2015eko errenta-aitorpena Euskadin: jarduera ekonomikoen sustapenarekin lotutako kenkariak [2]

1. Inbertsioak egiteagatik edo enplegua sortzeagatik aplikatzen diren kenkariak

Zenbatespen zuzenekoaren, normalaren edo sinplifikatuaren bidez jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek portzentaje eta kenketa-muga berdinekin aplika ditzakete Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauan aurreikusten diren kenkariak.

Kuota osoarekiko muga duten kenkariak

Ondoren aipatuko ditugun kenkariek % 45eko muga dute jarduera ekonomikoen errendimenduek osatzen duten Zerga Oinarri Orokorraren zatiari (ZOO) dagokion zerga horren kuota osoarekiko.

Muga = 0,45 x (ZOOren kuota osoa x Jarduera ekonomikoen errendimendua) / ZOO

  1. A) Aktibo ez-korronte berrietan egindako inbertsioengatiko kenkaria

Kenkari hau aplikatzeko eskubidea ematen dute, besteak beste, aktibo ez-korronte hauetan inbertitzen diren zenbatekoek (ez dira aktibo horietakotzat jotzen lurrak, betiere ekonomia-ustiapenaren garapenari atxikirik badaude):

  • Ibilgetu materialaren edo ondasun higiezinetako inbertsioen parte diren aktibo ez-korronte berriak erostea.
  • Besterentzeko diren pabiloi industrial birgaituak erostea, birgaitzeko diren pabiloi industrialak erostea, edo jada aktiboan sartuta dauden pabiloi industrialak birgaitzea.
  • Aplikazio informatikoei dagozkien aktibo ukiezin berrietan egiten diren inbertsioak.

Horretarako, ekitaldi bakoitzean, aktibo ez-korrontearen lehendikako kontabilitate-balio garbien baturaren zenbatekoaren % 10 gainditu behar du inbertsioaren xede diren aktibo horien guztien zenbatekoak.

Oro har, % 10 da kenketa-portzentaje aplikagarria (hobekuntzarik egin bada, % 5). Energia berriztagarrien erabilerarekin eta energia-eraginkortasunarekin lotura duten berariazko inbertsioetan, % 15era igotzen da portzentajea.

Nafarroan, ibilgetu materialaren elementu berrietan egindako inbertsioen edo enpresaburuaren zein profesionalaren ustiategi ekonomikoen garapenari lotutako inbertsioen % 10 ere kengarriak dira (lurrak ez dira horietakotzat jotzen), betiere 6.000 eurotik gorakoak badira inbertsioak eta lehendik zeuden maila jakin batzuk gainditzen badituzte.

Enplegua sortzeagatiko kenkaria

Ezaugarri hauek dituzten taldeen kontratazioari aplikatzen zaizkio:

  1. a) Lan-kontratu mugagabearekin zergaldian egiten den pertsona-kontratazioari, betiere lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeetakoren batekoak badira.
  2. b) Lan-kontratu mugagabearekin zergaldian egiten den gainerako pertsona-kontratazioa.

Kenkari hauek aplikatzen dira: a) 9.800 euro x ekitaldian lan-kontratu mugagabearekin kontratatutako pertsona-kopurua, betiere lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeetakoren batekoak badira, edo b) 4.900 x gainerako pertsona kontratatuak.

Enplegua sortzeagatik kenkariak aplikatzeko, baldintza hauek bete behar dira, besteak beste: ez da murriztu behar lan-kontratu mugagabea duten langileen kopurua kontratazioa egin den zergaldia amaitu ondorengo lehen bi urteetan, eta langile-kopuru horrek kenkaria sortu zen zergaldian zegoena baino handiagoa izan behar du, edo, gutxienez, kenkari-eskubidea ematen duten kontratu-kopuruaren adinakoa.

Kuota osoaren gaineko mugarik gabeko kenkariak

Ondoren aipatuko ditugun kenkarien multzoak ez du gainditu behar jarduera ekonomikoen errendimenduek osatzen duten Zerga Oinarri Orokorraren (ZOO) parteari dagokion Zerga horren kuota osoaren zenbatekoa.

