Alokairuaren fidantza gordailutzeko beharra

Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairu-kontratuetan parte hartzen dutenak ohituta daude fidantza eratzeko beharrari erantzutera alokatutakoa negozio-lokala izan, bulegoa izan edo etxebizitza izan. Higiezinaren jabearentzako bermea da fidantza hori, alokairuak irauten duen bitartean maizterrak sorraraz litzakeen arazo edo kalteen aurrean.

Halere, batzuetan, bai errentatzaileek bai errentariek ez dakite zer egin behar den fidantza horrekin eta zein diren betebeharrak. Artikulu honetan argituko dizkizugu zalantzak.

Zer da fidantza?

Errentariak errentatzaileari ematen dion bermea da fidantza. Haren bidez, errentamendu-kontratuan hitzartutako baldintzak beteko direla ziurtatzen da, batez ere higiezinean sor litezkeen kalteekin zerikusia dutenak (baina ez horiek bakarrik). Hiri Errentamenduei buruzko 29/1994 Legearen 36. artikuluak arautzen du fidantza.

  • Fidantzaren zenbatekoa ezin da erabili errenta ordaintzeko. Beraz, maizterrak ezin dio hileko kuota bati osorik edo partzialki ordaintzeari utzi, bere garaian ordaindutako fidantzaren kontura egiten duelako aitzakiarekin.
  • Jabeak ere ezin du zenbateko hori ukitu errentamenduarekin lotutako beste ezertarako, kontratua indarrean dagoen bitartean, eta, kontratua amaitzen denean, maizterrari itzuli egin behar dio, ordaindu gabeko gastuak (argindarra, ura eta abar) kenduta, halakorik egonez gero, eta higiezinean izandako kalte anormalak ere konpentsatuta. Alokairuaren iraupena amaitzen denean, errentariari itzuli egin behar zaio fidantza.

Nork gordailutu behar du fidantza?

Kontratuan errentatzaile gisa ageri denak, hau da, etxebizitza edo lokala alokatzen duenak, naiz eta jabea ez izan.

Nahitaezkoa da fidantza gordailutzea? Zer kontratutan du eragina?

Legeak autonomia-erkidegoen esku uzten du hiri-lurreko finken errentatzaileek fidantzaren zenbatekoa gordailutzeko betebeharra eta modua ezartzeko aukera.

  • Euskal Autonomia Erkidegoan badago betebehar hori eta araututa dago. Nafarroan, aldiz, ez dago araututa. Autonomia-erkidego guztiek arautu dute gai hori, gordailutzeko betebeharra barne, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Asturiasko Printzerriak izan ezik, horiek ez baitute fidantza gordailutzerik eskatzen.

Hala, Euskadin, 2015eko irailaren 26tik aurrera (egun hori barne) sinatutako errentamendu-kontratuetan nahitaezkoa da fidantza gordailutzea, Etxebizitzari buruzko 2015eko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 54.1 artikuluan xedatzen duenez.

Era berean, egun hori baino lehenago sinatutako kontratuen berrikuspenetan ere nahitaezkoa da fidantza gordailutzea.

Zenbat diru gordailutu behar da fidantza gisa?

Maizterrak fidantza gisa eman behar duen nahitaezko fidantzaren zenbatekoa honako hau izango da gutxienez:

  • Hilabeteko errenta, etxebizitza alokatzeko
  • Bi hileko errenta, etxebizitza eta sasoia helburu nagusi ez duten errentamendu-kontratuetan, adibidez negozio-lokalen
  • Urtebetetik beherako sasoiko errentamenduetan, etxebizitza nahiz lokala izan, fidantzaren zenbatekoa kontratuaren iraupenarekiko proportzionala izango da, betiere kontuan harturik bi hileko errentaren fidantza urtebeteko kontratuari dagokiola.

Zenbateko hori gordailutu behar du errentatzaileak dagokion autonomia-erkidegoan. Halere, bi aldeek fidantza handiagoa hitzar dezakete errentamendu-kontratuan (berme osagarriak).

  • Hiri Errentamenduen Legearen azken eguneratzearen arabera (2018ko abenduaren 19a baino lehen formalizatutako kontratuek beste epe batzuk dituzte), kontratuaren lehen 5 urteetan —edo lehen 7 urteetan, errentaria pertsona juridikoa bada—, fidantza ez da eguneratu behar.
  • Halere, errentamendua luzatzen den bakoitzean, fidantza ere handitzeko eskatu ahal izango du errentatzaileak, edo fidantza txikitzeko errentariak, luzapenaren ondorioz indarrean dagoen hileko errenta batekin edo, hala badagokio, bi errentarekin parekatzeko.

Hitzartutako errentamendua 5 urtetik gorakoa bada —edo 7 urtetik gorakoa, errentaria pertsona juridikoa bada—, bi aldeek berariaz adostutakoaren arabera eguneratuko da fidantza, urte-kopuru horretatik gorako denborarako. Berariazko hitzarmenik ezean, errenta eguneratzeari buruz hitzartutakoak fidantza eguneratzeko ere balio duela ulertuko da.

Berme edo zenbateko gehigarririk eska daiteke?

