Merkatari eta profesionalek eskudiruzko ordainketaren ordezko aukera eskaini beharko dute 30 eurotik gorako erosketetan

Gobernuak hala behartuta, saltoki guztiek eskudiruzko ordainketaren ordezko aukeraren bat (kreditu- edo zordunketa-txartelak edo bestelako bide elektronikoak) eskaini beharko diete kontsumitzaileei, horiek 30 eurotik gorako erosketak eta transakzioak egiten dituztenean.

Saltokiak eskuragarri duen ordainbidea ikusgai jarri beharko du, enpresariaren edo profesionalaren lokaleko, establezimenduko edo instalazioetako ageriko leku batean. Ministro Kontseiluak behin-behineko argi berdea eman dion Ordainketa Zerbitzuen Legearen berritasunetako bat da ekimen hori.

Gainera, herritarren babesa hobetzeko erabili nahi du Gobernuak araudi hori, hain zuzen ere txartela galdu edo lapurtu ondoren iruzurrez erabiltzen bada eskudiruzko erosketak egiteko edo kutxazainetatik baimenik gabe dirua ateratzeko. Hala, gaur egungo 150 euroetatik 50 eurora jaitsiko da bezero batek bere gain hartu beharko duen gehieneko galera, baldin eta txartela edo bestelako ordainbidea iruzurrez erabili, galdu edo lapurtzearen ondorioz baimenik gabeko ordainketa bat egiten bada.

Bestalde, ordainbideen erabiltzaileek erakundeei egindako erreklamazioak ebatzi eta erantzuteko epea laburtu egingo da (lehengo bi hilabeteetatik 15 egunera jaitsiko da epea).

Testuak dagozkion irizpenak lortu behar ditu oraindik, eta ondoren Ministro Kontseilura itzuliko da, lege-proiektu gisa behin betiko onartu eta gero Parlamentuko tramitazioari ekiteko.

Azken berriak