BERRIKI SORTUTAKO ENPRESENTZAKO LAGUNTZAK (I)

Consulting-Pro zerbitzuan jasotzen ditugun kontsultarik ohikoenetako batzuk izaten dira enpresak sortzeko eta lehendabiziko urteetan enpresa berri horiek sendotzeko dauden diru-laguntzen programei buruzko galderak. Urtero bezala, autonomoentzat eta mikroenpresentzat dauden laguntzak azaltzeko mintegiak antolatu ditugula aprobetxatuta [EMAN IZENA HEMEN], laguntza garrantzitsuenen errepaso txiki bat egin dugu. Urteak martxan diharduten enpresek ere eskura ditzakete laguntza horietako batzuk.

Artikulu honetan, hasteko, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) eta Gizarte Segurantzaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak aztertuko ditugu. Beste artikulu batean osatuko dugu laguntzei buruzko informazioa, EAEko lurralde bakoitzean (Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban) eta Nafarroako Foru Komunitatean dauden berariazko laguntzen berri emanez, eta proiektu berritzaileei bideratutako berariazko laguntzekin amaituko dugu.

Nolanahi ere, horietako laguntza bakoitzari buruzko informazio zabalagoa aurkituko duzue gure webguneko DIRU LAGUNTZAK atalean, 900 100 240 telefono-zenbakira deituta, consultas@consulting-pro.org helbide elektronikora idatzita edo gurekin harremanetan jarrita, gure webguneko HARREMANETARAKO atalaren bitartez.

ESTATUKO ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA (SEPE) ETA GIZARTE SEGURANTZA

Langabezia-prestazioa kapitalizatzea

Hasteko, berez laguntza bat ez den programa bat azaltzeari ekingo diogu; izan ere, enpresa-jarduera bat abian jarri nahi duen langabe batek kobratzeko duen langabezia-prestazioa ordainketa bakar batean eskuratzeko aukeraz ari gara.

Ordainketa bakarra arautzen duen araudian egindako azken aldaketei esker, edozein enpresa mota sortzeko eska daiteke, merkataritza-sozietateak (sozietate mugatuak) barne; aldaketak egin aurretik, era horretako enpresek ez zuten horretarako aukerarik. Gainera, kasu guztietan eskura daiteke jasotzeko dagoen prestazioaren % 100, betiere egiaztatzen bada diru hori beharrezko inbertsioak egiteko (pertsona fisikoen kasuan, hau da, enpresari indibidualak badira, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak) edo sozietatearen kapitalaren ekarpenerako (sozietate mugatuak, lan-sozietateak eta kooperatiba-sozietateak) erabiliko dela. Zure prestazioa ordainketa bakarrean eskuratu beharrik ez baduzu, gainerako zenbatekoa hilero ordaintzea eska dezakezu, jardueraren garapenean Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioa diruz laguntzeko.

Hori eskatzeko, beharrezkoa da ordaindutakoaren araberako langabeziagatiko prestazioaren onuradun izatea, eta eskaera egiten den unean, gutxienez hiru hileko prestazioa kobratzeko izatea. Ondoren, ordainketa bakarra onartzen duen ebazpena ematen denetik hilabeteko gehienezko epean abiatu behar da jarduera eta, nolanahi ere, eskaera egin ondoren.

Laguntza horri buruzko informazio gehiago dago hemen.

Langabezia-prestazioaren eta norberaren konturako lanaren bateragarritasuna

Langabezia-prestazioa jasotzen baduzu eta langile autonomo gisa edo norberaren konturako langile gisa jarduera bat hasten baduzu, hilero dagokizun prestazioa eta norberaren konturako lana bateratu ahal izango dituzu, 270 egunez gehienez, edo, gutxiago bada, prestazioa jasotzeko duzun denboran, betiere bateragarritasun hori eskatzen baduzu 15 eguneko epearen barruan, norberaren konturako jarduera hasten duzun egunetik zenbatzen hasita.

Langabezia-prestazioa jasotzen ari direla lan-sozietate edo lan elkartuko kooperatiba sortu berrietan lan-bazkide moduan sartzen direnei ere aplika dakieke atal honetan adierazitakoa, betiere norberaren konturako jardueragatik dagokien Gizarte Segurantzako Erregimen Berezian sartuta badaude.

Laguntza horri buruzko informazio gehiago dago hemen.

Tarifa finkoa autonomo berrientzat

Autonomoentzako tarifa finkoa hileko ordainketa murriztua da, 2016ko hileko gutxienezko 267,03 euroko kuotaren ordez (2017ko behin betikoa onartzeke dago oraindik).

