SOZIETATEEK AURKEZTU BEHARREKO URTEKO KONTUEKIN LOTUTAKO BERRITASUNAK

Merkataritza-sozietate gehienek ─batik bat sozietate mugatuek eta anonimoek─ urte bakoitzeko abenduaren 31n ixten dituzte beren urteko kontuak. Egun horretatik aurrera, bazkide-batzordeak sei hilabeteko epea du, kapital-sozietateei buruzko legearen arabera, horiek onartzeko. Kontuak onartu ondoren, hilabete bateko epea irekitzen da horiek merkataritza-erregistrora eramateko.

Urteko kontuak merkataritza-erregistroan aurkeztea nahitaezkoa da sozietate guztientzat, baita inaktibo dauden sozietateentzat ere. Betebehar hori betetzen ez bada, egoera konpondu bitartean ezin izango da sozietatearekin lotutako egintzarik inskribatu merkataritza-erregistroan.

Gainera, kontuak aurkezten ez badira, Kontabilitate eta Kontuen Ikuskaritza Institutuak 1.200 eta 60.000 euro arteko zigor ekonomikoak ezar ditzake.

Duela gutxi, sozietateen urteko kontuak aurkezteko eredu berriak onartu ziren martxoaren 21eko JUS/319/2018 Aginduaren bidez eta, hark gaineratzen dituen berritasunen artean, “Benetako titularraren identifikazio-adierazpena” izeneko dokumentu berria gehitu behar da.

Dokumentu berri horren bitartez, pertsona juridiko baten boto-eskubideen edo kapital sozialaren % 25etik gora duten edo kontrolatzen duten ─zuzenean nahiz zeharka─ pertsona fisiko guztien identifikazio-datuak jakinarazi behar zaizkio merkataritza-erregistroari.

Azpimarratu behar da informazio horrek nahitaezko izaera duela Espainian helbideratuta dauden eta kontuak merkataritza-erregistroari aurkezten dizkioten enpresa guztientzat, kotizatzen duten sozietateen kasuan salbu.

Sozietatearen tamaina dena dela, eta kontu indibidual laburtuak aurkezteko aukera izan ala ez ─ETE-en kasuan, adibidez─, urteko kontuen hurrengo aurkezpenean, urteko kontuak ez ezik (balantzea, galdu-irabazien kontua, ondare garbiaren aldaketen egoera-orria, eskudiru-fluxuen egoera-orria eta memoria), benetako titularraren identifikazio-adierazpena ere aurkeztu beharko da

Azken berriak