2015eko Errenta Aitorpenaren gako nagusiak Nafarroan: kenkari orokorrak eta murriztapenak [1]

Ekitaldiko Errenta-zergaren berritasun nagusiak

[Deskargatu berritasun guztiak jasota dituen PDFa]

1. Zergaren tarifa aldatu da, hala orokorra eta nola berezia ere.

Orokorra: Tarte baxuak eta ertainak % 3 deflatatuko dira. Bestalde, gehieneko tasa marjinala % 48koa izango da. Karga-eskala bereizita aplikatzeari dagokionez, epailearen erabakiz beren seme-alaben mantenurako urtesariak ordaintzen dituzten subjektu pasiboen kasuan, urteko muga 6.000 eurokoa izango da seme-alaba bakoitzeko.

Berezia: Aurreztaile txikiari pizgarria ematen zaio % 19ko gutxieneko tasa ezarrita, eta zerga-tasa % 23koa izango da likidazio-oinarri berezia 18.000 eurotik gorakoa bada. Bestalde, bertan behera gelditu da 2012, 2013 eta 2014ko ekitaldietan indarrean egon den aldi baterako karga osagarria.

Gainera, atxikipen-ehunekoen taula berria onartu da, orokorra, lan-etekinetarako. Bestelako errenta motei dagozkien gainerako atxikipen-ehunekoak ez dira aldatu.

2. Aurreko ahaideengatiko, ondorengoengatiko eta ezgaituengatiko gutxieneko pertsonalak eta familiakoak aldatu dira.

Gutxieneko pertsonalak gora egin du eta 3.885 eurokoa izango da urtean, eta adinagatik gutxieneko horri dagokion hazkundea ere igo egin da. (65 urte edo gehiago: 945 euro; 75 urte edo gehiago: 2.100 euro). Desgaitasuna duten subjektu pasiboen kasuan ere gora egin du gutxieneko pertsonalak: 2.750 eurokoa izango da subjektu pasiboak % 65etik beherako desgaitasun maila badu, betiere % 33koa edo gehiagokoa; subjektu pasiboak % 65eko edo gehiagoko desgaitasun maila badu, berriz, 9.900 eurokoa izango da.

Familiako gutxienekoa 945 eurokoa izango da 65 urtetik gorako aurreko ahaideen kasuan edo edozein adineko desgaituren kasuan. Gutxieneko hori 2.100 eurokoa izango da aurreko ahaideak 75 urte edo gehiago baditu. Ondorengoei dagokienez, honako hauek dira aplikatuko diren familiako gutxienekoak: 1.732 euro lehen seme-alabagatik, 1.837 bigarrenagatik, 2.625 hirugarrenagatik, 3.517 laugarrenagatik, 3.990 bosgarrenagatik, 4.620 seigarrenagatik eta hurrengoengatik. Gainera, 3 urtetik beherako ondorengo bakoitzagatik 2.310 euroko murriztapen osagarria izateko eskubidea dago, 4.200 eurokoa nazioarteko adopzioen kasuan.

Desgaitasuna duten ondorengoen eta aurreko ahaideen kasuan, aldatu egin da zerga-oinarria murrizteko zenbateko osagarria: 2.420 eurokoa izango da ondorengoak % 33 eta % 65 arteko desgaitasun maila onartua duenean eta 8.470 eurokoa desgaitasun maila % 65 edo gehiagokoa bada.

Ondorengoak, aurreko ahaideak, bestelako ahaideak eta pertsona desgaituak zaintzeari dagokion murriztapenari erreparatuta, Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarriaren zenbatekoaren % 15 ere murriztuko da.

3. Familia-enpresen ondorengotza eta jarraipena errazteko neurriak finkatu dira.

Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 5.9 artikuluak aipatzen dituen partaidetza guztien edo haien zati baten irabazizko eskualdatzeak salbuetsita geldituko dira.

