango dute, eta gehienez aurretik ordaintzen zutena gehi haren % 1,70, betiere gehieneko kotizazio-oinarria izanik muga.

Sozietate-bazkide diren autonomoen eta 10 langile dituzten autonomoen kuota 2022an

Sozietate-bazkide diren langile autonomoek edo aurreko ekitaldi ekonomikoan 10 langile edo gehiago enplegatu dituztenek kotizazio-oinarri handiagoa dute legez. Ondorioz, haien hileko kuota ere handiagoa da, ezinbestez.

Ildo beretik eta irizpide berari jarraikiz, sozietate-bazkide den autonomoaren kotizazioa ere igo egingo da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera. Gutxieneko oinarria 1.234,80 eurokoa izango da, eta, beraz, sozietate-bazkidea den autonomoaren gutxieneko kuota 377,85 eurokoa izango da.

Tarifa finkoa: berdin jarraitzen du oraingoz.

Aldaketarik ez dagoen bitartean (2019an tarifa finkoa 50 eurotik 60ra igo zen), 2022ko urtarrilaren 1ean gutxieneko kotizazio-oinarria aukeratu duten autonomo berriek 60 euroko kuota ordainduko dute hilean, alta eman eta lehenengo 12 hilabeteetan, eta kontingentzia arruntak nahiz kontingentzia profesionalak hartuko ditu barne.

Gogoratzekoa da 2019an tarifa finkoak berritasun handia ekarri zuela laneko kontziliazioaren alorrean. Horren arabera, emakumezko langile autonomoek urtebeteko tarifa finkoa erabili ahal izango dute amatasun-baja hartu eta hurrengo 2 urteetan, baina aurretiaz jarduera utzi gabe, orain arte eskatzen zen bezala.

2. Inoren konturako Gizarte Segurantzako kotizazioa (Gizarte Segurantzako Araubide Orokorra – GSAO)

Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) bere horretan

32/2021 Errege Lege Dekretuak luzatu egin du, behin-behinean, 2021eko Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata arautzen zuen 817/2021 Errege Dekretuaren indarraldia.

LGSaren luzapen hori (2021etik 2022ra) bere horretan mantenduko da 2022ko LGSa ezarriko duen errege-dekretua onartzen den arte, elkarrizketa sozialaren esparruan.

Hori dela eta, 2022ko urtarriletik aurrera lanbide arteko gutxieneko soldata 965 eurokoa izango da behin-behinean; hau da, 2021eko irailean 817/2021 Errege Dekretuaren bidez ezarri zen kopuru bera.

3. Erretiro-pentsioa

2022an handitzen jarraituko du erretiro-pentsioaren % 100 jasotzeko legezko gutxieneko adinak. 2022an, erretiroa hartu nahi duten autonomoek 65 urte izan beharko dituzte beteta, 37 urte eta 3 hilabete edo gehiago badituzte kotizatuta; edo, kotizazio-aldi hori izan ezean, 66 urte izan beharko dituzte beteta.

Era berean, 25 urtetan (300 hilabetetan) ezarri da prestazioa kalkulatzeko kontuan izan behar den kotizazio-aldia; hau da, autonomoak 1997tik izan dituen kotizazio-oinarri guztiak.

Oro har, hau da prestazio horren zenbatekoa kalkulatzeko metodoa: erretiroa hartu aurreko 300 hilabeteetako (25 urteetako) oinarri guztiak batu eta, gero, kopuru hori zati 350 egin behar da (pentsiodunak urtean jasoko dituen aparteko bi ordainsariak gehituta ateratzen den zenbatekoa).

Urtarrilean pentsio-erreformaren lehen zatia jarriko da indarrean, eta erreforma horrek aurretiko erretiroarekin lotutako zigor berriak hartzen ditu barne. Beraz, autonomoek kontuan izan behar dute aurreko sistemarekin baino askoz gehiago zigortuko dela legezko adina baino 22 hilabete —ia 2 urte— lehenago hartzea erretiroa. Hau da, erretiro aurreratua jasotzeko beharrezkoak diren 64 urte eta bi hilabeteak bete ondoren, hilabete batzuk gehiago itxarotea gomendatzen da, koefizienteak asko aldatzen baitira denbora gutxian.

Halaber, benetako adina ohiko adinera hurbiltzeko neurrien artean —neurri horiek pentsioen erreformarekin onartu dira—, erretiro atzeraturako pizgarriak hobetu dira.

Esteka honetan sakonago azalduko dizkizugu pentsioak kalkulatzeko sistema eta sistema horren ezaugarri nagusiak.

4. Zerga-sistema

Euskadin, zerga-sistemaren arloko aldaketarik aipagarrienak TicketBai eta Batuz sistemekin daude lotuta. Pandemiaren eta horren inpaktu ekonomikoaren ondorioz, beranduago aplikatuko dira sistema horiek, baina norbere borondatez ezartzeko aukera dute, eta horri esker zerga-arloko hainbat abantaila lortzeko.

