2018-ko Errenta-kanpaina

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kanpaina betean gaudela, komenigarria da horren alderdi nagusiak gogoratzea, batez ere enpresa-jardueren errentei buruzkoak, jarduera ekonomikoa sustatzearekin lotutako kengarriak eta ekitaldi horretako zergak dituen berritasunak. Nolanahi ere, profesionalei, autonomoei eta, orokorrean, zergadun guztiei begira, berritasunak ez dira oso garrantzitsuak.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba

Aurten ia ez dago berritasunik pertsona fisikoen errenta-aitorpenaren araudi aplikagarrian; izan ere, zerga aldatzear dago, Sozietateen gaineko Zerga erreformatu ostean.

Nork egin behar du errenta-aitorpena?

Errenta-aitorpena aurkeztu behar dute, besteak beste, jarduera ekonomikoa duten guztiek. Era berean, gogoratu langabezia-prestazioa eta erretiro-pentsioa ere lan-etekintzat hartzen direla.

Beraz, besteak beste, errenta-aitorpena honako hauek aurkeztu behar dute:

  • Jarduera ekonomikoa duten zergadunek. 2018. urtean norberaren kontura jarduera ekonomikoa izan duten zergadun guztiek (EJZn alta emanda dauden autonomoek).
  • 2018. urtean 20.000 €-tik gorako lan-etekin gordinak izan dituzten zergadunek (baterako aitorpenetan muga hori pertsona bakoitzeko aplikatzen da). Hau da, 2018an lan egin eta urteko nomina guztien zenbateko gordinen batura 20.000 €-tik gorakoa duten guztiek.
  • 2018. urtean 12.000 €-tik 20.000 €-ra bitarteko lan-etekin gordinak izan dituzten zergadunek, besteak beste, honako kasu hauetan:
    • Zergadunak ordaintzaile batengandik baino gehiagorengandik jaso baditu errentak, edo kontratu bat baino gehiago sinatu badu edo lehendik zuen kontratua luzatu badu.
    • Zergadunak ezkontidearengandik edo izatezko bikotekidearengandik pentsio konpentsatzaileak edo elikagaietarako urteko ordainketak jaso baditu, seme-alaben aldeko ordainketak ez direnak, epailearen erabakiz.
    • Zergadunak Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Erakundeek onartutako araudia ez den beste baten arabera kalkulatutako atxikipenak edo lanaren konturako diru-sarrerak aitortu behar baditu, edo horiek ez badira Foru Aldundietakoren batean sartu.
  • Kapitalaren etekin gordinen eta ondare-irabazien arteko batura guztira 1.600 €-tik gorakoa bada (zenbateko gordina). Adibidez, epe finkorako ezarpenen, aurrezki-kontuen, altxorraren letren, bonuen eta abarren interesek sortutakoak, eta higiezinak, akzioak, inbertsio-fondoak eta abar saltzetik lortutakoak.
  • Kapital higiezinaren etekinak izan dituzten zergadunek. Hau da, higiezinen bat (etxebizitza, bulegoa, lokala etab.) alokatzeagatik diru-sarrerak izan dituztenek.

Enpresa-jardueraren ondoriozko galerak konpentsa daitezke?

Jarduera ekonomikoen etekinak bateratzeari eta konpentsatzeari dagokienez, jardueren etekin negatiboak jardueren etekin positiboekin bakarrik batera daitezke.

Atal horretan berrikuntza garrantzitsua izan da, ez dagoelako urteko etekin positibo guzti-guztiak aurreko urteetako galerekin orekatzeko aukerarik. Hala, aurreko ekitaldietako zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa % 70era mugatu da mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat, salbu eta jarduera ekonomiko guztiak behin betiko eten badituzte. Konpentsatzeko gehienezko epealdia 30 urtera luzatu da.

Zein kenkari aplika dakieke zergadunei? Jarduera ekonomikoak egiteagatiko kenkariak

Kenkariei erreparatuta, ez dago aldaketarik aurreko urteekin alderatuta. Gehien erabiltzen den kenkaria ondorengoei dagokiena da, eta horren atzetik datoz etxebizitzarenak -erosketa eta salmenta—, pentsio-planetara egindako ekarpenenak, 65 urtetik gorakoenak eta desgaituenak. Lurraldeen artean kasu batzuetan ezberdintasun txikiak daude zenbatekoetan, baina ez dira nabarmenak.

Jarduera ekonomikoa duten pertsonentzat interesgarriak izan daitezke jarduerok sustatzeko kenkari bereziak. Horiek ditugu aztergai artikulu honetan.

