10 EZOHIKO ZERGA-NEURRIAK PFEZ-N, COVID-19AK IZANGO DUEN ERAGINARI AURRE EGITEKO 2021EAN [BIZKAIA]

1. 2020. urteko langile autonomoen PFEZen ordainketa zatikatuak kentzea

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez daude beharturik 2020. urteko PFEZen ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta sartzera.

2. 2020an eta 2021ean aitortzeko betebeharra

Lan etekinak lortzen dituztenentzat, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aitortzeko betebeharren atalasea 12.000tik 14.000 eurora igo da; aitortzetik salbuesten dira, halaber, 20.000 eurotik beherako lan etekinak (ordaintzaile batetik baino gehiagok emandakoak) lortzen dituztenak, bigarren ordaintzaileak eta hurrengoek ordaindutako etekina 2.000 eurotik gorakoa ez bada.

3. Gizarte aurreikuspeneko sistemei dagozkien eskubideen ezohiko xedapena, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, langabezia prestazioaren kobrantza (Covid-19aren inpaktuak eragindako ezinbesteko arrazoiak direla-eta, aldi baterako enplegu erregulazioko espediente bati edo erregulazio espediente bati lotutako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetako bazkideei langabezia prestazioa kobratzea baimentzen duen Finantza Politikako zuzendariaren 2020ko martxoaren 25eko Ebazpenean ezarritakoaren araberakoa), 2020ko eta 2021eko ekitaldietan luzatzen bada, % 75eko integrazio ehunekoa aplikatuko zaio ekitaldi bakoitzean jasotako zenbatekoari, prestazio horien lan etekin osoa kalkulatze aldera.

4. Norberaren konturako langileentzako edo langile autonomoentzako aparteko laguntza jakin batzuen salbuespenak

2020ko eta 2021eko zergaldietarako ondorioekin, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egongo dira administrazio publikoek beren konturako langileei edo langile autonomoei emandako aparteko dirulaguntza edo laguntzei dagozkien errentak, baldin eta haien jarduera eten, geldiarazi edo larri kaltetzen bada agintari eskudunek COVID-19ak eragindako osasun krisiari dagokionez hartutako neurrien ondorioz.

Bereziki, xedapen hauen bidez emandakoak salbuetsita egongo dira:

  1. Bizkaiko Foru Aldundiaren 90/2020 Foru Dekretua, urriaren 13koa, lehia askeko araubideko dirulaguntzen programaren deialdi publikoa eta oinarri arautzaileak onartzen dituena, COVID-19aren krisiak eragindako turismo sektoreko autonomoentzat eta ETEetarako.
  2. 2020ko azaroaren 13ko Agindua, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, euskal ostalaritza sektorerako laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten duena.
  3. Ebazpena, 2020ko apirilaren 8koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; horren bidez, argitara ematen da norberaren konturako langileentzako edo langile autonomoentzako aparteko laguntzen deialdia, baldin eta haien jarduerak bertan behera geratu badira Covid-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera adieraztearen ondorioz./li>
  4. 102/2020 Foru Aldundia, azaroaren 24koa, Bizkaiko Foru Aldundiarena. Horren bidez ezartzen dira COVID-19ak eragindako krisiagatik abeltzaintza eta nekazaritzako sektoreari laguntzeko ezohiko laguntza ekonomikoen oinarriak eta deialdia. Laguntza horiek minimis araubideari atxikita daude 2020. urtean (bigarren edizioa).

Paragrafo honetan araututako salbuespena ez zaie aplikatuko norberaren konturako langileek edo langile autonomoek COVID-19ak eragindako osasun krisiaren esparruan jasotzen dituzten prestazio publiko arruntei edo apartekoei.

5. COVID-19ari lotutako beste laguntza batzuen salbuespenak

Honako laguntza hauek salbuesten dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik:

  • Erakunde publikoek emandako laguntzak, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz egoera ekonomiko eta sozial zaurgarrian dauden pertsonei etxebizitza izateko eskubidea bermatzearren.
  • COVID-19aren eragin ekonomikoari erantzun nahian, familiei babesa emateko Eusko Jaurlaritzaren laguntzak, bai eta familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko emandakoak ere.
  • Turismoa, jatetxeak eta ostalaritza (Euskadi Turismo Bonua eta antzekoak), merkataritza (Euskadi Denda Bonua eta antzekoak) eta kultura (Bizkaia Aurrera Kultura Bonua) sustatzeko programetako bonuen bidez lortutako laguntzak.

