Autonomo eta enpresentzako laguntza berriak

Azken hilabetetan, COVID-19aren osasun-krisialdiak izandako eragin ekonomiko ikaragarria dela eta, administrazio publikoek hainbat laguntza-programa onartu dituzte enpresentzat eta langile autonomoentzat. Programa horiek era askotakoak dira, enpresa-motaren, egoeraren, sektorearen edo kokapen geografikoaren arabera.

Hala, hasieran, estatu-mailako neurriak jarri ziren martxan (jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa, ezinbesteko kasuetarako ABEEEak —biak ere, kasu batzuetan, irailaren 30era arte luzatu dira— Gizarte Segurantzako kotizazioen ordainketa geroratzea eta KOIren maileguak). Ondoren, autonomia-erkidegoetako gobernuek eta foru-aldundiek beren ekimenak jarri zituzten abian: Lanbideren laguntza-programak lokala alokatuta daukaten autonomoentzat edo kultura-sektorearentzat, Euskadiko merkataritza eta turismoa bultzatzeko programak, zergak ordaintzeko epea luzatzea, COVID mailegu-lerroak edo Nafarroako Gobernuak langile autonomoentzat emandako laguntzak, besteak beste.

Azkenik, hainbat udalek ere bat egin dute eta laguntza-lerroak jarri dituzte martxan euren udalerrietan, COVID-19aren krisiaren eragina jasaten ari diren establezimendu eta enpresei laguntzeko, esteka honetan jasotzen den bezala.

Lau hilabete igarotakoan, programa berriak abiarazi edo lehendik zeudenak egokitu egin dituzte (kooperatiba eta lan-sozietateentzako laguntzak, PAVEA plana, RENOVE programak eta abar). Horiekin batera, ohikoagoak diren beste batzuk ere onartu dira, esate baterako MEC (saltegiak modernizatzeko laguntzak).

Consulting Pro zerbitzutik erantzuna eman nahi izan diegu gai horri buruz egindako kontsulta guztiei, eta martxan jarritako laguntza guztiak argitaratu ditugu gure webgunean. Newsletter honetan, argitaratu diren azken laguntza-programetan jarri nahi dugu arreta. Halere, gure webgunea arakatzera eta, batik bat, DIRULAGUNTZAK izeneko atala ikustera gonbidatzen zaitugu, informatuta egon zaitezen. Eta, jakina, gainerako edukiak ere irakur ditzakezu; espero dugu interesgarriak iruditzea.

Besterik gabe, onena opa dizugu datozen egunetarako, eta espero dugu berriz ere elkar ikustea aurrez aurreko mintegietako batean, ahal denean. Bitartean, zure esanetara gaituzu harremanetarako ohiko kanalen bidez. Laster, WhatsAppen bidez ere egin ahal izango dizkiguzu kontsultak.

Azken berriak