2021eko berrikuntzak autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat

Urtero legez, autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE-ek) berrikuntzak izango dituzte 2021ean ere (autonomo-kuotaren igoera, Ticket Bai sistema EAEn, moduluen desagerpena Nafarroan eta abar). Ikus ditzagun berrikuntza nagusiak.

1. Norberaren kontura aritzen direnek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioa (Langile Autonomoen Araubide Berezia – LAAB)

2021eko autonomo-kuota

Gogoratu beharra dago 2018aren amaieran, artean 2019rako Aurrekontu Orokorrak onartu gabe zeudela, autonomoentzako gutxieneko kotizazio-oinarria % 1,25 handitzea eta % 30,3ko kotizazio-tasa onartu zituela Gobernuak 2020rako (igoera hori azken hilabeteetan kobratu da, ZERGATIK IRISTEN ARI DIRA KARGU GEHIGARRIAK AUTONOMOEN KOTIZAZIOETAN artikuluan jaso genuenez). Horrekin batera, 2021erako kotizazio-tasaren beste igoera bat onartu zen eta, horrenbestez, % 30,6ra iritsiko da.

AKTUALIZAZIOA 2021.01.19: Gobernuak igoera hau bertan behera utzi du maiatzaren 31era arte

Hartara, autonomoentzako gutxieneko kotizazio-oinarria 2021ean oraingoz iazko 944,40 euroko bera bada ere (ikusteko dago oraindik igoerarik izango den ala ez, LGSaren gorakadaren edo Aurrekontu Orokorrak onartzearen eraginez), kotizazio-tasa berria aplikatuta, hilean ia 3 euro igoko da autonomoen kuota. Hala, kuota hori hilean 288,90 eurokoa izango da 2021ean.

Estatuaren Aurrekontu Orokorretan ezarritakoa kontuan hartuta, 2021eko autonomo-kuotaren igoera urtarrilaren 1etik aurrera izango da indarrean. Joan den 2020ko ekitaldiari dagozkion tasa berriak direla eta, kuota handitu egin da berriki, eta autonomo asko 2020ko urtarriletik irailera autonomo-kuotari ezarritako errekarguak ordaintzen ari dira oraindik ere.

Gainera, errekarguak mailaka ezarriko zirela iragarri bazen ere, kasu batzuetan batera kobratu dira errekargu guztiak.

Hona hemen 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ordaindu beharreko kotizazio-tasak:

Kontingentzia arrunten tasa % 28,30
Kontingentzia profesionalen tasa % 1,30
Jardunari uztearen tasa % 0,90
Lanbide-prestakuntzaren tasa % 0,10

Gogoan izan behar dugu, estaldura sozial berriei esker, autonomoak eskubide hauek dituela 2019az geroztik:

  • Laneko istripuagatiko edo lanbide-gaixotasunagatiko prestazioa kobratuko du, baja hartzen duen egun beretik aurrera.
  • Autonomoen kuota ordaintzeari utziko dio aldi baterako ezintasunagatiko bajaren bigarren hilabetetik alta hartzen duen unera arte.
  • Etengabeko prestakuntza hobariduna erabili ahal izango du, Lanbide Prestakuntzarako Estatu Fundazioaren bidez (prozedura arautzeko dago oraindik).
  • Jarduera uzteagatiko prestazioa hobetu egingo da, 12 hilabetetik 24 hilabetera luzatuko da eta.

Autonomoen kotizazioaren mugak, adinaren arabera

Langile autonomoaren adinaren arabera, kotizazio-oinarria aukeratzeko mugak daude. Gaur egun, hauek dira muga nagusiak:

Gutxieneko oinarria
(euro hileko)
944,40 € hilean
Gehieneko oinarria
(euro hileko)
4.070,10 € hilean
47 urte edo gutxiago dituzten autonomoentzako kotizazio-oinarria 2021-01-01ean eta egun horretatik aurrera 47 urte baino gutxiago zituzten langileek gutxieneko eta gehieneko oinarrien artean aukeratu ahal izango dute.

Era berean, oinarria finkatzeko aukera izango dute data horretan 47 urte dituzten langile autonomoek, baldin eta 2020ko abenduan hilean 2.052,00 €-ko edo gehiagoko kotizazio-oinarria izan badute edo Araubide Berezi horretan data horretatik aurrera eman badute izena.

2021-01-01ean eta hortik aurrera 47 urte zituzten langile autonomoei dagokienez, beraien kotizazio-oinarria hilean 2.052,00 eurokoa baino txikiagoa izan bada, ezin izango dute hilean 2.077,80 eurotik gorako oinarria aukeratu, salbu eta 2021eko ekainaren 30a baino lehen erabiltzen badute aukera hori. Horrela eginez gero, urte horretako uztailaren 1etik aurrera jarriko da aukeraketa indarrean.

