BIZKAIKO ZERGA-ERREFORMA: SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA, PFEZ-A ETA ONDAREAREN GAINEKO ZERGA

2018ko martxoaren 27an, martxoaren 21eko 2/2018 Foru Araua argitaratu zen. Arau horrek hainbat aldaketa sartu ditu PFEZren, Ondarearen gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta beste zerga batzuen foru-arauetan, 2018/01/01etik aurrerako ondorioekin. Aldaketa horien artean, aipatutako azken zerga horretan egindako berritasun garrantzitsuak azpimarratu behar dira:

Sozietateen gaineko Zergan egindako aldaketak

b.1.- Zerga-tasa; oro har, % 24 izango da, eta mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat, berriz, % 20.

Salbuespen gisa, eta 2018/01/01etik 2018/12/31ra bitarteko aldian baino ez, tasa, oro har, % 26 izango da, eta mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat, berriz, % 22.

b.2.- Mikroenpresen murrizketa; % 10 izango da –% 20 orain arte–; salbuespen gisa, eta 2018/01/01etik 2018/12/31ra bitarteko aldian, % 15 izango da.

b.3.- Zerga-oinarri negatiboen konpentsazioaren eta kenkarien aplikazioaren muga; 30 urte izango da, baita 2018/01/01a baino lehenagoko aldietan sortuta ere. Gainera, zerga-oinarri negatiboen kasuan, aplikazioa mugatu egingo da; oro har, % 50 izango da, eta mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat, berriz, % 70.

Kenkariei dagokienez, denak mugatuta daude (% 35eko kuotara orain arte % 45ekoa zutenak, eta % 70era orain arte mugarik ez zutenak).

b.4.- Enplegua sortzeagatiko kenkaria sortutako enpleguaren soldata gordinaren arabera kuantifikatuko da; zehazki, soldata horren % 25 izango da kengarria, 5.000,00 euroko mugarekin.

b.5.- Azkenik, aldaketarik garrantzitsuena honako hau da: amaitutako azken Sozietateen gaineko Zergan aitortutako zerga-oinarriaren gaineko ordainketa zatikatu bat egiteko betebeharra (urrian).

Betebehar hori ez zaie eskatuko mikroenpresei, enpresa txikiei eta % 1 edo % 0 ordaintzen duten eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 4. eta 5. zenbakietan zehaztuta dauden erakundeei.

Ordainketa zatikatua urriko lehen 25 egunetan egin beharko da, eta amaitutako azken Sozietateen gaineko Zergan aitortutako zerga-oinarriaren % 5 ordaindu beharko da. Nolanahi ere, zergadunaren erreferentziazko zergaldiko diru-sarreretan egindako konturako atxikipenak eta diru-sarrerak kendu ahal izango dira.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan egindako aldaketak

Sortu berri diren edo berritzaileak diren kotizatu gabeko mikroenpresetan, enpresa txikietan edo enpresa ertainetan inbertsioen zerga-kengarritasuna lortzeko (kapitala eskuratu edo zabaltzearen ondorioz, salerosketa kontuan hartu gabe), enpresa horien (ondare-sozietateak barnean hartu gabe) jarduera ekonomikoak efektiboa, erreala eta baliozkoa izan beharko du, eta enpresek berriak izan beharko dute, hau da, zergadunak aurretik beste titulartasun batekin inoiz egin ez duen jarduera ekonomiko bat egin beharko dute.

Azken berriak