[IKUSI JARDUERA EKONOMIKOAK SUSTATZEKO 2017-KO PFEZ KENKARIEI BURUZKO ARTIKULUA]

Nafarroa

2019ko apirilaren 4an, ostegunez, hasi zen Nafarroan 2018ko ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kanpaina.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak aurkezteko borondatezko epea apirilaren 12an hasi eta ekainaren 24an bukatuko da.  Aitorpenaren emaitza ordaintzekoa bada, zorra % 50eko bi zatitan ordaintzeko aukera egongo da: lehenengo zatia uztailaren 4an ordaindu beharko da, eta bigarrena azaroaren 20an.

Aitorpena egin beharra izateko irizpideak ez dira aldatu iazko kanpainatik hona.  Aitorpena egiteko betebeharra dute etekin hauek izan dituzten zergadunek:

  • 11.250 euroko edo gehiagoko lan-etekin gordinak.
  • kapital higigarriaren etekin edo errendimenduak eta ondare gehikuntzak, 1.600 euro gordineko edo gehiagoko atxikipena dutenak, eta beste errenta batzuk jasotzen dituzten zergadunak (enpresaburuak eta profesionalak, errentatzaileak…), errenta horien zenbatekoa edozein dela.

Baterako aitorpena egitea erabakiz gero, familia-unitatea osatzen duten kide guztien errentak sartu behar dira, zenbatekoa edozein izanda ere.

Era berean, subjektu pasiboek aitorpena aurkeztu beharko dute baldin eta, aurkezteko betebeharrik eduki ez arren, bueltan kobratu nahi badituzte egindako atxikipenak, jasan dituzten konturako sarrerak, edota kuota likidoa gainditzen duten ordainketa zatikatuak.

Araudiari aldaketak egin zizkioten 2017ko abenduan, eta horietako batzuek eragina izango dute kanpaina honetako aitorpenetan. Hauek dira berritasunik garrantzitsuenak:

  • Jasandako kalte pertsonalak direla eta, erantzukizun zibilaren ondorioz jasotako kalte-ordainak salbuetsita daude, bitartekaritzaren bidez lortutako zenbateraino.
  • Desgaitasuna duten pertsonen egoera hobetze-aldera, bi aldaketa egin dira:
    • Ez dira gauzazko lansaritzat hatuko langilearen, ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren eta ondorengoen gaixotasunak estaltzeko aseguru-erakundeei ordaindutako sariak, baldin eta desgaitasuna badute eta ordaindutako primak edo sariak ez badira pertsona bakoitzeko 1.500 € baino handiagoak (muga handitu egin da: urtean 500 €-koa zen lehen pertsona bakoitzeko, eta 1.500 €-koa da orain).
    • Enpresen edo profesionalen jardueraren etekinen esparruan, handitu egin da desgaitasuna duten pertsonen gaixotasunak estaltzeko aseguru-primengatiko gastu kengarria.
  • Pentsio-planetarako % 40ko kenkaria baztertu egin da, baldin eta prestazioak kapital moduan jasotzen badira, eta betiere lehen ekarpenetik bi urte baino gehiago igaro badira.
  • Lan-etekinak zehaztean % 50eko kenkaria ezartzea onartu da, mendekotasun-aseguruen prestazioen ondoriozko etekinetan kapital eran jasotako prestazioei dagokienez.
  • Kapital higiezinaren etekinen alorrean, baztertu egin da, oro har, etxebizitzetara bideratutako higiezinak alokatzeagatiko % 40ko kenkaria. Dena dela, kenkaria ezarri egingo da, NASUVINSAren bidez alokatu bada. NASUVINSAk ez du izango PFEZren eta sozietate-zergaren konturako atxikipenik egiteko betebeharrik aipaturiko errentamenduengatik ordaindutako etekinen gainean.
  • Handitu egin da 30 urtetik beherakoek eta guraso bakarreko familiek etxebizitza alokatzeagatik ezar dezaketen kenkariaren kopurua.
  • Aurrezkiaren oinarri likidagarri bereziari dagokionez, karga-tasaren eskalako tarte bakoitzari ehuneko puntu bat gehitu zaio (gutxienez % 20; gehienez % 26).
  • Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria baztertu egin da, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginez, baina mantendu egin dira indarrean dauden araubide iragankorrak.
  • Jabekideen erkidegoek birgaitze babestuko lanak egiteko jaso dituzten dirulaguntza publikoak salbuetsi egin dira, baldin eta subjektu pasiboen zergaldiko errentak (salbuetsitakoak kanpoan utzita) 30.000 euro baino txikiagoak badira.
  • 100 euro handitu da hiru urtetik beherako seme-alabengatiko edo adoptatutako haur bakoitzagatiko kenkaria, baldin eta subjektu pasiboaren zergaldiko errentak ez badira 30.000 euro baino handiagoak, edo 60.000 euro baino handiagoak baterako aitorpena eginez gero.
  • Handitu egin dira energia berriztagarrien instalazioetan inbertitzeagatiko kenkariak (dagoeneko ere indarrean direnak). Adibidez, ibilgailu hibrido entxufagarriak erosteagatiko kenkaria gehitu da.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...