BEHAR BEZALA EGITEN AL DITUZU FAKTURAK?

Merkataritzako agiriak dira fakturak, eta ondasunen edo zerbitzuen erosketa edo transakzioei buruzko informazioa jasotzen dute.

Nola egin behar diren fakturak? Lehenik eta behin, komeni da jakitea araudi hau aplikatu behar dela:

  • Foru Ogasun edo Zerga Agentzia bakoitzaren Fakturazio Erregelamendua, horren arabera jaulki behar baitituzte autonomoek eta ETEek lanei edo merkaturatutako produktuei dagozkien fakturak. Bestalde, gorde egin behar dira faktura horien kopiak.

Zer informazio izan behar dute fakturek?

Datu hauek guztiak izan behar ditu faktura bakoitzak:

Faktura-zenbakia eta, dagokionean, serie-zenbakia. Korrelatiboak izan behar dute faktura-serie bakoitzeko zenbakiek. Kasu hauetan, serie bereiziak egin daitezke: establezimendu bat baino gehiago edukiz gero eta izaera desberdineko eragiketak edo faktura zuzentzaileak eginez gero.

Faktura jaulki den data.

Esku-hartzaileen identifikazioa: izen-abizenak, sozietate-izen osoa, bai faktura egin behar duenarena bai eragiketen hartzailearena.

Faktura-jaulkitzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia.

Egoitza, bai faktura egin behar duenarena bai eragiketen hartzailearena.

Eragiketen deskribapena: idatziz eman behar dira zerga-oinarria zehazteko behar diren datu guztiak (prezioa, kopurua eta produktua edo zerbitzua).

BEZaren eta, bidezkoa bada, baliokidetasun-errekarguaren zerga-tasa, bai eta PFEZren atxikipen-ehunekoa, dagokionean (profesionalei, adibidez).

Zerga-kuota jasanaraztea badagokio, bereiz idatzi behar da.

Guztira ordaindu beharreko zenbatekoa.

Dokumentatzen diren eragiketak egin diren data edo, dagokionean, aldez aurreko ordainketa jaso den data, betiere faktura jaulkitzeko datarekin bat ez badator.

Noiz jaulki behar dira fakturak?

Fakturak egiteko betebeharra dela eta, zenbait alderdi izan behar dira kontuan.

  • Oro har, hartzailea enpresa edo profesional bat baldin bada eta halako gisa jarduten denean, egin egin behar da.

Bezeroak faktura eskatzen badu ere, egin egin behar da.

Beste kasu batzuetan, berriz, ez dago fakturarik egin beharrik. Partikularrekin egiten diren eragiketei dagozkie batez ere salbuespen horiek:

  • BEZetik salbuetsitako eragiketei.
  • Baliokidetasun-errekarguko erregimen berezian diharduten enpresariek edo profesionalek egindakoei.
  • BEZaren erregimen erraztuan diharduten enpresariek edo profesionalek egindakoei, salbu eta sortutako kuoten zehaztapena sarrera-bolumenaren arabera egiten bada.
  • Nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako erregimen berezian diharduten enpresariek edo profesionalek egindakoei.

Zein da fakturak bidaltzeko epea?

Eragiketa egiten den unean bidali behar dira fakturak edo haien ordezko agiriak.

Dena dela, hartzailea enpresa edo profesionala bada eta halako gisa jarduten badu, hilabete igaro baino lehen jaulki behar dira, une horretatik zenbatzen hasita.

  • Nolanahi dela ere, hurrengo hilaren 16a baino lehen igorri behar dira fakturak edo haien ordezko agiriak.
  • Eragiketa horri dagokion zergaren sortzapen-datan.

Zer da faktura sinplifikatua eta noiz jaulki daiteke?

Faktura-mota horrek, arruntak ez bezala:

  • Ez du jasotzen hartzailearen daturik, hark eskatu ezean gastua eta BEZa deduzitzeko.
  • BEZaren zenbatekoa ez du banakatuta adierazten, ehunekoa baizik, “BEZa barne” esaldia alboan duela.

Egungo fakturazio-erregelamendua indarrean sartu zenetik:

  • Tiketaren ordez faktura sinplifikatua hasi zen erabiltzen. Ordura arte, 3.000 eurorainoko eragiketetan (BEZa barne) erabiltzen zen tiketa, txikizkako salmentan, ostalaritzan eta pertsonen garraioan (taxiak), besteak beste.

Kasu hauetan jaulki daiteke faktura sinplifikatua, jaulkitzaileak erabakitzen badu:

  • Fakturatu beharreko lanaren zenbatekoa 400 eurora iristen ez bada, BEZa barne dela.
  • Faktura zuzentzaile bat egin behar baldin bada.
  • Fakturaren zenbatekoa 3.000 eurora iristen ez bada, BEZa barne dela, zenbait jardueratan:
  • Txikizkako salmentetan, barne direla entregatutako produktuen fabrikatzaileek edo ekoizleek eginak.
  • Kontsumitzailearen etxean bertan egiten diren salmentetan edo ematen diren zerbitzuetan.
  • Pertsonen eta haien ekipajeen garraioan.
  • Jatetxeek, tabernek, kafetegiek, hortxata-dendek, txokolategiek eta antzeko establezimenduek ematen dituzten zerbitzuetan eta berehala kontsumitzeko edari edo janarien horniduran.
  • Dantzalekuek eta diskotekek ematen dituzten zerbitzuetan.
  • Apaindegi eta ile-apaindegietako zerbitzuetan.
  • Kirol-instalazioen erabileran.
  • Tindategi eta garbitegietako zerbitzuetan.

Beste faktura-mota batzuk: faktura zuzentzailea eta faktura laburbildua

Lehendik egindako faktura bat zuzendu behar denean erabiltzen da faktura zuzentzailea.

  • Zergatik egin behar den jakin bezain pronto jaulki behar da, betiere ez badira igaro lau urte baino gehiago zuzendu beharreko faktura jaulki zenetik.
  • Faktura laburbilduak, berriz, aukera ematen du faktura bakar batean biltzeko hartzaile berarentzako diren eta data desberdinak dituzten zenbait eragiketa, betiere hilabete natural berekoak badira.
  • Eragiketaren hartzailea enpresa edo profesionala bada eta halako gisa jarduten badu, eragiketak egin diren hilaren hurrengo hilaren 16a baino lehen jaulki behar da faktura.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...