Autonomoentzako pentsio-plan kolektiboak: zer dira?

Egun gutxi falta dira urtea amaitzeko eta, beraz, faktura fiskala murrizteko neurriak hartzeko, pentsio-planetan eta BGAE-etan ekarpenak eginez, adibidez. Ildo horretan, pentsio-plan kolektiboen aurreproiektua onartu da, eta, lege-testuaren arabera, langile autonomoek eta enpresa txiki eta ertainetakoek ere aukera izango dute enplegu-plan kolektibo horiekin bat egiteko. Baina, zer dira plan horiek?

Begiratu batean:
Pentsio-planen eta BGAE-en gehieneko ekarpen eta kenketen sistemak zenbateko handiagoak onartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan Estatuko gainerako lurraldeetan baino (ikusi hemen mugak); baina, azken urteetan, zenbateko horiek txikituz joan dira. Beraz, aurrezki-tresna horren bidez urteko errenta-zergan gutxiago ordaintzeko aukerak ere murriztu egin dira.
Hala, Euskadin 5.000 euroko zenbatekoari eutsi bazaio ere, Espainiako Gobernuak 8.000 eurotik 2.000ra jaitsi zuen iaz 2021ean pentsio-plan indibidualetara egindako ekarpenengatiko gehieneko kenkaria, eta 2022rako are gehiago murriztuko du ekarpenen muga. Hain zuzen ere, datorren urtarriletik aurrera, gehienez 1.500 euro sartu ahal izango dira pentsio-planean (Euskal Autonomia Erkidegoko zergadunek izan ezik).
Gogoratu beharra dago Madrilen proposatutako aldaketak Nafarroan ere izango duela eragina, erkidegoak autonomia fiskala eduki arren; izan ere, pentsio-planak arautzen dituen finantza-araudia nahitaez bete beharrekoa da lurralde osoan.
Aldi berean, enpleguko pentsio-planak sustatzen ari dira, hau da, enpresek euren langileentzat sortzen dituztenak: 2022rako 500 euro igoko da horrelako planetan inbertitu daitekeen gehieneko zenbatekoa, eta 8.500 eurokoa izango da (Euskadin, oraingoz, 8.000 eurokoa da).
Gainera, planetara egiten dituzten ekarpenen kontura desgrabatzeko aukera ere izango dute langileek, betiere eurek egindako inbertsio horiek enpresak gauzatutakoen parekoak edo txikiagoak baldin badira.
Aldaketak direla eta, asko mugatu da ohiko pentsio-plan indibidualak zerga gutxiago ordaintzeko erabiltzen zituztenen marjina.
Izan ere, 2021ean gehienez 2.000 euroko kenkaria izango dute zergadunek pentsio-planaren kontura (eta, datorren urtean, txikiagoa izango da zenbatekoa; 2014an, 12.500 euroraino ken zitezkeen). Enplegu-plana duten enpresetako langileen kasuan, gehienez 8.000 euro gehiago desgrabatu ahal izango dituzte enpresak haiengan egindako inbertsioaren kontura. Baina, langile autonomoek zer aukera dituzte?

Artikulu honetan azalduko dizugu, eta, era berean, pentsio-plan horien eta ohiko pentsio-plan indibidualen arteko aldeak ikusiko ditugu.

Pentsio-plan kolektiboak edo enplegukoak

Enpleguko pentsio-plana (EPPa) erretirora bideratutako aurrezteko finantza-produktu bat da. Enpresa da planaren sustatzailea, eta langileen eskura jartzen du.

Zergen ikuspegitik, pentsio-plan indibidualen funtzionamendu bera dute. Egindako ekarpenak kengarriak dira PFEZren zerga-oinarrian, errenta-aitorpenean. Baina urteko ekarpena gehienez 8.000 eurokoa izan daiteke, 8.500 eurokoa Aurrekontu Orokor berriekin. Trukean, plana erreskatatzeko unean (erretiroaren ondoren egiten da), titularrak lan-errenta gisa ordainduko du dagokion zerga.

Enpleguko pentsio-planak plan pribatuak dira, eta enpresek sustatzen dituzte pentsio publikoaren osagarri izan daitezen (gaur-gaurkoz, enpresa handiak dira sustatzaile nagusiak: bankuak, argindar-enpresak, telekomunikazioetakoak, aseguruetakoak… baina baita udalak eta beste administrazio publiko batzuk ere).

Baterako sustapeneko enpleguko pentsio-planak

Enpresa batek baino gehiagok batera sustatzen dituzten enpleguko pentsio-planak dira. Enpresa txiki eta ertainak elkartu ohi dira horretarako, bakoitzak bere enplegu-plana (aipatutako enpresa handiek eskaintzen dutena) sustatzeko aukerarik ez dutelako, baina batera abantaila berberak lortzen dituztelako.

Autonomoek enpleguko pentsio-planak eskuratzeko dituzten mugak

Norberaren konturako langileek ere enpleguko pentsio-plana izan dezaketela pentsa liteke, beren enpresa baitute, baina autonomo guztiek ez dute aukera hori: beren kargupean langileak dituztenek eta sozietate-bazkide diren nominadunek bakarrik egin dezakete. Hala, lehenengoek, langileentzako enplegu-plana sor dezakete, eta beraiek ere partaide izan, eta bigarrenak, lan-harremana badute administratzen duten enpresarekin, bertako enplegu-planaren partaide izan daitezke.

