Administrazioari saltzea: lizitatzaileen erregistro ofizialean erregistratu beharra

Autonomo eta enpresa txiki asko udalek, foru aldundiek eta gobernuek deitutako lizitazioetara eta lehiaketetara aurkezten dira zerbitzuak eta produktuak hornitzeko, edo obrak egin eta instalazioak mantentzeko. Horrela bada edo hala egitea pentsatu baduzu, artikulu hau interesgarria irudituko zaizu.

Irailaren 9an, Sektore Publikoko Kontratuen Lege berriak sei hilabeteko indarraldia bete zuen, eta hark beste betebehar bat gehitu die enpresei. Horrela, bada, horiek nahitaez inskribatuta egon behar dute Lizitatzaileen Erregistro Ofizialean, kontratazio-botere publikoek gehien deitzen duten prozedura batean parte hartu nahi badute: prozedura ireki sinplifikatuan.

Ezaugarriak

Administrazio kontratatzaileak obra-, zerbitzu- eta hornidura-kontratuetarako erabil dezake prozedura ireki sinplifikatua, betiere bi baldintza hauek betetzen baditu:

  • Haren balio estimatuak 2.000.000 eurokoa edo txikiagoa izan behar du obra-kontratuen kasuan, eta 100.000 eurokoa edo txikiagoa hornidura- eta zerbitzu-kontratuen kasuan.
  • Baldintza-agirian aurreikusitako esleipen-irizpideen artean ez da balio-iritziekin ebalua daitekeen irizpide bakar bat ere egongo eta, egotekotan, haren haztapena ez da zenbateko osoaren % 25 baino handiagoa izango, kontratua izaera intelektualeko zerbitzuen ingurukoa denean salbu, ingeniaritza- eta arkitektura-zerbitzuen kasuan, adibidez. Horietan, haztapena ez da zenbateko osoaren % 45 baino handiagoa izango.

Proposamenak aurkezteko epea ez da hamabost egunetik beherakoa izango, lizitazio-iragarkia kontratatzailearen profilean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; obra-kontratuetan, berriz, epea hogei egunekoa izango da gutxienez. Dena den, 80.000 eurotik beherako balio estimatua duten obra-kontratuetan eta 35.000 eurotik beherako balio estimatua duten hornidura- eta zerbitzu-kontratuetan, administrazio kontratatzaileak epeak murriztu ahal izango ditu: proposamenak aurkezteko epea ez da hamar egun baliodunetik beherakoa izango, lizitazio-iragarkia kontratatzailearen profilean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; merkatuan dauden ondasunen erosketa arrunten kasuan, epea 5 egun baliodunekoa izango da.

Legearen 159. artikuluan jasotzen den kontratazio-prozedura ireki sinplifikatuak izapideak sinplifikatzea eta kontratu publikoen lizitazioak arintzea du helburu, honako neurri hauen bitartez: ebaluazio automatikorako irizpideak ezarriz, behin-behineko bermea ezabatuz, eskaintza ─ia beti─ gutun-azal bakar batean aurkeztuz eta abar. Gainera, zenbatekoa mugatuta dagoenez, ezin da kontratazio arloko errekurtso berezira jo. Horrela, esleipena modu automatikoan ez eten ahal izatea lortzen da, hori gertatuko bailitzateke errekurtso hori jarriz gero. Horregatik guztiagatik, kontratazio-organoek (udalek, foru aldundiek, gobernu autonomikoek eta abarrek) gehien erabiliko duten mekanismoa bihurtuko da seguruenik.

Kontratuaren lizitazio-iragarkia egiteko, hura kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratu beharko da. Iragarkia argitaratzen den egunetik aurrera, eskaintza aurkezteko beharrezko agiri guztiak gaineratu beharko dira bertan.