Tarifa finkoaren zenbatekoa aldatu egiten da jardueraren lehenengo hilabeteetan, eta hiru murrizketa-tarte ezartzen dira gutxieneko kotizazio-oinarriarekiko eta gutxieneko kotizazio-tasarekiko —aldi baterako ezintasuna barne—:

  • Lehenengo 6 hilabeteetan (orain, onartzeko dagoen Autonomoen Lege berrian lehenengo urte osora luzatzea planteatzen ari da [IKUSI ARTIKULU HAU: AUTONOMOEN LEGE BERRIAK EKAR DITZAKEEN ALDAKETAK]): kontigentzia arruntengatiko kuotan 50 euroko murrizketa. Kopuru hori indarrean dago 2015eko urriaren 10az geroztik; ordura arte % 80 murrizten zen kuota eta, 2015eko oinarriekin eta tasekin, 53,59 eurotan geratzen zen.
  • Zazpigarren hilabetetik hamabigarren hilabetera: % 50eko murrizketa bigarren seihilekoan, hau da, 133 euro.
  • Hamahirugarren hilabetetik hemezortzigarrenera: % 30eko murrizketa hurrengo seihilekoan, hau da, 2016ko kotizazio-oinarriekin eta tasekin, 187 euro.

Neurri horrek hainbat eskakizun eta salbuespen planteatzen ditu:

  • Ez zaie aplikatuko merkataritza-sozietate bateko administratzaileei.
  • Ez zaie aplikatuko aurrez autonomo bezala Gizarte Segurantzaren hobariren bat jaso dutenei, nahiz eta bost urte igaro diren.
  • Ez zaie aplikatuko autonomo kolaboratzaileei ere (autonomoen senitartekoentzako erregimen berezia).
  • Lan elkartuko kooperatiben kasuan, badago tarifa finkoa lortzeko aukera.

LANBIDE – EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA

Ekintzaileentzako laguntzak, enpresa-jarduera bat sendotzeko

Programa horrek diruz laguntzen die deialdiak [IKUSI 2016KO DEIALDIA] ezartzen dituen datetan beren kontura enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei, enpresaren forma juridikoa enpresa indibiduala, ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila bada.

Laguntzaren gehienezko zenbatekoa 2.500 eurokoa da onuradun bakoitzeko, baina kopuru hori handiagoa izan daiteke 25 urtez azpikoen edo emakumeen kasuan. Diru-laguntza inola ere ez da izango 6.000 eurotik gorakoa ondasun-erkidego bat edo sozietate zibil bat osatzen duten bazkide guztien artean.

Diruz lagun daitezkeen gastuak, berriz, diru-laguntza onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasi eta hurrengo sei hilabeteetan egindakoak dira; besteak beste, honako hauek:

  • Norberaren konturako langileak Langile Autonomoen Araubide Berezian edo nahitaezko mutualitate profesionaletan ordaintzen duen kotizazioari dagozkion kuotak.
  • Proiektuarekin lotutako komunikazioko eta publizitateko gastuak.
  • Webguneen eta sare sozialen diseinua eta mantentze-lanak, Interneteko marketina.
  • Aholkularitza (fiskala, lanekoa, kontabilitatekoa, juridikoa edo administratiboa, zerga-betebeharrei eta kontabilitatekoei lotutakoa eta abar).
  • Ekintzaileak egindako trebakuntza-ikastaroak, enpresa martxan jartzearekin eta funtzionamenduarekin lotutakoak.

EUSKO JAURLARITZAKO GIZARTE EKONOMIAREN ZUZENDARITZA

Gizarte-ekonomian ekiteko laguntzak

Programa horrek gizarte-ekonomiako enpresak (kooperatibak, lan-sozietateak eta abar) eratzeko diru-laguntzak ematen ditu, aurrez enpresa-jarduera zuten erakundeak gizarte-ekonomiako enpresa bilakatzen diren kasuak barne.

Laguntza horren zenbatekoa ondorengo baremoak aplikatzearen ondoriozko kopuruaren % 70 da (30.000 euroko mugarekin):

  • Mugagabe sartzen den lan-bazkide bakoitzeko, 3.000 euro. Kopuru horri 1.000 euro gehituko zaizkio Agindu arautzailean xehatuta dauden kasu bakoitzeko (adibidez, enpresako lan-bazkide gehienak emakumeak badira).
  • Emandako diru-laguntza inola ere ez da izango sozietateko lan-bazkideek harpidetutako kapital osoa baino handiagoa.

