Autonomoa eta inoren konturako langilea aldi berean: izan daiteke?

Indarrean dagoen legerian jasota dago norberaren konturako lana (autonomoa) eta inoren konturako lana (soldatakoa) bateratzeko aukera. Egoera horri jarduera-aniztasuna deritzo.

Honako hau izan liteke supostu horren adibidea: osasun publikoan lan egiten duten medikuek, lanaldiz kanpo, kontsulta pribatuetan osasun-arreta ematea.

Era berean, soldatako langile batek negozio propioa zabaltzen badu, gauza bera gertatzen da.

Gaur egun, gero eta ohikoagoa da langileen jarduera-aniztasuna. Hori gertatzen da, besteak beste, aldi baterako kontratazioa gero eta zabalduago dagoelako eta ordaintzen diren soldatak txikiak direlako.

Gizarte Segurantzaren aldetik, jarduera-aniztasunean diharduten langileek Araubide Orokorrean kotizatu behar dute (soldatakoak izateagatik), eta, aldi berean, alta eman behar dute Ogasuneko ekonomia-jardueretan eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (RETA), edo, hala badagokio, ordezko araubide batean.

Horrelakoetan, inoren konturako langile gisa eta autonomo gisa ordaindutako kotizazioen batura 12.368 eurokoa edo gehiagokoa bada urtean, kopuru horretatik gorako kotizazio-soberakinak itzuli egin beharko dizkio Gizarte Segurantzak langileari.

Jarduera-aniztasunean diharduten langile autonomoen kuota-hobariak

Lan Autonomoaren Premiazko Erreformei buruzko 6/2017 Legeak, urriaren 24koak, hainbat neurri ezarri zituen langile autonomoen lan-merkatua suspertzeko.

Jarduera-aniztasunari dagokionez, aurreikusitako hobariak kotizazio-oinarrien murrizketak dira, kasuan kasu.

Hala,  Gizarte Segurantzako norberaren konturako langileen araubide berezian (RETA) lehen aldiz alta hartzen duten langileek, baldin eta, hori dela eta, jarduera-aniztasunean hasten badira, gutxieneko oinarriaren % 50eko murrizketa edo hobaria izango dute lehen 18 hilabeteetan, eta % 75ekoa ondorengo 18etan. Soldatako lanaldi osoa denean aplikatu ahal izango dira hobari edo murrizketa horiek.

Lan-kontratua lanaldi-erdikoa bada, berriz, gutxieneko oinarriaren % 75eko hobaria  izango dute lehen 18 hilabeteetan, eta % 85ekoa hurrengo 18etan.

Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta ematean eskatu behar dira jarduera-aniztasunagatiko hobariak.

Bestalde, kontuan hartu behar da jarduera-aniztasunagatiko hobari horiek bateraezinak direla enplegu autonomoa sustatzeko eskaintzen den beste edozein hobari edo murrizketarekin. Adibidez, autonomo berrientzako 50 euroko tarifa lauarekin. Gauzak horrela, egoera horretan dagoen langile autonomoak bi hobarietako bat aukeratu beharko du.

Jarduera-aniztasunaren zerga-alderdiak

Azkenik, jarduera-aniztasunean diharduten langile autonomoen betebehar fiskalei dagokienez, errentaren gaineko zerga ordaintzen dutenean, soldatako lanaren etekinei dagokien PFEZ arrunta ez ezik, autonomo gisa izandako etekin ekonomikoen bidez eskuratutakoak ere aitortu behar dituzte.

Bestalde, hala badagokio, hiru hilean behingo eta urteko BEZaren likidazioa ere egin behar du langile autonomoak. Zerga hori dela eta, kontuan hartu behar da langile autonomoaren jarduerarekin zerikusia duen BEZ soilik ken daitekeela.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...