6. Ohiko etxebizitzan berritze-obrak egiteagatiko kenkaria ( Etxea plana)

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuotan ohiko etxebizitzan berritze lanak egiteagatik ordaindutako kopuruen % 10eko kenkaria ezarri da (15.000 euroko gehieneko kenkari oinarriarekin), 2020ko maiatzaren 6tik 2021eko abenduaren 31 bitarte hasten badira, eta betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

  • Etxebizitzak gutxienez 10 urteko antzinatasuna izan behar du.
  • Egindako lanek obraren udal lizentzia izan behar dute.

Obren exekuzio materialaren aurrekontua 3.000 euro izan behar da gutxienez.

7. Tokiko merkataritzaren digitalizazioa sustatzeko kenkaria

2020an eta 2021ean merkaturatze eta salmentako prozesuetan tresna digitalak sartzeko erabiltzen dituzten zenbatekoen % 10eko kenkaria ezartzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunentzat. Hori ezarriko da Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako tokiko merkataritza digitalizatzeko planaren baitan, 300 euroko kenkariaren mugarekin.

Kenkariaren xede diren gastuak eta inbertsioak honako hauek dira:

  • Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko online salmenta-plataformak erabiltzeagatik sortutako harpidetza kuota edo tarifa.
  • Online ordaintzeko pasabide zerbitzuak erabiltzeagatik sortutako tarifak.
  • Merkataritza elektronikoko sistema bat ezartzeko eta bezeroei laguntza teknikoa emateko behar den softwarea eskuratzea, harpidetzea, entregatzea, eguneratzea edo berritzea, instalazio eta ezarpeneko gastuak barne.
  • Bezeroekiko harremanak (CRM) administratzeko software bat eskuratzea, harpidetzea, entregatzea, eguneratzea edo berritzea, instalazio eta ezarpeneko gastuak barne.
  • Merkataritza elektronikoko sistema erabiltzeko berariazko sinadura elektronikoko softwarea eskuratzea.

8. Ohiko etxebizitzaren tratamendua Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan

Beste alde batetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren esparruan, ohiko etxebizitzaren tratamenduari lotutako epe jakin batzuk ere luzatu dira, hasierako epeak 2020an edo 2021ean amaitzen direnean.

Zehazki, ondoko epeak luzatu dira:

  • Etxebizitza-kontuen epea, urtebete (6 urtetik 7ra igaro da).
  • Zergaren araudiak lanak amaitzeko ematen duen epea, urtebete, eraikitzen ari den ohiko etxebizitza erosten den kasuetan (4 urtetik 5 urtera igaro da);
  • Berrinbertitzeko epea, urtebete, ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatiko salbuespena aplikatzen den kasuetan (2 urtetik 3 urtera igaro da).
  • Ohiko etxebizitza benetan eta modu iraunkorrean okupatzeko ezarritako gehieneko epea, sei hilabete (12 hilabetetik 18 hilabetera igaro da).

9. Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera salbuestea

Adierazten da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita daudela bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kontzeptuan jasotako errentak. Diru-sarrera hori bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren bide arautzen da.

10. Langile autonomoek jarduera uzteagatiko aparteko prestazioen tratamendua

COVID-19aren ondorioz langile autonomoen jarduera uzteagatiko aparteko prestazio guztiek jarduera ekonomikoengatiko etekinen aintzatespena dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarrian integratzearen ondoreetarako. Hala, haren kalifikazioa argitzen da; izan ere, prestazioa sortu berria denez, zalantza egon liteke lan-etekin gisa tributatu behar den, langile autonomoek jarduera uztegatiko ohiko prestazioaren kasuan egiten den bezala, edo ekonomia-jardueren etekin gisa, langile horien aldi baterako ezintasunagatiko prestazioen kasuan egiten den bezala. Azken prestazio horien tratamenduaren parean jartzen da aparteko prestazioaren tratamendua.

Azken berriak