4. Beste aldaketa batzuk:

Errenta salbuetsiak:

Berria: Epe luzeko aurrezki-planen ondoriozko etekin positiboak (bizi-aseguruak, gordailuak eta finantza-kontratuak), betiere, zergadunak ez badu Planaren ondoriozko kapitalik erabiltzen hura ireki eta bost urteko epean.

Bestalde, bertan berera gelditu da 1.500 eurorainoko salbuespena dibidenduen eta mozkinen partaidetzen kasuan. Bi urtetik gorako epean sortutako hurrengo etekin positiboek eta denboran modu nabarmen irregularrean lortutakoek % 30eko murriztapena izango dute, ez orain arteko % 40koa.

Sindikatuei ordaindutako kuotak:

Hemendik aurrera, lan-etekin garbia kalkulatzeko orduan ez dira gastu kengarritzat hartuko. Kuota osoari dagokion kenkaria finkatu da: ordaindutako zenbatekoen % 15, gehienez 600 euro urtean.

Alderdi politikoei ordaindutako kuotak eta ekarpenak:

Ez dute zerga-oinarria murriztuko. Kuota osoari dagokion kenkaria finkatu da: alderdi politikoei ordaindutako afiliazio-kuoten eta ekarpenen % 15ekoa, gehienez 600 euro urtean. Alderdien eta sindikatuen kuoten kasuetan, kenkaria gauzatu ahal izango da baldin eta sindikatuek edo alderdi politikoek ekarpen horiek 182 ereduaren aitorpenean sartu badituzte, eta dagokion epean aurkeztu.

65 urtetik gorakoek ohiko etxebizitza eskualdatzearen gaineko salbuespena:

Ondare-gehikuntzaren muga 300.000 euro izango da, hortik gorakoa zergapean geldituko da.

Ondare-gehikuntzak eta gutxitzeak:

Bi aldaketa nagusi izan dira. Lehenik eta behin, ondare-osagaien eskualdatzeetan izandako ondarearen gehikuntzek eta gutxitzeek osatuko dute zerga-oinarriaren aurrezkiaren zati berezia; bertan behera gelditu da gehikuntza eta gutxitze horiek urtebete aurretik lortzearen denbora-erreferentzia. Bigarrenik, aurrezkiaren zati berezian sartuko diren ondare-gehikuntzak eta gutxitzeak elkar konpentsatuko dira. Eragiketa horren emaitza negatiboa bada, zenbateko hori aurrezkiaren zati berezian sartutako kapital higigarriaren gainerako errenten saldo positiboarekin konpentsatuko da, muga saldo positibo horren % 25 dela. Eta alderantziz. Ehuneko hori % 10, % 15 eta % 20 izango da, hurrenez hurren, 2015, 2016 eta 2017 ekitaldietan.

Aurreko paragrafoan azaldutako integratzea eta konpentsazioa aplikatu ahal izango da zerga-oinarriaren zati orokorraren osagai diren ondarearen gehikuntzetan eta gutxitzeetan. Horrela, ondare-gutxitzeak zati orokorra osatzen duten gainerako errentekin konpentsatu ahal izango dira. Nolanahi ere, muga saldo positibo horren % 25 dela.

Zerga-oinarriaren zati orokorreko ondarearen gehikuntzen eta gutxitzeen konpentsazioaren ondorioz 2014/12/31n saldo negatiboa balego, zati bereziaren ondarearen gehikuntzekin eta gutxitzeekin konpentsatu ahal izango da, betiere 2013an edo 2014an izandako ondare-osagaien eskualdatzeek sortutako gehikuntzak eta gutxitzeak badira.

Gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenek eta kontribuzioek duten murriztapenaren mugak:

Bi mugetatik bat 6.000 eurora jaitsi da, 8.000 eurora 50 urtetik gorako partaideen edo mutualisten kasuan.

Kenkari batzuen mugak:

Dohaintzei, sindikatu-kuotei, alderdi politikoen kuota eta ekarpenei, eta biomasa-instalazio termikoetan egindako inbertsioei dagokien kenkari-oinarrien batura ezingo da subjektu pasiboaren likidazio-oinarriaren % 25etik gorakoa izan.

Azken berriak