Legeak berariaz jasotzen du bi aldeek edozein motatako bermea hitzartu ahal izango dutela, diruzko fidantzaz gain, errentariak bere errentamendu-betebeharrak beteko dituela bermatzeko.

Horrek esan nahi du errentamendu-kontratuan beste berme osagarri batzuk hitzar daitezkeela, eta legezkoak direla (baina etxebizitza-errentamenduetan, mugaturik daude).

Zein da fidantza gordailutzeko epea?

Hilabeteko epean gordailutu behar da fidantza, kontratua formalizatzen den egunetik zenbatzen hasita.

Zer gertatzen da gordailua garaiz egiten ez bada?

Gordailua epez kanpo egiten bada, fidantzaren zenbatekoaren % 2ko errekargua ordaindu beharko da, aurretik berariazko errekerimendurik egin gabe.

Berariazko errekerimendua egiten bada, berriz, errekargua % 10ekoa izango da. Horrez gain, gordailua egiteko betebeharra ez betetzea arau-hauste arintzat hartzen da, eta, ondorioz, administrazio-zehapena dakar.

Zer gertatzen da gordailua garaiz egiten ez bada, errekerimendua egin arren?

Hiri-lurreko finka errentatzen duten pertsonek edo erakundeek dagokien fidantza gordailutzeko betebeharra ez betetzeak, horretarako errekerimendua egindakoan, 300 eta 3.000 euro bitarteko isuna eragin dezake, Etxebizitza Legearen arabera, gehi gordailua epez kanpo egiteagatiko errekarguak. Edonola ere, isunaren zenbatekoa ezingo da izan zor den gordailuaren bikoitza baino txikiagoa.

Nola egiten da fidantzaren gordailua?

Euskadin leku hauetara jo daiteke fidantzaren gordailua tramitatzera:

  • ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetara.
  • Eusko Jaurlaritzako erregistro ofizialetara edo itunduetara.
  • Bizilagun zerbitzura (gordailuak gestionatzen dituen Eusko Jaurlaritzako erakundera), ohiko postaren bidez, eskatutako dokumentazioa erantsita.

Esteka honetan aurkituko dituzu gordailua egiteko jarraitu beharreko prozedura eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Tramitazioa amaitu ondoren, Bizilagun zerbitzuak ziurtagiria —fidantzaren gordailutze-agiria deitzen zaio— eta horren kopia bat egin eta emango dio pertsona edo erakunde errentatzaileari.

Jakinarazi egin behar zaio errentariari?

Bai. Behin fidantzaren edo horren eguneratzearen gordailua egindakoan, errentatzaileak hilabeteko epea du errentariari gordailuaren berri emateko. Horretarako, Bizilagun zerbitzuak gordailutzeko betebeharra bete dela egiaztatzeko emandako dokumentazioaren kopia entregatuko dio.

Errentariak une oro egiazta dezake fidantzaren egoera, Bizilaguni eskatuta, esteka honen bidez.

Horrez gain, errentatzaileak eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eman behar dio errentariari. Ziurtagiriak balioduna izan eta indarrean eta erregistratuta egon behar du, hain zuzen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari buruzko 2014ko abenduaren 9ko 226/2014 Dekretuaren V. kapituluan xedatutakoari jarraiki.

Bizilagun zerbitzuaren bidez fidantza Eusko Jaurlaritzan gordailutu eta itzultzeak ez ditu aldeak salbuesten errentamendu-kontratuaren bidez hartutako betebeharrak betetzetik.

Tasarik ordaindu behar dut fidantza gordailutzeagatik?

Ez. Gordailutzea doakoa da.

Interesik sortzen du fidantza gordailutzeak?

Ez. Gordailu horrek ez dut interesik sortzen gordailugilearen alde.

Nork eta nola eska dezake fidantza itzultzeko?

Behin kontratua amaitutakoan, gordailututako fidantza itzultzeko eska daiteke. Errentatzaileak soilik eska dezake fidantza itzultzeko.

Horretarako prozesua eta dokumentazioa esteka honetan ikus daitezke.

Gordailututako fidantza itzultzea eskatzeko eskubidea iraungi egiten da azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 47. artikuluan aurreikusitako epean (5 urtean). Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Arautzeko Printzipioen Legearen testu bategina onartzen du Dekretu horrek.

Noiz eta nori itzultzen zaio fidantza?

Bizilagun zerbitzuak gehienez 3 hilabeteko epean itzuliko du fidantza, errentatzailearen kontura egindako banku-transferentziaren bidez, eta fidantzaren itzultze-agiria deritzon dokumentua egin eta emango dio pertsona edo erakunde errentatzaileari.

Epe hori igaro eta artean ez bada fidantza itzuli eskatzaileari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik, diruaren legezko interesak ordaindu beharko dira, fidantza itzultzeko epe-muga igarotzen denetik fidantza egiaz itzultzen den arte.

Halere, kontuan izan behar da, Hiri Errentamenduen Legearen arabera, errentatzaileak fidantza itzuli behar diola errentariari hilabeteko epean gehienez, giltzak itzultzen dizkionetik. Epe horretan itzultzen ez badio, atzerapenak maizterraren aldeko interesak sorraraziko ditu.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...