AUTONOMOENTZAKO ETA ETE-ENTZAKO NEURRIAK KORONABIRUSA DELA ETA

Oso egoera zailak ari da eragiten koronabirusaren epidemia egunotan gizarte osoari. Jakina, osasuna ari da jasaten arriskurik handienak, baina ekonomiarentzat ere oso kaltegarria ari da izaten izurritea. Zehazki, autonomoak eta enpresa txikiak dira kaltetuenak, haietako askok negozioak itxi egin behar izan baitituzte aldi baterako.

Egoera ikusirik, erakunde batzuek zein besteek berehala iragarri dituzte laguntzak.

Horregatik, neurri nagusien laburpen bat eskaintzen dizu newspaper monografiko honek, lan-alorrekoetan arreta berezia jarrita. Nolanahi dela ere, gerta daiteke aldaketak edo ñabardurak egin behar izatea neurri horietan, edo beste batzuk agertzea enpresek hala eskatu ahala (negozio-lokalen alokairuei buruzko neurriak, adingabeak edo adineko jendea zaindu behar duten autonomoentzako laguntzak eta abar). Laburbilduz, hauek dira aipagarrienak. Horietako batzuk gainerako artikuluetan eta gure webgunean garatu ditugu.

Langile hauentzat dira neurri horiek: beren kontura lan egiten duten eta alarma-dekretuagatik jarduera eten behar izan dutenentzat, edo hil honetako fakturazioa aurreko seihilekoan izandako batezbestekoa baino % 75 txikiagoa izan dutenentzat. Neurri horren bitartez, langabezia-prestazioa eskuratzen du langileak, eta autonomo-kuota ordaintzetik salbuetsita geratzen da.

Hor ditugu aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak ere (ABEEEak), zeinen bitartez langileen kontratuak eten edo haien lanaldia murritz daitekeen, egoera jakin batzuetan. Bizkortu egin da neurri horien izapidetzea, eta hobetu egin dira prestazioak, batez ere ezinbesteko kasuetan (egungo alarma-egoera, esate baterako). Neurri horri esker, Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzetik salbuetsita daude enpresak kontratu-etenaldiak edo lanaldi-murrizketak irauten duen bitartean; langileek, berriz, eskubidea dute orain baino baldintza hobeagoetan jasotzeko langabezia-prestazioa.

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio gaur Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak sortutako eta enpresaburu indibidualei eta autonomoei zuzendutako ezohiko laguntzen programa berri bati. Laguntza-ildo horren bidez, Gizarte Segurantzarako kotizazioen gastuetarako eta alokairu-errentetarako diru-laguntzak emango dira.

  • Autonomoen eta enpresen zerga-zorren ordainketa atzeratzeko neurriak

Zenbait neurri hartu dituzte EAEko foru-aldundiek eta Nafarroako Gobernuak zerga-betekizunak direla eta; besteak beste, bertan behera utzi dute apirilean eta uztailean egin behar izaten diren lehen bi hiruhilekoetako konturako ordainketak egiteko betekizuna, zenbait zerga ordaintzeko epea ekainaren 1era arte luzatu, eta ordainketak zatikatzeko edo atzeratzeko aukera eskaini. Dena dela, kasu horretan administrazio guztiek ez dituzte neurri berak hartzen; beraz, adi egon behar dugu, ea hurrengo egunotan zer erabaki hartzen diren.

Puntu horretan, azpimarratzekoa da dagoeneko Eusko Jaurlaritzak aurrekontuan sartu duen 500 milioi euroko partida, zeinak Elkargi SGRk eta finantza-erakundeek (Laboral Kutxa tartean dela) kudeatuko duten finantziazio-lerro bat eratuko baitu.

Hau du helburu “COVID-19 mailegua” deritzon finantziazio horrek: enpresen datozen sei hilabeteetako gastu finkoak estaltzea (langileak, zergak, kanpo-zerbitzuak, amortizazioak eta finantza-gastuak). Horretarako, baldintza bereziak dituen mailegu bat eskainiko da (Euriborra + % 0, bost urte arterainoko epea eta urtebeteko hautazko gabealdia). Nolanahi dela ere, eskari-kopuru handia espero denez, hau gomendatzen dizugu, izapideak bizkortu eta epeak laburtzeko: harremanetan jartzeko Laboral Kutxako zure bulegoko kudeatzailearekin, behar den dokumentazioa prestatzen has dadin.

Nafarroako Gobernuak, berriz, kreditu- eta abal-lerro berezi bat ezarri du, koronabirusaren krisiak eragiten dituen ohiz kanpoko gastuei aurre egiteko.

Espainiako Gobernuak ere hartu ditu zenbait neurri; horietako batzuk, turismoaren sektorerako berariazkoak, jada martxan daudenak; beste batzuk, aldiz, orokorragoak (adibidez, abal-lerro zabalago bat enpresentzat eta autonomoentzat, oraindik ere produktu zehatzik plazaratu ez bada ere).

Beraz, zenbait gauza zehazteke daude oraindik, eta egoeraren ziurgabetasuna ikusirik, ez litzateke harritzekoa laster neurri berriak ezartzea edo lehendik hartutakoak doitzea edo handitzea. Horregatik, hau proposatzen dizuegu: sartu Consulting Pro-ren blogean, begiratu gure Linkedin ataria, edo bidali zuen kasuari buruz dituzuen kontsultak. Laboral Kutxako bezeroentzat dohainik da zerbitzua, eta bereziki interesgarria egungo ziurgabetasun ekonomikoko egoera honetan.

  • Urrutiko lana bultzatzeko neurriak

Azkenik, negozioen itxierak eta pertsonen konfinamenduak areagotu egin dute telelanean errazten eta ahalbidetzen duten tresnen premia (urrutitik konektatzeko VPN gailuak eta software-soluzioak, telefonogune birtualak, lankidetza-soluzioak eta bideokonferentziak eta abar). Administrazioek zenbait programa iragarri edo jarri dituzte martxan horretarako; esate baterako, Telelana Ezartzeko eta hari buruz Aholku Emateko INPLANTALARIAK doako zerbitzua, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak autonomoei eta ETEei eskaintzen dietena, eta estatu mailako Acelera Plana, zeinak enpresa eta autonomoen digitalizazioari laguntzeko trebakuntza, baliabideak eta finantziazioa eskaintzen baititu.

Informazio gehiago

     

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....