Eusko Jaurlaritzak deialdia egin du saltoki berriei eta handitzeko asmoa dutenei laguntzak emateko

Programak, berriki sortuak, merkataritzako ekintzailetza sustatzeko helburua du, bai jarduerari ekinten diotenen artean, bai beren negozio-lerroak handitzeko asmoa dutenen artean.

Diruz lagundu ahalko dira merkataritza-enpresa berrien (2017ko uztailaren 1etik EJZn alta emanda) edo merkataritza-enpresak handitzeko egindako gastuak eta inbertsioak, hau da fakturatutako edo aurrekontuan sartutako zenbateko garbia, Balio Erantsiaren Zerga kenduta geratzen den balioa; gastu edo inbertsio horiek 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eginak edo egitea aurreikusitakoak izango dira.

Diruz lagun daitezkeen gastuak honako hauek izango dira:

a) Eraketa-gastuak: erregistroa, notariotza, aholkularitza, proiektu teknikoak.

b) Abiarazteko gastuak: lokalaren alokairua, bideragarritasun-azterlanak, markak erregistratzea, irudi korporatiboaren diseinua.

c) Enpresa sortzeko eta handitzeko beharrezkoak diren aktibo finkoetako inbertsioak:

  • instalazioen egokitasuna
  • altzariak eta ekipamendua erostea, informatikoa barne, eta soluzio teknologikoak inplementatzea, betiere beharrezkotzat jotzen bada diruz laguntzekoa den ekimena garatzeko.

d) Garraio-elementuak diruz lagundu ahalko dira diruz lagundutako enpresaren jarduera horietan garatzen bada edo jarduera garatzeko ezinbestekoak badira.

Ibilgetua leasing bidez eskuratuz gero, fakturatutako edo aurrekontuan sartutako kuotak lagundu ahalko dira diruz, diruz laguntzekoa den aldiari dagozkion interesik edo gasturik gabe.

Diru-laguntzaren xede diren ekipamenduak, altzariek edo tresneriek berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez urtebete, fakturazio dataz geroztik, eman beharko dute jardunean.

Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen eskuraketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energia-eraginkortasunaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta etxetresna elektrikoen kasuan zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, eta hala dagokionean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da.

Diruz laguntzeko onartutako zenbatekoaren % 70 izango da diru-laguntza, eta gehienez 20.000 euroko diru-laguntza emango da eskabide bakoitzeko.

Laguntza eskatzeko epea datorren azaroaren 10ean amaituko da.

Informazio gehiago

Azken berriak