48 urte edo gehiago dituzten autonomoentzako kotizazio-oinarria 2021-01-01ean eta hortik aurrera 48 urte edo gehiago beteak zituzten langile autonomoek hilean 1.018,50 eta 2.077,80 euro bitarteko kotizazio-oinarria izango dute.

Egiaztatutako azken kotizazio-oinarria hilean 2.052,00 eurotik gorakoa izan bada, hilean gutxienez 944,40 euroko kotizazio-oinarria eta gehienez aurretik ordaintzen zutena izango dute, betiere gehieneko kotizazio-oinarria izanik muga.

48 edo 49 urte dituzten autonomoentzako kotizazio-oinarria 2021-01-01ean 48 edo 49 urte zituzten langile autonomoek, berriz, egiaztatutako azken kotizazio-oinarria hilean 2.052,00 eurotik gorakoa izan bada, hilean gutxienez 944,40 euroko kotizazio-oinarria eta gehienez aurretik ordaintzen zutena izango dute, betiere, gehieneko kotizazio-oinarria izanik muga.
48 urteko edo hortik gorako langile autonomoentzako kotizazio-oinarria, baldin eta 50 urte bete aurretik 5 urtez edo gehiagoz kotizatu badute Azken kotizazio-oinarria hilean 2.052,00 eurokoa edo txikiagoa izan bada, hilean 944,40 eta 2.077,80 euro bitarteko kotizazio-oinarria ordaindu beharko dute.

Ordaindutako azken kotizazio-oinarria hilean 2.052,00 eurotik gorakoa izan bada, hilean gutxienez 944,40 euroko kotizazio-oinarria eta gehienez aurretik ordaintzen zutena izango dute, betiere gehieneko kotizazio-oinarria izanik muga.

Sozietate-bazkide diren autonomoen eta 10 langile dituzten autonomoen kuota 2021ean

Sozietate-bazkide diren langile autonomoek edo aurreko ekitaldi ekonomikoan 10 langile edo gehiago enplegatu dituztenek kotizazio-oinarri handiagoa dute legez. Ondorioz, haien hileko kuota ere handiagoa da, ezinbestez.

Ildo beretik eta irizpide berari jarraikiz, sozietate-bazkide den autonomoaren kotizazioa ere igo egingo da 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera. Gutxieneko oinarria, oraingoz, 1.214,10 euroan dago; horrenbestez, sozietate-bazkidea den autonomoaren gutxieneko kuota 371,51 eurokoa da.

Tarifa finkoa: berdin jarraitzen du oraingoz

Aldaketarik ez dagoen bitartean —2019an tarifa finkoa 50 eurotik 60ra igo zen—, 2021eko urtarrilaren 1ean gutxieneko kotizazio-oinarria aukeratu duten autonomo berriek 60 euroko kuota bakarra ordainduko dute hilean, alta eman eta lehenengo 12 hilabeteetan, eta kontingentzia arruntak nahiz kontingentzia profesionalak hartuko ditu barne.

Gogoratzekoa da, 2019an tarifa finkoak berritasun handia ekarri zuela laneko kontziliazioaren alorrean. Horren arabera, emakumezko langile autonomoek urtebeteko tarifa finkoa erabili ahal izango dute amatasun-baja hartu eta hurrengo 2 urteetan, baina aurretiaz jarduera utzi gabe, orain arte eskatzen zen bezala.

2. Inoren konturako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa (Gizarte Segurantzako Araubide Orokorra – GSAO)

Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) bere horretan

Oraingoz, Gobernuak bere horretan utzi du lanbide arteko gutxieneko soldata eta 950 eurokoa izango da 2021ean ere. 38/2020 Errege Lege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak luzatu egin du, behin-behinean, 2020ko lanbide arteko gutxieneko soldata arautzen duen 231/2020 Errege Dekretuaren indarraldia.

Testuaren arabera, 2020ko LGSaren luzapena «elkarrizketa sozialaren esparruan 2021erako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatuko duen errege-dekretua onartzen den arte» egongo da indarrean.

Gogora dezagun 231/2020 EDak % 5,5 handitu zuela 2019ko lanbide arteko gutxieneko soldata 2020ko ekitaldiari begira, eta 950 eurokoa izan dela.

Beraz, 2021ean ere hileko 950 eurokoa izango da, oraingoz, lanbide arteko gutxieneko soldata, eta 14 ordainsari dagozkio.

Araubide Orokorreko langileen gutxieneko kotizazio-oinarria ere bere horretan geldituko da, eta 1.108,3 eurokoa izango da 020an bezala .

