Autonomo izaten jarraitu edo sozietate mugatua sortu: zergei begira, noiz da komenigarria sozietatea eratzea?

PFEZ ordaintzen duten autonomoek beren jarduerari dagozkien zergei buruzko galdera egin ohi dute, beste batzuen artean.

Zergei begira, beren jarduera sozietate mugatuaren (SM) bidez aurrera eramatea komeni ote zaien galdetzen dute langile autonomoek. Bestela esanda, autonomo gisa duten zerga-zama handiagoa ote den SM gisa izango luketena baino.

Gustuko izan ala ez, gure jardueraren mozkin garbiaren zati bat Ogasunari eman behar diogu. Zergen ikuspegitik, funtsezko desberdintasuna honako hau da: autonomoek PFEZ bidez ordaintzen dute mozkinei dagokien zerga, eta kapital-sozietateek (SMak ere horrelakoak dira), berriz, sozietate-zergaren bidez.

Enpresaburu indibidual gisa lan egiten duen pertsona fisikoak edo  autonomoak jakin behar du PFEZ bidez ordaintzen duen zenbatekoa mozkinen araberakoa dela, hau da, zenbat eta gehiago irabazi orduan eta gehiago ordaindu beharko duela.

Euskal Foru-ogasunek ezartzen dituzten karga-eskalen arabera, autonomoak % 23ko tasatik aurrera ordaindu behar du. Mozkinek gora egiten duten heinean ezarriko zaion tasak ere gora egingo du, eta presio fiskala % 49ra artekoa izan daiteke. Nafarroan, bestalde, tarterik txikiena % 13koa da, eta tasarik handiena % 52ra artekoa izan daiteke.

SMaren zerga-sistema

Sozietate mugatuak sozietateen gaineko zerga ordaindu behar du. Zerga zuzena da, sozietateek eta PFEZri lotuta ez dauden gainerako pertsona juridikoek lortutako errentei ezartzen zaiena.

Enpresa txiki eta ertainen zerga-tasa % 24koa da gaur egun, eta % 28ra iristen da enpresa handien kasuan. Halaber, mikroenpresek % 19,20ra arte murriztu dezakete tasa hori, zerga-konpentsazioa medio. Nafarroaren kasuan, zerga-tasa % 28koa da (2015eko ekitaldirako % 25), eta % 23koa ETEentzat. Enpresa txikien kasuan, berriz, karga-tasa % 19koa da.

Horrenbestez, egokiagoa dirudi % 19/24ko tasa ordaintzea SM baten bitartez % 49ko tasa edo handiagoa ordaintzea baino, autonomoen kasuan horraino irits baitaiteke. Nolanahi ere, kontuan izan behar da bazkide izateaz gain enpresan lan egiten badugu eta ordainsaria jasotzen badugu, soldatari dagokiona PFEZn ordaindu beharko dugula. Beste kontu bat dira dibidendu gisa kobratutako zenbatekoak, horiek ere kontuan hartzekoak. Printzipioz, aurrezki-errenta gisa ordaintzea dagokigu.

Beraz, azkenean zerga-zama ez da % 19 edo % 24koa izango sozietate mugatuen kasuan, handiagoa baizik, jasotzen den ordainsariaren eta enpresak aplika ditzakeen kenkarien arabera.

Hortaz, kasu bakoitza aztertu beharra dago, enpresaburuaren egoera pertsonala eta familiakoa ere kontuan hartuta. Zure egoeraren berri galdetu nahi badiguzu, LABORAL KUTXAk CONSULTING – PROren bidez eskaintzen duen doako zerbitzuan egin dezakezu, https://consultingpro.laboralkutxa.com/ web-orrian, edo 900 100 240 doako telefonora deituta.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....