Lanbidek laguntzak eskuratzeko deialdia egin du, autonomoen araubidean duela gutxi alta hartu duten langabeentzat

Lanbidek bi laguntza-programa kaleratu ditu enpresa-jarduera bat martxan jarri duten langabetuentzat, banako enpresari gisa nahiz ondasun-erkidego edo sozietate zibil bateko bazkide gisa.

Proiektua sendotzeko laguntzak

Programen bidez, diru-laguntzak emango zaizkie EAEn erroldatuta dauden eta 2017ko uztailaren 29tik 2018ko urriaren 4ra bitartean autonomo gisa alta hartu duten pertsonei (banako enpresari gisa nahiz ondasun-erkidegoetako edo sozietate zibiletako bazkide gisa), Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartu zuten egunean langabezia-egoeran (eta Lanbiden izena emanda) bazeuden.

Deialdiaren bidez, diru-laguntzak jaso ahal izango dira sortu berri den enpresa bat sustatzeko, martxan jartzeko eta kudeatzeko gastu jakin batzuentzat, enpresa-proiektua finkatzeko beharrezkoak badira. Honako gastu hauek dira, hain zuzen:

  1. a) Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa egin beharreko kotizazio-ordainketari lotutako kuotak edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzaren edo nahitaezko Mutualitate profesionalen kuotak.
  2. b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, establezimenduen eta ibilgailuen errotulazioa, errotuluetako argiteria eta diseinua.
  3. c) Webguneen eta sare sozialen diseinua, iragarki-bandak beste enpresa baten web-orrian, web-orrien mantentze-kuotak, webgunean pluginak txertatzeko gastuak, eta Facebooken sustatzeko zerbitzuen kostua.
  4. d) Aholkularitza (zerga, lan, kontabilitate, zuzenbide eta administrazio arlokoa, liburu-eramailetzaren inguruko negozioaren kudeaketa, eguneroko zerga- eta kontabilitate-betebeharrak, lan-arriskuei buruzkoa, erakusleihoaren aldaketak eta hobekuntzak) eta coaching-gastuak.
  5. e) Pertsona ekintzaileak burututako prestakuntza-ikastaroak, enpresaren abiarazte-urratsekin eta funtzionamenduarekin zuzeneko lotura dutenak, diruz lagundutako epean zehar egiten baditu.
  6. f) Negoziorako lokalen alokairua, betiere familia-etxebizitza baten edo beste enpresa batekin partekatutako eremu baten barnean ez badaude, lokalaren alokatzailearekin odolkidetasuneko edo kidetasuneko 2. mailara arteko ahaidetasun-harremanik ez badago, edo alokatzaile gisa jarduten duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren bazkide edo partaide ez bada.

Diru-laguntza hori 2.500 eurokoa izango da pertsona onuradun bakoitzeko. Zenbatekoa % 15 handituko da, eskaera aurkeztu den unean pertsona sustatzaileak 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago baditu, eta beste % 15 emakumea bada. Ondasun Erkidegoak edo Sozietate Zibilak osatzen dituzten bazkideen kasuan, diru-sarrerak ez du, inola ere, 6.000 euroko zenbatekoa gaindituko bazkide guztien artean.

Proiektua finkatzeko laguntzak

Diru-laguntza hori 2018ko urtarrilaren 1etik eskaera-egunera arte egindako inbertsioentzat izango da, honako kontzeptu hauek direla eta: eraikuntzak (lokalen erosketa salbu), makineria, instalazioak, tresneria, altzariak, ekipamendu informatikoak eta softwarea, jarduerari lotutako garraio-elementuak (kasu batzuetan bakarrik), frankizia-kontratuak edo eskualdatze-eskubideak.

Pertsona onuradunak aurreko paragrafoan adierazi diren eta diru-laguntzak jaso ditzaketen 5.000 eurotik gorako inbertsioak egin beharko ditu Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta eman aurreko hiru hilabeteen eta ondorengo hiru hilabeteen artean. Dena den, 2018ko urtarrilaren 1etik eskaera- egunera arte egindako inbertsioek bakarrik jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.

Diru-laguntza 3.500 eurokoa izango da pertsona onuradun bakoitzeko. Zenbatekoa % 15 handituko da, eskaera aurkeztu den unean pertsona sustatzaileak 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago baditu, eta beste % 15 emakumea bada. Ondasun Erkidegoak edo Sozietate Zibilak osatzen dituzten bazkideen kasuan, diru-sarrerak ez du, inola ere, 10.000 euroko zenbatekoa gaindituko bazkide guztien artean.

Bi laguntza horiek bateraezinak izango dira beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin, laguntzekin edo diru-sarrerekin, horien helburua autoenplegua sustatzea denean, langabezia-prestazioaren kapitalizazioa salbu.

Azken berriak