Kotizazio-taldea Lanbide-kategoriak Gutxieneko oinarriak

euroak hileko

Gehieneko oinarriak

euroak hileko

1 Ingeniariak eta lizentziadunak. Goi-zuzendaritzako langileak, Langileen Estatutuaren 1.3.c artikuluan sartuta ez daudenak 1.547,00 4.070,10
2 Ingeniari teknikoak, perituak eta laguntzaile tituludunak 1.282,80 4.070,10
3 Administrazio-buruak eta lantegi-buruak 1.116,00 4.070,10
4 Titulurik gabeko laguntzaileak 1.108,33 4.070,10
5 Administrazioko ofizialak 1.108,33 4.070,10
6 Mendekoak 1.108,33 4.070,10
7 Administrari laguntzaileak 1.108,33 4.070,10
.. .. Gutxieneko oinarriak
euroak eguneko
Gutxieneko oinarriak
euroak eguneko
8 Lehen eta bigarren mailako ofizialak 37,00 135,67
9 Hirugarren mailako ofizialak eta espezialistak 37,00 135,67
10 Peoiak 37,00 135,67
11 18 urtetik beherako langileak, haien lanbide-kategoria edozein dela 37,00 135,67

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko kotizazio-tasek bere horretan jarraituko dutela aurreikusi da (ikusi GSAOko kotizazio-tasak).

3. Zerga-sistema

Zerga arloko aldaketarik nabarmenenak Ticket Bai sistemaren eskutik etorriko dira. 2022ko urtarrilaren 1era arte atzeratu zen sistema hori orokorrean indarrean jartzea, baina 2020ko urritik erabilgarri dago nahi duenarentzat (informazio gehiagorako, ikusi Zer da Ticket BAI? Betebehar berria fakturak jaulkitzeko garaian).

Kontuan hartzekoa da, halaber, Nafarroan iragarrita dagoela milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen dutenek ez dutela jarduera ekonomikoen gaineko zergarik ordainduko (neurri horrek 31.000 langile autonomori eta 31.000 ETEri baino gehiagori egingo die mesede). Horrez gain, Nafarroan, PFEZ zergan moduluen tributazio-sistema kendu da, eta horren ordez beste bat ezarri, zuzeneko zenbatespen bereziko sistema. Sistema berriak bi helburu ditu: batetik, bidezkoagoa da, ahalmen ekonomikoan eta benetan lortutako diru-sarrera eta etekin edo galeretan oinarritzen delako, eta, bestetik, erraza eta aplikagarria da zergadunentzat.

Aurreko modulu-sisteman, zergadunek erosketen eta salmenten fakturak gorde behar zituzten eta diru-sarreren eta salmenten liburua bete. Zuzeneko zenbatespen bereziko sistema berriarekin zergadunek antzeko betebeharrak dituzte: erosketen eta salmenten fakturak gorde eta diru-sarreren eta salmenten liburua izan behar dute, eta, hemendik aurrera, erosketen eta gastuen liburua ere eduki beharko dute.

Autonomoentzako zergen alorreko laguntza-neurrien artean, foru-ogasunek zenbait ekimen onartu dituzte; adibidez, Gipuzkoan aukera dago 2019ko PFEZ aitorpenean ordaindutako zergak berehala berreskuratzeko, 2020an galerak izanez gero.

4. Beste aldaketa eta berritasun posible batzuk

Dagoeneko onartuta eta aurreikusita dauden erabakiez gain, badira egin litezkeen beste aldaketa eta berritasun batzuk; nabarmentzekoak dira hauek:

Benetako diru-sarreren arabera kotizatzeko sistema

Hainbat urtez luzatu da sistema horri buruzko eztabaida, eta badirudi 2021ean hartuko dela behin betiko erabakia. Gobernuak iragarritakoari erreparatuta, LAABeko gizarte-kotizazioei buruz aurretiaz aipatu ditugunak behin-behineko neurriak dira, benetako diru-sarreren arabera kotizatzeko sistema ezartzen den bitartean. Lau tarteren arabera ordaintzea planteatzen da, irabazi garbiaren arabera, eta lanbide-arteko gutxieneko soldatatik beherako diru-sarrerak dituzten langile autonomoak izango dira onuradun nagusiak, gaur egungoa baino kotizazio txikiagoa izango dutelako. Benetako diru-sarreren araberako kotizazioaz eta langile autonomoen elkarte nagusien eskaerez gehiago jakiteko, irakurri gaiari buruzko artikulua: NOLA ERAGINGO DIE AUTONOMOEI BENETAKO DIRU-SARREREN ARABERA KOTIZATZEAK.

Iruzurraren aurkako lege-aurreproiektua eta eskudirutan egindako ordainketak mugatzea

Joan den 2020ko urrian jarri zen berriro abian araudia onartzeko prozesua. Araudi horrek autonomoen eta enpresa txikien gestioari eragiten dieten zenbait puntu jasotzen ditu; horien artean nabarmentzekoa da profesionalen artean eskudirutan gehienez ordain daitekeen zenbatekoaren muga 2.500 eurotik 1.000 eurora murriztea.

Lau hilabeteko baja aita autonomoentzat

2021etik aurrera, aita izango diren autonomoek 16 asteko aitatasun-baimena izango dute. Urtarrilaren 1etik aurrera amek duten prestazio-aldi bera izango dute. Beraz, estreinakoz, biek ala biek pareko baimena izango dute seme-alabaren jaiotzagatik eta hura zaintzeko.

Azken berriak