Itxiera fiskala: faktura fiskala murrizteko gomendioak

Urte-amaiera iristear dago, aste batzuk baino ez dira falta bukatzeko eta, urteko azken egun hauetan, gure enpresa- edo lanbide-jardueraren itxiera fiskala behar bezala prestatzea komeni da.

Gure negozioaren zerga-sistema eta kontabilitatea berrikusteko unea da, Ogasunarekin faktura fiskala optimizatzeko helburuarekin.

Jarraian, horren inguruko gomendio orokor nagusiak aurkeztuko ditugu, modu laburbilduan:

Irabaziak aurreko ekitaldietako zerga-oinarri negatiboekin konpensatzea

Lehenik eta behin, jarduera merkataritza- edo kooperatiba-sozietate baten bitartez garatuz gero, azken zerga-ekitaldietako galera ekonomikoak konpentsatu beharko lirateke. Irabaziak galerekin konpentsatzea ahalbidetzen du zerga-araudiak.

Aurten gure enpresak irabaziak izango dituela uste badugu, aurtengo irabaziak aurreko ekitaldietako galerekin konpentsa daitezkeela aurreikusten du araudiak, muga batzuen barruan. Gomendio bera egin dakieke norbere kontura lan egiten duten pertsona fisikoei ere.

Bi zerga-oina PFEZ-n: zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria

Langile autonomo edo pertsona fisiko profesionalen kasuan, gogoan izan behar dugu PFEZren zerga-oinarria bi ataletan banatuta dagoela: zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria.

Zerga-oinarri orokorrak honako hauek hartzen ditu barne: lanaren etekinak, kapital higiezinari dagozkionak (aurrezkiaren zerga-oinarria osatzen duten etxebizitzen alokairuak salbu) eta jarduera ekonomikoen etekinak (langile autonomo eta profesional gisa dugun jarduerari dagozkionak). Zerga-oinarri orokorraren etekinei tasa orokorraren arabera ordaintzea dagokie, eta tasa horri % 23 eta % 49 arteko eskala gehikorra aplikatzen zaio.

Aurrezkiaren zerga-oinarria, berriz, finantza-errentetatik eratorritako kapital higigarriaren etekinek osatzen dute, hala nola bankuko kontu eta gordailuen etekinek, eta akzioen, letren edo bonuen dibidenduek. Aurrezkiaren zerga-oinarrian sartzen dira, halaber, kalte-ordainengatik kobratutakoa edo aseguru-kontratuen primak, etxebizitzen alokairuari dagozkion etekinak, eta ondare-elementuen eskualdatzeagatiko ondare-irabaziak eta -galerak (higiezinen salmentak, trukeak, dohaintzak). Oinarri horren etekinei % 20 eta % 25 arteko eskala gehikorra aplikatzen zaie.

Orokorrean, komenigarria izaten da gure enpresan egindako amortizazioak berrikustea. Zentzu horretan, kontabilitatean aplikatutako amortizazio-metodoak eta -ehunekoak erkatzea gomendatzen dugu, zerga-araudiak onartzen dituen egiaztatzeko edo gastu hori zerga-oinarria jaisteko ahalik eta gehien erabiltzeko aukera aztertzeko.

Kontabilitate-Plan Orokorra eta zerga-doikuntzak

Orokorrean, komenigarria izaten da kontabilitate-irizpideak eta dagokion zerga-araudiaren zerga-irizpideekin egon daitezkeen desberdintasunak aztertzea eta berrikustea, kasuan kasuko doikuntzak egin ahal izateko.

Enpresa sortu berrietan edo enpresa berrietan inbertitzeagatiko kenkaria

Ekitaldi honetan lanetik kaleratu bazaituzte, errenta-aitorpenean ez da jasotako kalte-ordainagatik ordaindu beharrik izango, Langileen Estatutuan zehaztutako legezko zenbatekoan.

Langabezia-prestazioaren ordainketa bakarra edo kapitalizazioa eskatu bada enpresa-jarduera martxan jartzeko, jasotako diruak ere ez du errentan ordaindu beharrik izango.

Enpresa berri batean inbertitu badugu (hiru urte izan behar ditu gehienez ere),  inbertitutako diru guztiaren % 20ra arteko kenkaria eskatu dezakegu errenta-aitorpenean, betiere dagokion foru-araudian adierazitako mugetaraino.

Pentsio-planak

Pentsio-planetara eta BGAE-etara egindako ekarpenek zerga-oinarria murrizten dute. Abenduaren 31ra arte ekarpenak egin daitezke BGAE-etara, pentsio-planetara eta aurreikuspen-plan bermatuetara.

 

Azken berriak