Alokairuaren ordainketa geroratzea: nola eta nork

Alokairuen ordainketa berriro negoziatzeko eta geroratzeko zenbait mekanismo onartu ditu Gobernuak, arazo ekonomikoak dituzten maizterren negozio-lokalen alokairuen kasuan, betiere lokalak edukitzaile handien edo enpresa publikoen jabetzakoak badira. Jabe txikiei dagokienez, berriz, aukera ematen da fidantza ordainketa-mekanismo gisa erabiltzeko, eta krisiak kaltetutako maizterraren eta errentatzailearen arteko akordioak sustatzen dira, baina errentatzaileak haiek onartzera behartu gabe.

Apirilaren 22ko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) ageri da apirilaren 21eko 15/2020 Errege Lege Dekretua, ekonomiari eta enpleguari laguntzeko urgentziazko neurri osagarrien gainekoa, zeinak jasotzen baititu ETE-en eta autonomoen eragiketa-kostuak gutxitzeko neurriak, negozio-lokalen alokairuari dagozkionak.

Nor balia daitezke onartutako neurri horiez?

Lehenik eta behin, ezaugarri jakin batzuk dituzten negozio-lokaletako maizterrak diren autonomoak eta ETEak (pertsona fisikoak zein juridikoak) balia daitezke onartutako neurri horiez:

1. Bere jarduera ekonomikoari dagokion errentamendu-kontratua duen autonomoa baldin bada maizterra:

  • Norberaren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Erregimen Berezian (RETA) edo RETAren ordezko mutualitateren batean afiliatuta eta alta emanda egon behar du.
  • Alarma-egoera dela eta jarduera bertan behera utzita izan behar du.
  • Alarma-egoera dela eta ez badu jarduera ekonomikoa eten, hau ziurtatu behar du: geroratzea eskatzen duen hilabetearen aurreko hilabete naturaleko fakturazioa % 75 jaitsi dela, gutxienez, aurreko urteko hiruhileko bereko hileroko batez besteko fakturazioarekin alderatuta.

2. Bere jarduera ekonomikoari dagokion errentamendu-kontratua duen ETE bat baldin bada maizterra:

  • Balantze laburtua formulatzeko baldintzak bete behar ditu, Kapital Sozietateei buruzko Legeari jarraikiz. Hau da, ETEaren aktiboko partida guztien baturak ez du gainditu behar lau milioi euroko muga elkarren segidako bi ekitalditan, edo urteko zenbateko garbiak ez du gainditu behar zortzi milioi euroko muga elkarren segidako bi urtetan, edo ekitaldiko langileen batez besteko kopuruak ez du 50etik gorakoa izan behar.
  • Alarma-egoera dela eta jarduera etenda izan behar du.
  • Alarma-egoera dela eta ez badu jarduera ekonomikoa eten, hau ziurtatu behar du ETEak: geroratzea eskatzen duen hilabetearen aurreko hilabete naturaleko fakturazioa % 75 jaitsi dela, gutxienez, aurreko urteko hiruhileko bereko hileroko batez besteko fakturazioarekin alderatuta.

Nor balia daitezke onartutako neurri horiez?

1. Errentatzaileak hamar ondasun higiezin baino gehiago baditu, edo 1.500 m2-tik gorako azalera eraikia

Errentatzailea etxebizitzaren alorreko enpresa edo erakunde publiko bat baldin bada, edo edukitzaile handi bat, hots, hiri-lurreko hamar ondasun higiezinen jabe baldin bada —garajeak eta trastelekuak ez dira sartzen—, edo 1.500 m2-tik gorako azalera eraiki batena, COVID-19ak kaltetutako maizterrek hilabeteko epea dute alokairu-errentaren ordainketa geroratzea eskatzeko, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita (2020ko apirilaren 23a).

Errentatzaileak onartu egin behar du luzamendu hori, betiere aldez aurretik alderdiek luzamendu-akordiorik edo errenta-murrizketarik hitzartu ez badute.

Automatikoki aplikatuko da luzamendua, eta alarma-egoerak eta haren luzapenek irauten duten bitartean izango du eragina geroratzeak, bai eta hurrengo hilabeteetan ere, zeinak banan-banan luzatu beharko baitira epea nahikoa ez bada birusaren eraginari aurre egiteko. Gehienez ere lau hilabete iraun behar du luzamenduak.

Geroratze-eskaerak berekin dakar errentaren ordainketa atzeratzea, penalizaziorik eta interes-sortzapenik gabe, errentamendu-kontratuko hilaren hurrengo hiletik aurrera, kuotak bi urteko epean zatikatuta.

Aipatutako egoera gainditzean hasiko da bi urteko epea, edo lehen aipatutako lau hilabeteko epea amaitzean, betiere alokairu-kontratuaren edo haren zeinahi luzapenen iraupen-epearen barruan.

2. Errentatzaileak gehienez hamar ondasun higiezin baditu, edo 1.500 m2-rainoko azalera eraikia

ETEaren edo autonomoaren errentatzailea ez baldin bada edukitzaile handitzat jotzen, goiko definizioaren arabera, errenta-ordainketa behin-behingoz eta ohiz kanpo geroratzea eska dezake maizterrak, 15/2020 Errege Lege Dekretua indarrean sartzen denetik hilabete igaro aurretik, betiere aldez aurretik alderdiek luzamendu-akordiorik edo errenta-murrizketarik hitzartu ez badute.

Nolanahi dela ere, eskaera horrek ez du behartzen errentatzailea errenta-kobraketaren geroratzea onartzera.

Aukera hau, ordea, eskaintzen du arauak: fidantza erabil daiteke errentaren hileko kuotaren bat ordaintzeko, osorik zein partez. Halakorik baldin badago, maizterrak berriz jarri behar du, hitzarmena sinatzen denetik urtebetera edo kontratuari geratzen zaion indarraldiko epearen barruan, baldin eta kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.

 

Azken berriak