Lanean bideozaintzarako kamerak instalatzearen mugak

Lantokietan zaintza-kameren erabileraren legezkotasuna mugatu egin du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEA)  duela gutxi eman duen epai batek.

Enpresa-askatasunaren eta produktibitatearen defentsari buruzko Espainiako Konstituzioaren 33. eta 28. artikuluen arabera, eta enpresa-zuzendaritzaren botereari buruzko Langileen Estatutuko 20.3. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, enpresek lan-jarduera modu egokian betetzen eta garatzen dela kontrolatzeko eskubidea dute, beharrezkoa izanez gero, bideozaintza-sistemak erabiliz.

Halere, supermerkatu-kate bateko kutxazainek jarritako auziaren ondorioz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 9an emandako epai bat honako gertakari hauetan oinarritu zen:

Stockaren eta fakturazioaren zifrak bat ez zetozela ikustean, enpresak kamera batzuk instalatzea erabaki zuen, langileen jarduera kontrolatzeko. Auzi-jartzaileei eta horien ordezkariei kamera horietako batzuk instalatu zirela jakinarazi zitzaien, datuak babesteko araudiak eskatzen duen moduan.  Baina, gailu horiez gain, langileei jakinarazi ez zitzaizkien ezkutuko beste kamera batzuk jarri ziren. Grabazioen bitartez, kutxazainek bezeroei produktuz betetako orgak lokaletik ezertxo ere ordaindu gabe ateratzen uzten eta laguntzen zietela frogatu zen, eta ez bezeroei bakarrik, kutxazainek berek ere hala egiten baitzuten. Gertakari horien aurrean, deskribatutako gertakari horietan nahastutako langile guztiak diziplinaz kaleratzea erabaki zuen enpresak. Erabaki horrekin ados ez zeudenez, lan-arloko jurisdikziora jotzea erabaki zuten langileek. Lan Arloko Epaitegiak bidezkotzat jo zituen kaleratzeak, eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen erabaki hori.

Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren aurrean jarritako errekurtsoak ezetsi ostean, kaleratutako langileek errekurtso bat aurkeztu zuten GEEAn, kamerak instalatu izanak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua (bizitza pribatuarekiko eta familiarrarekiko eskubidea) eta testu juridiko beraren 6. artikulua (bidezko prozesu bat izateko eskubidea) urratzen zituela argudiatuz.

Bizitza pribatua babestearen eskubidea urratu izanari dagokionez, Espainiako legediak dio eragindako pertsonei argitasunez jakinarazi behar zaiela haien datu pertsonalak biltzen eta tratatzen ari direla. Lan-arloko epaileek bidezkotzat jo zuten enpresaren jarduna, lokalean gertatzen ari ziren ebasketen susmo sendoak baitzituzten.

Aitzitik, Giza Eskubideen Europako  Auzitegiak beste interpretazio bat egin zuen. Hasteko, langileen irudiak datu pertsonal gisa hartu behar zirela ohartarazi zuen; hortaz, datu pertsonalak babesteko araudian erregulatuta egon behar zuten irudi horiek. Ondoren, enpresak datuak babesteko legearen xedapenak ez zituela bete iritzi zion Europako Auzitegiak, ezkutuko kameren instalazioa neurriz kanpokoa izan zelakoan. Hala, bereizi gabeko eta etengabeko grabazioak egin zirela azpimarratu zuen eta, era berean, langileek “aldez aurretik berariazko informazio zehatza eta argia jasotzeko” eskubidea zutela, supermerkatuko kutxetan zeuden bitartean haien irudiak hartzen ari zirela, alegia.

Epaiaren funtsezko alderdia honako hau da: GEEAren ustez, enpresak ez zuen behar bezala bete langileei eta sindikatuko ordezkariei informazio pertsonala emateko beharra eta, beraz, datu pertsonalak babesteko araudia urratu zuen; izan ere, aldez aurretik, enpresak kameren eta horien kokalekuaren berariazko informazio zehatza eta argia eman behar zien langileei.

 

Azken berriak