Aldaketak 2020ko autonomoen kuotan

Gobernu berria osatzeak berez ez dakar aldaketa nabarmenik; halere, indarrean dagoen araudian aurreikusita dago autonomoen kuotak 2020an izango duen igoera.

Izan ere, 2018ko abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren, Pentsio Publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzekoaren, Bigarren Xedapen Iragankorrak bide ematen du norberaren konturako langileek Gizarte Segurantzari ordaintzen dioten kuota etengabe handitzeko, Gobernua eratuta egon ala ez.

Hala, kontingentzia profesionalak eta jarduera-uztea estaltzen dituzten kotizazio-tasak honako hauek izango dira, igoeraren ondoren:

  • Kontingentzia profesionalengatiko kotizazio-tasa % 1,1ekoa izango da; 2019an % 0,9koa izan zen.
  • Jarduera-uzteari dagokion kotizazio-tasa % 0,8koa izango da; 2019an % 0,7koa izan zen.

Beraz, aukeratutako oinarriaren gainean, autonomoak % 0,3 gehiago ordaindu beharko du (kontingentzia profesionalengatik % 0,2 gehiago eta jarduera-uzteagatik beste % 0,1 gehiago). Ondorioz, autonomo guztiek % 30,3ko nahitaezko gutxieneko kotizazio-tasa ordaindu beharko dute, aukeratutako estaldurak edozein direla ere (orain arte % 30ekoa izan da tasa hori).

Hortaz, gutxieneko oinarria kotizatzen duen langileak ia hiru euro gehiago ordaindu beharko ditu hilean. Hau da, gaur egun indarrean den gutxieneko oinarria 944,40 eurokoa izanik, horri dagokion kuota 283,32 eurotik 286,15 eurora igoko da.

Langile autonomoentzako kuota orokorra 2020an
Oraingoz, 2019ko kotizazio-oinarriak dira 2020rako autonomoen kuota kalkulatzeko erreferentzia, horien igoera berretsi arte. Hori kontuan hartuta, tarte hauen artean finka daiteke oinarria:

  • Gutxieneko kotizazio-oinarria: 944,40 euro hilean.
  • Gehieneko kotizazio-oinarria: 4.070,10 euro hilean.

2020rako zure autonomo-kuota kalkulatzeko, dagokizun gutxieneko eta gehieneko oinarrien artean aukeratu duzun horri % 30,3 aplikatu beharko diozu. Kontingentzia profesionalei eta jarduera-uzteari dagozkien tasek izango duten igoera kontuan hartuta, nahitaezko kotizazio-tasa % 30etik % 30,3ra handituko da, eta, beraz, honako hauek izango dira 2020ko kotizazioak:

  • Kontingentzia arruntei dagokien kotizazioa: oraingoz, aurten ez da aldatuko eta zure kuotaren % 28,30 izango da.
  • Kontingentzia profesionalei dagokien kotizazioa: % 0,9tik % 1,1era igoko da 2020an.
  • Jarduera-uzteari dagokion kotizazioa: % 0,7tik % 0,8ra igoko da 2020an.
  • Lanbide-heziketari dagokion kotizazioa: ez da aldatuko, eta kotizazio-oinarriaren % 0,1 izango da.

Ondorioz, 2020rako autonomoen kuota 286,15 eurokoa izango da hilean, gutxieneko kotizazio-oinarriaren arabera kalkulatuta. Beraz, oraingoz, oinarriak igo arte, norberaren konturako langileek hilean 2,85 euro gehiago ordainduko dute autonomo gisa kotizatzeko.

Gainera, kontuan hartzekoa da, aurreikusita dagoenez, gutxieneko oinarriak gora egin dezakeela Estatuaren Aurrekontu Orokor berriak onartzen badira edo lanbide arteko gutxieneko soldata igotzen bada. Adibidez, oinarriak 2019ko igoera izanez gero (% 1,25ekoa, aurreko urteetako kotizazio-igoeren ildokoa), hileko kuota ia 290 eurokoa izango da.

Sozietate-bazkide diren autonomoak

Lehenik eta behin, gogoratu behar da sozietate-bazkide den autonomoak pertsona fisikoa denak baino 80 euro inguru gehiago ordaintzen dituela hilean, gutxieneko oinarria handiagoa delako.

Zalantzak berberak izanik, gaur egun indarrean den gutxieneko oinarria aldatuko ez balitz (hilean 1.214,10 eurokoa), % 30,3ko nahitaezko kotizazio-tasaren arabera 367,88 eurora igoko litzateke sozietate-bazkide den autonomoaren 2020ko kuota. Hilean 3,64 euro gehiago ordainduko du, beraz, kotizazio-oinarriak aldatzen ez diren bitartean.

Benetako diru-sarreren arabera kotizatzeko sistema ezartzea

Nolanahi ere, litekeena da autonomoek Gizarte Segurantzan kotizatzeko modua aldatzea eta benetako diru-sarreren araberako sistema ezartzea. Aurreko urteetan ere iragarri dute halakorik, baina oraingoz ia ez da aurrerapausorik eman. PSOE eta Unidas Podemos alderdiek sinatutako gobernu-itunean jasota dagoenez, aukera hori hurbilago dago.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....