2015eko errenta-aitorpena Nafarroan: jarduera ekonomikoen sustapenarekin lotutako kenkariak [2]

1. Inbertsioengatik egiten diren kenkariak

Nafarroan, kengarriak dira enpresaburuaren edo profesionalaren ustiategi ekonomikoaren garapenarekin lotura duten ibilgetu materialaren elementu berrietan egiten diren inbertsioen edo ibilgetu-alorreko inbertsioen % 10 ere (lurrak ez dira horietakotzat jotzen), betiere 6.000 eurotik gorakoak badira eta lehendik zeuden maila jakin batzuk gainditzen badituzte.

Kuota likidoaren % 25 da kenkari horren muga, salbu eta enpresa sortu berriek jarduerari ekin aurretik egindako inbertsioetatik eratorria bada.

Energia- eta industria-alorretako jarduera jakin batzuetan, inbertsioengatiko kenkari-erregimen bereziaz baliatzeko aukera dago, eta egindako inbertsioaren % 30erainokoa izan daiteke kenkariaren zenbatekoa, inbertsioengatiko kenkariei aplikatzen zaien % 25eko gehienezko kuotaren ordez.

Berrikuntza teknologikoaren alorreko jarduera ohikoenetan, % 15eko kenkaria aplika dakieke kostu hauei:

  • Diseinu industrialari eta ekoizpen-prozesuen ingeniaritzari, barne direla produktu bat fabrikatzeko, probatzeko, instalatzeko eta erabiltzeko behar diren deskribatze-elementuak, espezifikazio teknikoak eta funtzionamendu-ezaugarriak zehazteko planoak, marrazkiak eta euskarriak sortzea eta egitea, bai eta ehungintzako erakusgaiei ere.
  • Teknologia aurreratuz hornitzeko behar diren patenteak, lizentziak, know howa eta diseinua erosteari.
  • Kalitatea bermatzeko ISO 9000, ISO 14000, GMP eta antzeko arauen ziurtagiriak eskuratzeari, arau horiek aplikatzeko egindako gastuak alde batera utzita.

Berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkariei ez zaie aplikatzen kuota likidoaren muga (% 25).

Lanaldia murrizteagatik eta plantilla handitzeagatik egiten diren kenkariak

Hitzarmen kolektiboan lanordu-kopurua % 10 (gutxienez) murriztea eta, aldi berean, plantilla osoa eta kontratu mugagabea dutenen kopurua gutxienez % 10 handitzea eta hurrengo bost urteetan horrela edukitzea erabaki duten enpresek eskubidea dute onura fiskal hauek aplikatzeko hitzarmena indarrean sartzen den urtean eta hurrengo lauetan:

  • Lehendik zegoen ibilgetu materiala eta erosten den berria amortizatzeko askatasuna.
  • % 25era igotzea aktibo finko material berrietan inbertitzeagatiko kenkari-portzentajea.
  • % 25 igotzea enplegua sortzeagatiko kenkaria.

Enpresa sortu berriei ez zaizkie aplikatzen onura horiek.

2. Enplegua sortzeagatiko kenkariak

Enplegu egonkorra sustatzea du helburu kenkari horrek; horregatik,  kontratu mugagabeak egiteak bakarrik ematen du kenkaria egiteko eskubidea. Aldi baterako kontratazioaren bidezko enplegu-sorrerak ez du ematen eskubiderik kenkari hori egiteko.

Kenkari totalak ez du gainditu behar ekitaldi horretan plantilla osoaren batezbestekoak urtean izango lukeen langile-kopuruaren areagotzeari dagokion kenkaria, edozein delarik ere haien kontratazio-mota.

Kontratu mugagabea duten langileen kopuruaren areagotzea baldintza hartuta, hiru hipotesi hauek ager dakizkiguke:

A. 2015eko plantilla totalaren batezbestekoaren areagotzea, 2014koarekin alderatuta

Plantilla totala areagotzen bada eta areagotze hori (osorik edo partzialki) kontratu mugagabea dutenen kopuru-igoerak eragina bada, 5.000 eurokoa izango da kontratatu mugagabea duen pertsonako/urteko kenkariaren zenbatekoa (desgaitua baldin bada, 6.800 eurokoa).

B. 2015eko plantilla totalaren batezbestekoa ez aldatzea, 2014koarekin alderatuta

Plantilla totala ez bada aldatzen baina kontratu mugagabea dutenen kopurua areagotzen bada, 2.000 eurokoa izango da kenkaria areagotzeak eragiten dien pertsonako/urteko (desgaitua baldin bada, 3.200 eurokoa).

C. 2015eko plantilla totalaren batezbestekoaren murriztea, 2014koarekin alderatuta

Plantilla totala murriztu bada, baina kontratu mugagabea duten langileen kopurua areagotu eta igoera plantilla totalaren murrizketa baino handiagoa izan bada, 2.000 eurokoa izango da kenkaria aipatutako igoeraren eta plantilla totalaren murrizketaren kendura positiboaren ondoriozko pertsonako/urteko (desgaitua baldin  bada, 3.200 euro).

Kuota likidoaren % 25eko muga du kenkari horrek.

Azken berriak