Muga = (ZOOren kuota osoa x Jarduera ekonomikoen errendimendua) / ZOO

  1. A) Berrikuntza teknologikoko jarduerengatiko kenkaria

Hauei aplika dakieke kenkari hori:

  • Diseinu industrialari eta ekoizpen-prozesuen ingeniaritzari, barne direla produktu bat fabrikatzeko, probatzeko, instalatzeko eta erabiltzeko behar diren deskribatze-elementuak, espezifikazio teknikoak eta funtzionamendu-ezaugarriak zehazteko planoak, marrazkiak eta euskarriak sortzea eta egitea.
  • Teknologia aurreratuz hornitzeko behar diren patenteak, lizentziak, know howa eta diseinua erosteari.
  • Kalitatea bermatzeko ISO 9000, ISO 14000, GMP eta antzeko arauen ziurtagiriak eskuratzeari, arau horiek aplikatzeko egindako gastuak alde batera utzita.

Oro har, produktu edo ekoizpen-prozesu berriak egiteko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko lagungarri diren aurrerapen teknologikoak dakartzaten jarduerak izan behar dute.

Produktu edo prozesu hauek joko dira berritzat: teknologiaren aldetik lehendikoekiko alde nabarmenak dituztenak ezaugarrietan edo aplikazioetan.

Hau da portzentaje kengarria: a) eta b) letretan zehaztutako kontzeptuen % 15, eta c) letrakoen % 20.

2. Langileek enpresan parte hartzeagatik egiten den kenkaria

Kenkari hau aplika dezakete zergadunek: langile gisara beren zerbitzuak ematen dituzten erakundearen akzioak edo partaidetzak erosteko edo harpidetzeko zergaldian zehar eskudirutan ordaindutako zenbatekoen % 10.

Kenkari horren urteko gehienezko muga: 1.200 euro.

Zenbait baldintza bete behar dira kenkari hori aplikatzeko; hauek, besteak beste:

  • baloreek ez dute egon behar negoziaziorako onartuta inongo merkatu araututan.
  • erakundeetako langile guztiei egindako eskaintza batetik eratorria izan behar du erosketak edo harpidetzak, eta denei baldintza berak eskainiz, inoren aurkako diskriminaziorik gabe.
  • langile bakoitzak (bere ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin eta laugarren ahaidetasun-mailarainoko senideekin batera) ez du izan behar % 5etik gorako partaidetzarik (ez zuzenekorik, ez zeharkakorik) erakundean edo taldeko beste edozeinetan.

3. Jarduera ekonomiko baten hasieran inbertitzeko kreditu-erakundeetan egindako gordailutzeengatiko kenkaria (Enpresa Aurrezki Kontua)

Kenkari hori aplikatzen jarrai dezakete hauek: jarduera ekonomiko bati ekiteko gastuei eta inbertsioei aurre egiteko kreditu-erakundeetako kontuetan 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen zenbatekoak gordailutu dituzten zergadunek, betiere data horretan agortuta ez bazegoen kontuaren iraungitze-epea (hiru urte).

Kreditu-erakundeetan gordailututako zenbatekoen % 10eko kenkaria aplikatuko da (urteko gehienezko zenbatekoa, 2.000 euro), betiere jarduera ekonomiko bat abiarazteko egin beharreko gastu eta inbertsioetarako soilik erabili baldin badira kenkari-eskubidea eman duten zenbatekoak, hiru urte igaro baino lehen, kontua ireki zen egunetik zenbatzen hasita. Araban, %15ekoa da kenkaria (urteko gehienezko zenbatekoa, 3.000 euro), zergadunak emakumezkoak edo 30 urtetik beherakoak badira.

