Langile Autonomoen Elkarteen Federazio Nazionalak (ATA) Autonomoaren 2016ko Profilaren txostena egin du, eta, bertan, Estatuko langile autonomo guztien ezaugarriak deskribatzen ditu. Honako hauek dira ondorio nagusiak (2016ko abenduko zifrak):
Hamarretik sei (% 61,8) banako autonomoak dira, eta % 38,2, berriz, sozietate motaren batean alta hartuta daude
Espainian dauden 3.191.291 autonomoetatik 1.972.985 pertsona fisikoak dira (% 61,8), hau da, hamarretik sei. Bestalde, autonomoen % 38,2 sozietate motaren batean alta hartuta daude (ondasun-erkidego edo kooperatibako bazkide gisa, adibidez), hau da, 1.218.306 pertsona.
Pertsona fisikoak eta sozietateetako kideak diren autonomo horiez gain, 194.925 autonomo senitarteko kolaboratzaile gisa daude alta hartuta, eta 388.883 sozietateko administratzaile gisa.
Autonomoek 45.011 soldatako lanpostu berri sortu zituzten, eta dagoeneko 856.906 pertsona enplegatzen dituzte
Pertsona fisikoak diren ia bi milioi autonomo horietatik, bostetik batek (% 21,6, hau da, 425.408 pertsona) langile bat dute, gutxienez, beren kargura, 2015ean baino puntu bat gehiago, orduan % 20,9koa izan baitzen zifra hori.
Pertsona fisiko autonomo enplegatzaileen kopurua % 4 handitu da (16.319 autonomo enplegatzaile gehiago) azken urtean. Horrela, 2016an zehar autonomoek 193 lanpostu garbi sortu dituzte, batez beste, egunero. 2016. urtean zehar, autonomoek 45.011 soldatako lan berri sortu dituzte, guztira. Horiei Langile Autonomoen Araubide Berezira txertatutako 25.479 pertsonak gehitu behar zaizkie.
Autonomoen % 55,2k bost urtetik gorako antzinatasuna dute
Autonomoek beren negozioen buru izaten daramaten urte kopuruari dagokionez, norbere kontura lan egiten duten eta beren enpresa-jardueretan mantentzen diren langileen kopurua handitu egin dela azpimarratu behar da. Autonomoen jardueren heriotza-tasa murriztu egin da, gure herrialdeko hiru autonomotik bik, hau da, % 66,2k, hiru urtetik gorako antzinatasuna baitute, eta bitik batek (% 55,2k) bost urtetik gorako antzinatasuna dute autonomo gisa. Gainera, autonomoen % 18,9k, hau da, bostetik batek, urtebete eta hiru urte artean daramate. Autonomoen % 15ek urtebete baino gutxiago daramate autonomo gisa, 295.291 pertsonak, guztira.
Hiru autonomotik bat (% 34,8) emakumea da, eta horien kopuruak gizonezko langile autonomoen kopuruak baino hein handiagoan egin du gora.
Emakume autonomoen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta dagoeneko hirutik bat (% 34,8) dira, gizonezkoek % 65,2ko pisua baitute. 2016an, emakume autonomoen artean % 1,3koa izan da hazkunde-erritmoa, gizonezkoen artean baino hiru aldiz handiagoa (% 0,4).
Norbere konturako langileen % 71,3k 40 urte baino gehiago dituzte
Autonomoen adina aztertuz gero, % 1,9 bakarrik dira 25 urtetik beherakoak. Datu horrekin alderatuta, % 25,6 −lautik bat− 55 urtetik gorakoak dira. Autonomoen artean 40 eta 54 urte artekoek osatzen dute kolektiborik zabalena, kopuru osoaren % 45,7k, hain zuzen ere. Azkenik, % 26,8k 25 eta 39 urte artean dituzte.
Lau autonomotatik ia batek (% 23,8k) merkataritzan egiten du lan
Sektoreei dagokienez, pertsona fisikoak diren lau autonomotik bat (% 23,8) merkataritzan kokatzen dira, nekazaritzako (% 11,9) eta eraikuntzako (% 10,6) autonomoen aurretik. Sektore horiek, ostalaritzan lan egiten duten autonomoen % 9,2arekin batera, autonomoen % 55,5 osatzen dute, hau da, bitik bat baino gehiago.
PERTSONA FISIKOAK DIREN AUTONOMOEN KOPURUA, JARDUERA SEKTORE BAKOITZEKO | EHUNEKOA | |
NEKAZARITZA | 234.648 | 11,9 |
INDUSTRIA | 88.565 | 4,5 |
ERAIKUNTZA | 208.878 | 10,6 |
MERKATARITZA | 469.144 | 23,8 |
GARRAIOAK | 141.200 | 7,2 |
OSTALARITZA | 181.475 | 9,2 |
INFORMAZIOA ETA KOMUNIKAZIOA | 35.253 | 1,8 |
ASEGURUAK ETA FINANTZA JARDUERAK | 42.072 | 2,1 |
HIGIEZINEN JARDUERAK | 18.054 | 0,9 |
JARDUERA PROFESIONALAK, ZIENTIFIKOAK ETA TEKNIKOAK | 162.767 | 8,2 |
ADMINISTRAZIO JARDUERAK | 73.011 | 3,7 |
HEZKUNTZA | 56.461 | 2,9 |
OSASUN JARDUERAK | 71.777 | 3,6 |
JARDUERA ARTISTIKOAK ETA AISIALDIA | 43.490 | 2,2 |
BESTE SEKTORE BATZUK | 146.190 | 7,4 |
GUZTIRA | 1.972.985 | 100,0 |
Sozietateetakoak ez diren autonomoen % 86k gutxieneko oinarria kotizatzen dute LAABn.
ATAk egindako txostenean ikus daitekeen moduan, autonomoen % 86k ez dute gutxieneko kotizazio-oinarria gainditzen. Gainera, eta Enplegua eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako datuen arabera, ehuneko horrek nabarmen gainditzen du % 90a, langileek 40 urte baino gutxiago dituztenean.
Adina kontuan hartu gabe, eta ATAk egindako txostenaren arabera, pertsona fisikoak diren autonomoen % 5,4k bakarrik kotizatzen dute oinarri minimoaren bikoitza edo hortik gora.
Gora egin du jatorri atzerritarra duten autonomoen kopuruak, eta dagoeneko kopuru osoaren % 9 dira
Atzerrian jaiotako autonomoen kopurua 177.593koa da, autonomo guztien % 9, alegia. Horiek % 5,8 egin dute gora 2016an, tokiko autonomoen kopuruak izan duen % 0,2ko hazkundea baino nabarmen handiagoa.
[IKUS LANGILE AUTONOMOEN PROFILAREN 2016KO TXOSTENA]
[IKUS JATORRIZKO AUTONOMOEN 2016KO TXOSTENA]