1.200 pertsona inguruk hartuko dute parte Foru Ogasunak IBESari buruz antolatutako informazio-saioetan

2018ko urtarrilaren 1ean, informazioa berehala emateko sistema indarrean jarriko dela eta, datozen egunetan Ogasunak sei saio egingo ditu, enpresei eta aholkularitza-enpresei betebehar eta eskakizunei buruzko informazioa emateko. IBESa Ogasunaren plataforma informatiko batean garatu da, eta enpresei BEZaren kudeaketa errazteaz gain, iruzurraren aurkako borroka indartzen laguntzen du; izan ere, sistema horren bitartez, urtean 6 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresen eragiketen berri izango du automatikoki Foru Ogasunak.

Gaur, Foru Ogasunak IBESa ezartzeko informazio-saioak hasi ditu, eta, datozen egunotan, 1.200 pertsona inguruk hartuko dute parte saio horietan, nagusiki, aholkulari fiskalak, kudeatzaileak eta sistema ezarriko duten enpresetako langileak (enpresa horien artean, urtean sei milioi euroko fakturazioa duten guztiek ezarri beharko dute sistema hori). IBESaren bitartez, Foru Ogasunak automatikoi jasoko du 1.800 enpresa edo profesionalek, gutxienez, egiten dituzten eragiketen zerga-informazioa.

Foru Ogasunaren plataforma informatiko baten bidez, IBESaren ezarpenak BEZa kudeatzeko erraztasunak jarriko dizkie zergadunei eta Ogasunari. Gainera, IBESak iruzurraren aurkako borroka sendotuko du, zergadunen edo hirugarren batzuen eragiketetan faktura faltsuak edo salmentak ezkutatzea antzemateko baliozko informazioa emango baitu.

IBESari buruzko informazio-saioak azaroaren 21etik 27ra arte egingo dira, eta dagoen eskari handia kontuan hartuta, hasieran sei saio egitea aurreikusi bazen ere, sei saio egingo dira.

IBESaren ezarpena beste aurrerapauso bat da Bizkaiko zergadunen eta Foru Ogasunaren arteko zerga-harremanen digitalizazioan, eta aurten abiarazi den BILA (Bizkaiko Laguntza Aplikazioa) laguntza-programen plataformak bultzada eman dio digitalizazio horri; BILA plataforma zergadunen zerga-betebeharrak errazteko sortu da, eta lehenengo hilabeteetan 874.366 deskarga izan ditu. 2017. urtearen lehenengo zortzi hilabeteetan, Bizkaiko zergadunek 29 zerga-eredu desberdinen milioi bat aitorpen baino gehiago aurkeztu dituzte interneten bidez.

Zer da IBESa?

Informazioa berehala emateko sistema BEZa kudeatzeko sistema berria da. Enpresek BEZaren erregistro-liburuak osatzen dituzten fakturazioko erregistroak ematen dizkiete Foru Ogasunari, plataforma informatiko baten bidez. Horrela, Foru Ogasunak denbora errealean ezagutuko du zergadun batek bere eragiketa guztietan jasanarazitako eta jasandako BEZa. Informazio horrekin, Ogasunak egiaztatu ahal izango du zergadunak eta zergadun horren bezero edo hornitzaileek egiten dituzten BEZaren autolikidazioetan adierazten dena egia den ala ez.

Nor dago behartuta IBESa ezartzera?

IBESa 2018ko urtarrilaren 1ean ezarriko da eta BEZaren aitorpena aurkezten duten zergadun guztiak beren borondatez atxiki ahal izango zaizkio sistema horri. Hala ere, 1.800 zergadun inguruk erabili beharko dute, nahitaezkoa izango baita enpresaburuentzat, profesionalentzat eta hil naturalarekin bat datorren likidazio-aldia duten gainerako subjektu pasiboentzat. Halakoak dira, hain zuzen, BEZaren hileko itzulketaren erregistroan inskribatutako zergadunak, erakunde-taldeen araubide berezian inskribatutako zergadunak, bai eta aurreko urtean sei milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena izan duten pertsona eta entitate zergadunak ere.

Nola transmititzen da informazio hori?

IBESa erabiltzen duten zergadunek emandako informazio guztia Foru Ogasunak berak garatu duen plataforma informatiko baten bidez bideratuko da, XML mezuen trukean oinarritutako web-zerbitzuak erabiliz. Hala, emandako informazio hori baliatuta, Bizkaiko Foru Ogasunaren artxibo informatikoetan ia-ia denbora errealean eratuko dira fakturen erregistro-liburuak, jasotako fakturen erregistro-liburuak, inbertsio-ondasunen erregistro-liburuak, eta Batasunaren barruko zenbait eragiketaren erregistro-liburuak.

Zer helburu lortu nahi dira IBESa ezarriz?

IBESaren ezarpenak Foru Ogasunaren zerga-kudeaketa hobea ekarriko du, BEZaren likidazioak sinpleagoak izango baitira eta izapidetzeko erraztasunak emango baitizkie enpresei. Sistema horren bidez BEZaren erregistro-liburuetako informazioa telematikoki aurkezten denez, enpresen administrazio-kargak gutxituko dira, ez dituztelako zenbait zerga-eredu aurkeztu beharko, hala nola, (erregistro-liburuetan jasotzen diren eragiketei buruzko aitorpen informatiboa) eta 347 eredua (hirugarren batzuekin egindako eragiketen urteko aitorpena).

Horretaz gain, IBESak iruzurraren kontrola eta prebentzioa errazten du; izan ere, jarduketa horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren Iruzurraren aurkako Planean jasotako jarduketen artean daude. Foru Ogasunak etengabe eguneratutako informazioa jasoko du BEZaren aitorpena aurkeztu behar duten zergadunek egindako eragiketei buruz, eta horrek salmentak ezkutatuz edo faktura faltsuen bidez egiten den iruzurra antzematen lagunduko du.

Azken berriak