[IKUSI 2016KO DEIALDIA]

Gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak

Honako kasu hauetarako ematen dira diru-laguntza horiek:

  1. a) Kooperatiba-sozietatearen edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan langabeak sartzeko (langabezian gutxienez 3 hilabeteko antzinatasuna dutenak), lan-bazkide moduan edo iraupen mugagabeko langile moduan.
  2. b) Bazkide ez diren langileak lan-bazkide moduan sartzeko, inoren konturako lan-kontratua eta enpresan sei hilabeteko baino gehiagoko antzinatasuna badute.
  3. c) Ezgaitasuna duten pertsonak lan-bazkide moduan sartzeko.
  4. d) Nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako eta ustiategi mistoetako titularrak nekazaritzako kooperatibetan bazkide gisa sartzeko.

Laguntza hori 1.500 eta 2.500 euro artekoa da (beste 300 euro gehitu dakizkioke, bazkideak emakumeak baldin badira), baldin eta harpidetutako kapitalari eta kapital hori harpidetzeko langabezia-prestazioa kapitalizatu izanaren aukerari dagozkion eskakizun jakin batzuk betetzen badira.

[IKUSI 2016KO DEIALDIA]

EUSKO JAURLARITZAKO LANDA GARAPENEKO ZUZENDARITZA

Landa-eremuak garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak

Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu guztietan aplikatzen dira. Laguntzak eskura ditzaketen inbertsio-modalitateak, berriz, nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortzera eta garatzera bideratutakoak dira, eremu horietan enpleguari eusten edo enplegua handitzen laguntzen badute:

  • Nekazaritza-sektorearekin zerikusirik ez duten jarduerak, baina sektore hori dibertsifikatuko dutenak.
  • Mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak eratzea eta garatzea, eta autonomo moduan dauden pertsona fisikoek garatutako proiektuak, betiere inbertsioak ez badira bideratzen nekazaritzako elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera (badago era horretako proiektuetarako beste programa bat). Garapentzat jotzen da ekoizpen- edo negozio-lerro berria dakarren edozein inbertsio: laguntza horren onuradun izan daitezke enpresak eta autonomoak, betiere lan-eremuetan kokatzen edo bizi badira eta jarduera ez bada nekazaritzakoa.
  • Enpleguaren sorkuntza garbia: langabezian dauden pertsonak inoren kontura kontratatzea, edo langile autonomoak ezartzea nahiz gizarte-ekonomiako erregimen juridikoko enpresetan sartzea sustatzen duten jarduera independenteak sortzea.

Diruz lagun daitezkeen kostuen artean honako hauek daude: ondasun higiezinak eraikitzea, erostea edo birgaitzea; makinen, altzarien eta ekipo berrien eta bigarren eskukoen finantza-errentamendua; arkitekto, ingeniari eta aholkularien zerbitzu-sariak; ibilgailuak erostea eta egokitzea; informatika-programak erostea edo garatzea; berreskuratu ezin den BEZa, eta kontratazioarekin lotutako kostuak.

[IKUSI 2016KO DEIALDIA]

EUSKO JAURLARITZAKO TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA

Merkataritzako Establezimenduak Modernizatzeko (MEM) eta Turismoko Enpresak Modernizatzeko (TEM) laguntzak

Sail horrek merkataritzako establezimenduak eta turismoko enpresak modernizatzen laguntzeko programak ditu. Lehendabiziko kasuan, enpresek gutxienez urtebeteko antzinatasuna izatea eskatzen da, eta haiei merkataritza-lokala eraberritzeko eta ekipatzeko egiten dituzten inbertsioen % 15 eta % 25 arteko diru-laguntzak ematen zaizkie.

[IKUSI MERKATARITZAKO ESTABLEZIMENDUAK MODERNIZATZEKO (MEM) PROGRAMAREN 2016KO DEIALDIA]

Bigarren laguntza-programak honako helburu hauek ditu: turismoko enpresak (turismo-ostatuko enpresak, jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko beste establezimendu batzuk, bidaia-agentziak, turismo-garraioko enpresak, turismo aktiboko enpresak, kongresuak antolatzera bideratutako enpresa profesionalak, turismo-gidarien enpresak) hobetzea, kalitatezko turismo-eskaintza lehiakorragoa garatzen laguntzeko; Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ezarpena bultzatzea, bezeroekiko harremana eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko; turismoko enpresa, zerbitzu eta produktu berriak sortzen eta ezartzen laguntzea, merkatuan berritzaileak direnak edota hainbat enpresaren arteko lankidetzaren eta ekimenaren ondorioz sortzen direnak.

Diruz lagun daitezkeen inbertsioen % 20tik gorakoak dira laguntzak; kasu batzuetan, enpresak hiru urteko antzinatasuna izatea eskatzen da (adibidez, ostalaritzako lokalak eraberritzeko).

[IKUSI TURISMO ENPRESAK MODERNIZATZEKO (TEM) PROGRAMAREN 2016KO DEIALDIA]

Hurrengo artikulu batean helduko diogu Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako berariazko laguntzen gaiari.

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....