Hona jarduera ekonomiko bati ekiteko beharrezkotzat jotzen diren gastuak edo inbertsioak, kenkari horri dagokionez:

  1. a) Jarduera ekonomiko pertsonal, ohiko eta zuzeneko bati ekiteko zergadunak egin dituen gastuak eta inbertsioak.
  2. b) Sozietateen gaineko Zergari atxikitako erakunde sortu berrietako partaidetzen harpidetza. Kasu horretan, zuzeneko partaidetza izan behar du zergadunak erakundearen kapital sozialean (% 20, gutxienez), zuzendaritza-lanak egin behar ditu edo lanaldi osoko lan-kontratua izan behar du, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren gaineko zerga-oinarriaren zenbatekoaren % 50 baino gehiago kobratu behar du lan horiengatik.
  3. Enpresa berrietan edo sortu berrietan inbertitzeagatik egiten den kenkaria

Enpresa berrietako edo sortu berrietako akzioak edo partaidetzak erosteko zergaldian ordaindutako zenbatekoen % 20ko kenkaria aplika dezakete zergadunek, eta, behin-behineko kapital-ekarpena ez ezik, beren ezagutza profesional edo enpresarialen ekarpena ere egin dezakete inbertitzen duten erakundea garatzeko, zergadunaren eta erakundearen arteko inbertsio-hitzarmenaren baldintzen arabera.

Gehienez ere 50.000 eurokoa da urteko kenkari-oinarria, zeina erositako akzioen edo partaidetzen erosketa-balioak osatzen baitu. Halaber, urteko gehienezko zenbateko kengarriak ez du gainditu behar zergadunari dagokion zergaren likidazio-oinarriaren % 10a.

Aurreko paragrafoan aipatutako mugak gainditzeagatik kenkaririk aplikatu ez zaien zenbatekoei, berriz, hurrengo elkarren segidako bost urteetako zergaldietan amaitzen diren autolikidazioetan aplika dakieke, betiere aipatutako mugen barruan.

Baldintza hauek bete behar dira kenkaria aplikatzeko:

  1. a) Erakundea eratzean edo eraketa ondorengo hiru urteen barruan egiten den kapital-gehikuntzan erosi behar ditu erakundearen akzioak edo partaidetzak zergadunak, eta haren ondarean egon behar dute gutxienez hiru urtez eta gehienez hamabi urtez.
  2. b) Erakundearen kapital sozialaren edo haren boto-eskubideen % 40tik gorakoa ez du izan behar zergadunaren zuzeneko edo zeharkako partaidetzak eta horrekin batera bere ezkontideak edo izatezko bikotekideak edo zergadunari zuzenean edo zeharka, odolkidetasunagatik edo ezkontza-kidetasunagatik edonolako ahaidetasuna duenak.
  3. c) Ez dute izan behar beste titulartasun baten pean lehendik egiten ari zen jarduera bera egiten den erakunde bateko akzioak edo partaidetzak.

Bestalde, baldintza hauek bete behar dituzte erosten diren akzio edo partaidetzei dagozkien erakundeek:

  1. a) Sozietate anonimoa, Erantzukizun mugatuko sozietatea, kooperatiba, lan-sozietate anonimoa edo erantzukizun mugatuko lan-sozietatea izan behar dute, eta ez dira egon behar negoziaziora onartuta inongo merkatu antolatutan.
  2. b) Jarduera ekonomiko berri bati ekitea, horretarako behar den jendearekin eta baliabide materialekin. Ez da betetzat joko baldintza hori enpresa hauei dagokienez: ondare-sozietateei, eta jarduera ekonomiko berri baten sorrera benetakoa eta erreala ez dakarren fusio- edo banatze-eragiketa, aktibo-ekarpen, aktibo eta pasiboaren lagapen orokor, jarduera-eremuen ekarpen, interes ekonomikoko elkarte, aldi baterako enpresa-elkarte eta beste zeinahi antolakuntza edo eragiketari.
  3. c) Ekarpena egiten duenak akzioak edo partaidetzak eskuratzen dituen zergaldiaren hasieran, ez du 400.000 eurotik gorakoa izan behar erakundearen fondo propioen zifraren zenbatekoak.

Azken berriak