Oraingoz, legearen arabera, gainerako autonomoek ez dute aukerarik enpleguko pentsio-planetara ekarpenik egiteko:

  • Langilerik ez duten autonomoek: beren kargupean langilerik ez duten profesional autonomo independenteek.
  • Sozietate-bazkide diren nominarik gabeko autonomoek: administratzen duten enpresarekiko lan-harremanik ez duten sozietate-bazkide diren autonomoek.
Hortaz, enpleguko pentsio-plan batera ekarpenik egin ezin duten autonomoek pentsio-plan indibidualetarako ekarpenentzat ezarritako gehieneko kenkaria bakarrik lor dezakete, hau da, datorren urtean 1,500 euro gehienez (Euskadin apur bat gehiago); enpresako planetara egindako ekarpenek, berriz, 10.000 eurorainoko kenkaria izan dezakete. Beraz, autonomo horientzat, errentaren gaineko zergan desgrabatzeko neurri hori ez da lehen bezain eraginkorra.

 Enplegu-planetako ekarpenak eta kenketak. Plan indibidualekin alderatuta dituzten abantailak

Enpleguko pentsio-planek langileen eta enpresen ekarpenak bateratzen dituzte. Horixe da plan indibidualekiko duten diferentzietako bat eta abantaila nagusietako bat; izan ere, ekarpen handiagoak egin daitezke eta, beraz, PFEZren zerga-faktura murriztu daiteke.

Hala, inbertitzen duen dirua langilearentzat kengarria izango da errenta-aitorpenean, plan indibidualetan gertatzen denez. Gainera, enpresaren ekarpenak soldataren osagarri gehigarria izango dira.

Eta, enpresarentzat, langileen alde egiten dituen ekarpenak gastu kengarria izango dira sozietate-zergan. Iragan urteetan kenkari gehigarria ere egon da zerga horren kuotan.

2022ko Estatuaren Aurrekontu Orokorren arabera, enpresako pentsio-planera gehienez 8.500 euroko ekarpena egin ahal izango da urtean (8.000 eurokoa Euskadin), langilearen eta enpresaren ekarpenak kontuan hartuta. Arau berriarekin, Gobernuak aukera emango du 8.500 euroko gehieneko ekarpena enpresak eta langileak batera egiteko, erdibana betiere (bakoitzak 4.250 euro).

Horrenbestez, bi eratako pentsio-planetara egin ahal izango dira ekarpenak aldi berean, enplegu-planera eta pentsio-plan indibidualera (bigarren horretan 2.000 eurotik 1.500 eurora jaitsiko da gehieneko muga, Euskadin izan ezik). Modu horretan, bi planetara guztira egindako ekarpena urteko 10.000 eurokoa izango da gehienez.

Horrenbestez, bi inbertsio-baliabideen partaideak, gehieneko ekarpena eginda, 10.000 euro desgrabatu ahal izango ditu asko jota datorren urtean (12.000 eurokoa Euskadin).

Gobernuaren proposamena

Azaroaren 23an, asteartez, enpleguko pentsio-planak bultzatzeko lege-aurreproiektua onartu du Ministro Kontseiluak. Horrela, plan kolektiboak eskuragarri jarri nahi zaizkie errenta ertaina eta apala duten langileei, enpresa txiki eta ertainei eta langile autonomoei.

Arauak sustapen publikoko enplegu-funtsak sortzea aurreikusten du. Funts horien bidez, era guztietako langileek —bai soldatakoek, bai norberaren konturako langileek— aukera izango dute plan horietara atxikitzeko. Gestore pribatuek gestionatuko dituzte funtsok, eta pentsio-plan indibidualetan baino komisio txikiagoak kobratu beharko dituzte. 2022aren erdialderako jarri nahi dute indarrean funtsa.

Estatuak sustatutako funtsez gain, Gobernuak plan erraztuak sortzea ahalbidetuko du, eta horietan sektoreko hitzarmen kolektiboak izango dira tresna nagusia. Horrela, bada, sektoreko negoziazio kolektiboak (autonomoen elkarteak, lanbide-elkargoak eta abar) izango dira adostutako enplegu-plana sektoreko enpresa guztietara zabal daitekeela erabakiko dutenak.

Neurriarekin batera, zerga-pizgarrietan aldaketa jarriko da indarrean, zerga-onura partaideentzat izan dadin. Halatan, Gobernuak enplegu-planak babestuko ditu, pentsio-plan indibidualen aldean, azken horien erakargarritasun fiskala asko murriztuta: 2020an 8.000 euroko kenketa egin zitekeen urtean PFEZ zergan, 2021ean 2.000 euro izango dira, eta 2022an 1.500 euro (Euskadin izan ezik).

Nolanahi ere, Gobernuak iragarritakoaren arabera, autonomoek egin dezaketen kenketa gehienez 5.750 eurokoa izango da 2022an: pentsio-plan indibidualetara egin daitekeen gehieneko 1.500 euroko ekarpena gehi beste 4.250 euro (enpresaren eta langilearen arteko enpresako pentsio-planaren kontura gehienez eskura daitekeen 8.500 euroko kenkariaren erdia).

 Informazio gehiago

Azken berriak