Bizkaian, adibidez, Batuz sistema nahitaez ezartzeko epea 2024ko urtarrilaren 1era atzeratu da; bestalde, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Batuz beren borondatez ezartzea erabakitzen duten eta jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsonek beren erabakiaren berri eman diezaiokete Foru Ogasunari, abenduaren 15etik aurrera (8 epe daude horretarako, 2023ko irailera arte). Horrela, Batuz 2022. urtearen hasieratik ezartzen duten mikroenpresek, ETE-ek eta autonomoek % 15eko konpentsazioa izango dute bi urtean PFEZN edo sozietateen gaineko zergan, enpresa edo langile autonomo bakoitzak Batuz ezartzeko gastuetarako ezarritako kenkariaz gain (fakturazio-softwarea eguneratzeko edo ekipamendu informatiko edo periferikoak erosteko gastuetarako, adibidez); kenkari hori borondatezko aldian egindako kostuaren % 30ekoa izango da.

TicketBAI sistemari dagokionez, Gipuzkoan 2022ko uztailaren 1era atzeratu da hura nahitaez ezartzeko epea. Ondoren, irailaren 1ean, jarduera profesionaletan dihardutenek hasi beharko dute sistema erabiltzen, eta txikizkako merkatariek, ostalariek eta ostatuen sektoreko profesionalek, berriz, azaroaren 1ean. 2023an, eraikuntzan, higiezinen sustapenean, garraioan, aisialdi- eta kultura-zerbitzuetan, eta zerbitzu pertsonaletan dihardutenek hasi beharko dute erabiltzen, apirilaren 1ean; eta urte bereko ekainaren 1ean, fabrikazioan, handizkako merkataritzan, telekomunikazioetan eta finantzetan aritzen direnek, eta artistek eta horretara obligazioa duten gainerako subjektuek.

Azkenik, sistema ezartzeko egutegia hau izango da Araban:

Nafarroan ez da aldaketa esanguratsurik aurreikusten 2022rako, 2021ean hainbat aldaketa garrantzitsu jarri baitziren indarrean, honako hauek, adibidez: jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsi dira milioi bat eurotik behera fakturatzen dutenak, moduluen araberako zerga-sistema kendu da PFEZn, eta zuzeneko zenbatespen bereziaren sistema berria ezarri da haren ordez.

Langile autonomoentzat soilik ez izan arren, gogorarazi behar dugu Nafarroan, pentsio-plan indibidualetara egindako ekarpenengatiko gehieneko kenkariak 1.500 euroraino murriztuko direla 2022an.

Edonola ere, Nafarroan 2022rako ezarri diren zerga-arloko berritasunei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, esteka honetan, aurreikusten diren zerga-arloko berritasun esanguratsuenak ikus ditzakezu.

Oro har, 2022an igo egin dira ibilgailu berriak erosteko matrikulazio-zergaren tarteak. Igoera hori 2021erako zegoen aurreikusita, baina bertan behera geratu zen COVID-19ak eta auto berriak fabrikatzeko txipen gabeziak eragindako krisia bete-betean zegoela automobilgintzaren sektoreari kalterik ez egiteko.

Aplikatu beharreko zergaren tasa ez da berez igo, baina, tarteen mugak murriztu egin direnez, ibilgailu batzuk mailaz igoko dira —zerga ibilgailuak sortutako emisioen arabera ordaintzen da—, eta, beraz, zerga gehiago ordaindu beharko dituzte.

5. Beste aldaketa eta berritasun posible batzuk

Dagoeneko onartuta eta aurreikusita dauden erabakiez gain, badira egin litezkeen beste aldaketa eta berritasun batzuk; hauek dira nabarmentzekoak:

Autonomoen benetako diru-sarreren arabera kotizatzeko sistema

Sistema honi buruz hainbat urtez eztabaidatu ondoren, kalkulu-metodo berri bat sortuko omen dute 2022. urtea amaitu baino lehen. Gobernuak iragarri duenaren arabera, LAABeko kotizazio sozialen inguruan ikusitakoa behin-behineko neurriak izango lirateke, benetako diru-sarreren araberako kotizazio-sistema ezarri arte.

Orain arte aurreratu denaren arabera, autonomo-kuoten beste eredu bat ezarri nahi da. Eredu berri hori pixkanaka aplikatuko litzateke, 2023tik aurrera, eta autonomoen benetako diru-sarrerak izango lituzke kontuan; sistema horren erreformak 13 tarte proposatzen ditu, baina gizarte- eta enpresa-eragileekin adosteko daude oraindik. Pixkanaka, eta 2030era arte, kuoten behin betiko zenbatekoak finkatzea da asmoa; zenbateko horiek 90 eta 1.220 euro bitartekoak izango lirateke hilean, autonomoek aitortutako benetako diru-sarreren arabera.

Eskudirutan ordaintzeko mugak

2022rako aldaketarik aurreikusten ez bada ere, gogorarazi behar dugu 2021eko uztailaren 11tik aurrera ezin izango direla eskudirutan ordaindu 1.000 euroko edo hortik gorako eragiketak, edo atzerriko diruan duten kontrabalioa, alderdietako batek enpresari edo profesional gisa jarduten duen ordainketen kasuan.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak