BERME ERREGIMENA ENPRESEN ARTEKO ONDASUNEN SALMENTAN

LABORAL KUTXAko bezeroek doako Consulting PRO aholkularitza-zerbitzuaren bitartez  maiz egiten diguten kontsulta batek lotura zuzena du enpresek beren antolamendu-egiturara edo ekoizpen-prozesura txertatzeko bereganatzen dituzten ondasunen bermeekin. Dakizuen moduan, webgune honen bitartez erabil dezakezue zerbitzu hori.

Honako kontsulta hau egin ohi da: nire enpresarako makina edo erreminta bat erosten dudanean, zer berme du ondasunak, akatsen bat izanez gero edo produktuarekin ados ez egonez gero?

Artikulu labur honetan, galdera hori argitzen saiatuko gara.

Ondasuna bereganatzen duena azken kontsumitzailea bada, aplikatu beharreko bermea kontsumo-ondasunen salmentako bermeei buruzko 23/2003 Legean adierazitakoa izango da, eta bertan bi urteko gutxieneko legezko bermea ezartzen da ondasun berrien kasuan.

Kasu horretan, saltzaileak produktuak sortutako desadostasunei erantzun beharko die, hura entregatu eta bi urteko epean. Bigarren eskuko ondasunen kasuan, saltzaileak eta kontsumitzaileak epe txikiago bat adostu ahal izango dute lege beraren arabera, eta epe hori ez da urtebetetik beherakoa izango.

Baina zer gertatzen da bermearekin, ondasuna bereganatzen duena autonomoa edo sozietatea denean? Kasu horietan posible al da kontsumitzaileez hitz egitea eta kontsumo-ondasunen salmentako bermeei buruzko legea aplikatzea?

Galdera horri erantzuteko, kontsumitzaile hitzarekin zer ulertzen den zehaztu behar dugu.

Kontsumitzailearen kontzeptua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako lege orokorraren testu bategina onartzen duen azaroaren 16ko 1/2007 Errege Dekretuko 3. artikuluan aurki dezakegu; haren arabera, honako hauek dira kontsumitzaileak edo erabiltzaileak: “beren merkataritza-, enpresa- edo lanbide-jarduerekin loturarik ez duen helburuarekin jarduten duten pertsona fisikoak. Legearen ondorioetarako, kontsumitzaile izango dira, halaber, merkataritza- edo enpresa-jarduera batetik kanpo irabazi-asmorik gabe jarduten duten nortasun juridikorik gabeko erakundeak eta pertsona juridikoak”.

Horrenbestez, eta transkribatutako kontsumitzailearen legezko definizioaren arabera, ondasun baten erosleak kontsumitzaileak babesten dituen lege-bermea izateko eskubidea duen ala ez zehazteko orduan, garrantzitsuena ez da ondasunaren eroslea pertsona fisikoa edo pertsona juridikoa den, eroslea erositako produktuaren edo ondasunaren azken kontsumitzailea izango den ala ez jakitea baizik.

Hori guztia kontuan hartuta, enpresa batek ondasun bat azken hartzaile gisa bereganatzen duenean eta ondasun hori haren ekoizpen-prozesura txertatzen ez denean, bi urteko berme-epea ezarriko da.

Bestalde, ondasunak edo zerbitzuak ekoizpen-, eraldatze- edo merkaturatze-prozesuetara atxikitzeko edo hirugarren bati lagatzeko helburuarekin bereganatzen direnean, hura ez da kontsumitzaile gisa hartuko, eta ondasunak edo produktuak izan ditzakeen akatsengatiko berme-erregimenak Kode Zibileko xedapenak beteko ditu, 1.484. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusten direnak.

Laburbilduz, eta azken kasu horretan, ondasunaren erosleak kontratuari uko egitea erabaki ahal izango du, eta ordaindu dituen gastuak berreskuratuko ditu; bestela, prezioaren beherapen proportzionala eskatu ahal izango dio saltzaileari, perituaren iritziaren arabera. Gainera, ondasunaren saltzaileak fede txarrez jarduten badu, saldutako gauzaren ezkutuko akatsak edo gabeziak ezagutzen dituelako, sortutako kalte-galerak ordaindu beharko dizkio, erosleak kontratua bertan behera uztea erabakitzen badu. Kode Zibilaren 1.490. artikuluaren arabera, ekintza horiek gauzatzeko epea sei hilabetekoa izango da, saldutako gauza ematen den egunetik zenbatzen hasita.

Azken berriak