Bateragarria al da langile autonomoa izatea eta aldi berean soldatako langilea?

Azken aldian, langile autonomo batzuk hasi dira aztertzen aldi berean besteren kontura lan egiteko aukera, beren enpresa-jarduerak edo lan profesionalak ematen dizkien diru-sarrerak osatze aldera.

Printzipioz ez dago inongo eragozpenik autonomo gisa dugun jarduera eta soldatapean lan egitea bateratzeko. Egoera horri “jarduera-aniztasuna” esaten zaio lan arloan.

Bateraezintasunen bat egon liteke Langileen Estatutuko 21. artikuluan arautzen diren kasuetan —lehiarik onartzen ez den edo lehia desleiala ematen den kasuetan, jarduera edo produkzio-adar bereko lanak egiteko asmoa dagoenean enplegatzailearen baimenik gabe, betiere horrek kaltea eragiten badio—, baita lan-kontratuan langilearen arduraldia esklusiboa izango dela dioen klausula adostu den kasuan ere. Era berean, sozietate-administratzaileek debekatuta dute sozietatearen negozio berean norbere edo besteren kontura aritzea, sozietateko bazkideek berariaz baimena ematen ez badiete.

“Jarduera-aniztasunaren” ondorioz, langile horrek aldi berean kotizatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) edo erregimen horretako beste sistema batean.

“Jarduera-aniztasuneko” kasuetan aplikagarriak diren kotizazioak:

Ekintzaileei eta horien nazioartekotzeari laguntzeko 14/2013 Legeak (2013ko irailaren 28ko BOE) arautzen du gai hori. Gizarte-segurantzako kuotetan, jarduera-aniztasun egoeran diren autonomo berrientzako hobari garrantzitsuak jasotzen ditu, LAABen alta berriak sustatu eta aldi berean ekintzailetza bultzatzeko xedearekin.

Hobarion bidez kotizazio-oinarriak murrizten dira.

Ekitaldi honetan, jarduera-aniztasuneko egoeran diren autonomoei honela murriztu diezaiekete kotizazio-oinarria:

Alta eman eta hurrengo hemezortzi hilabeteetan: gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50 gehienez; beraz, egoera horretan diren autonomoek 446,62 euroko oinarria izan dezakete. Horrenbestez, benetan, autonomoen hileko kuota 133,52 €-koa izango da, gutxi gorabehera.

Alta eman ondorengo bigarren hemezortzi hilabeteko aldian: gutxieneko oinarriaren % 75 gehienez; hortaz, oinarria 669,93 eurotan geldituko da, hau da, autonomoen hileko kuota 200,28 €-koa izango da.

“Jarduera-aniztasuna” lanaldi partzialekoa bada, hobariak % 75era eta % 85era murriztuko dira hurrenez hurren, gutxieneko oinarria 751,80 eurokoa izanik.

“Jarduera-aniztasunagatiko” hobariak Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta ematean eskatu behar dira.

Bukatzeko, gogoratu hobari hori bateraezina dela enplegu autonomoa sustatzeko neurri modura abian jarritako beste edozein hobarirekin edo murrizketarekin. Autonomo berrientzako 50 euroko tarifa finkoarekin, esaterako. Egoera horretan, autonomoak bi hobarietako bat aukeratu beharko du.

Informazio gehiago, artikulu honetan: ARDUERA-ANIZTASUNA: NOLA KOTIZATZEN DEN ETA ZEIN LAGUNTZATARAKO ESKUBIDEA EMATEN DUEN ALDI BEREAN LANGILE AUTONOMOA ETA BESTEREN KONTURAKO LANGILE KONTRATUDUNA IZATEAK

Azken berriak