Erregistro Ofizialean inskribatzeko beharra

Nolanahi ere, prozedura arintzeko neurrien artean, bertan parte hartu nahi duten enpresari guztiek Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoko Erregistro Ofizialean izena eman beharko dute, hala dagokionean. Legeko 96. artikuluaren arabera, autonomia-erkidego bateko Lizitatzaileen Erregistroan inskribatu beharko da autonomia-erkidegoarekin berarekin, haren lurralde-eremuan kokatutako tokiko erakundeekin eta bata bestearen menpekoak diren sektore publikoko gainerako erakundeekin kontratuak egin ahal izateko.

Sektore Publikoko Kontratuen Legea indarrean sartu eta 6 hilabeteko epe iragankorra igaro ondoren jarri da abian betebehar hori.

Legearen arabera, enpresa lizitatzaileak inskribatuta egon behar du eskaintzak aurkezteko azken egunean, betiere konkurrentzia mugatzen ez bada, hau da, eskakizun horrek lizitatzeko aukera argi eta garbi mugatu dezakeenean. Legeak zuhurtasun gisa txertatu zuen ñabardura hori, irailaren 9tik aurrera, enpresari asko prozeduratik kanpo gera ez zitezen, erregistro ofizialean inskribatu beharra ez betetzeagatik ─hura eskatu arren, Erregistroak oraindik eskera ebatzi ez duelako─.

Inskripzioak enpresariari eskaintzen dizkion abantailetako bat hauxe da: horiek ez dituzte agiri asko aurkeztu eta aztertu beharrik izango, inskripzio horren bitartez, hainbat alderdi egiaztatuta geratzen baitira, hala nola enpresariaren izaera juridikoa edo fisikoa, lizitatzeko gaitasuna, kaudimen teknikoa eta ekonomikoa, eta profesional edo enpresa espezializatu gisa izan ditzakeen gaikuntzak edo tituluak.

Horrenbestez, prozedurara lizitatzaileen erregistroko ziurtagiri bat ─modu telematikoan lor daiteke─ aurkeztea nahikoa izango da datu horiek guztiak egiaztatzeko.

Euskadi

Estatuko Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialarekin batera, Euskadiko Autonomia Erkidegoan Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroa erabili ahal izango da. Haren bitartez, eta aldi baterako gaikuntza bidez, espediente bakar bat lizitatu ahal izango da modu elektronikoan, Erregistroan inskribatuta egon beharrik izan gabe.

Era berean, foru-aldundiek erregistro zehatz bat izan dezakete Foru Administrazioaren organoekin ─Bizkaiko Aldundiarekin, adibidez─ kontratuak egin nahi dituzten enpresentzat.

Nafarroa

Nafarroako Foru Erkidegoak bere araudia du: 2/2018 Foru Legea, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzkoa, maiatzaren 7an indarrean sartu zena. Arau horren arabera, administrazio-agiriak (A gutun-azalean gaineratu beharrekoak) adierazpen arduratsu batekin ordezkatu ahal izango dira. Proposatutako enpresa eslaipendunak bakarrik aurkeztu beharko ditu administrazio-agiri guztiak (eskriturak, botereak, kaudimenaren akreditazioa eta abar).

Nafarroan, Erregistroa borondatezkoa da, eta forma juridiko jakin batzuetara mugatuta dago. Nafarroako Foru Erkidegoko Lizitatzaileen Borondatezko Erregistroan, Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako lizitazioetan parte hartu nahi duten merkataritza-sozietateek, kooperatibek eta lan-sozietateek bakarrik inskribatu ahal izango dute, baita Nafarroako Kontratu Publikoen Legera atxikita dauden gainerako erakundeek ere.

Legeak gaineratzen dituen alderdi berrien artean, Nafarroako lizitazio elektronikoetarako plataforma sortu da eskaintzak aurkezteko. Hura nahitaezkoa izango da 2018ko urriaren 18tik aurrera, baina lehenago ere erabili ahal izango da, plataforma guztiz erabilgarri dagoenean.

 

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...