BIZKAIKO OGASUNAK ZERGA AITORPENEN KUDEAKETA SINPLIFIKATU DU LAGUNTZA PROGRAMA BERRI BATEN BIDEZ

Bizkaiko Foru Ogasunak 2017ko urtarrilean abiaraziko du BILA plataforma berria (Bizkaiko Laguntza Aplikazioa); plataforma hori lanabes informatiko bat da eta haren barnean zerga aitorpenak egiteko 26 eredu desberdin prestatzeko laguntza programak biltzen dira.  Gaur egun Bizkaiko zergadunek beren esku dituzte 24 laguntza programa desberdin, beste horrenbeste zerga ereduri dagozkienak. Plataforma berriak dakarren berritasun nagusia honakoa da: eredu guztiak programa berean biltzen dituenez gero, zerga eredu desberdinen aitorpenen kudeaketa eta aurkezpena sinplifikatzen dituela, aitorpen egilearen datu base berberera jotzen duelako.  Era berean, bestelako hobekuntzak ere eskaintzen ditu, hala nola zirriborroak egiteko aukera ematea edo berrikuntzen eta eguneraketen gaineko abisuak jasotzea.

Aitorpenen bidalketa masiboa errazten duenez, plataforma berriaren hartzaile nagusiak izango dira Foru Ogasunean eragiketarik gehien egiten dituztenak, esaterako enpresak eta zerga arloko aholkulariak. Hori dela eta, Foru Ogasuna hasi da Bizkaiko aholkularitzei programa berri hau aurkezten; horri esker probak egin ahalko dira, urtarrilean abian jarri aurretik.

Plataforma berrian sartzen diren zerga ereduak honakoak dira: 110/111, 115, 123, 130, 140, 180, 181, 182, 184, 187, 188, 190, 193, 296, 340, 345, 347, 349, 603, 720 eta BEZ. Gauzak horrela, agerian jarri beharra dago aplikazio honetan ez direla sartzen errentaren, sozietateen, ondorengotzaren, eskualdaketen edo jarduera hasieraren gaineko zergak prestatzeko programak.

Doan jaits daitekeen eta sistema eragile nagusiekin bateragarria den lanabes hau diseinatzeko orduan, Bizkaiko Foru Aldundiak bide telematikoak indartzeko apustua sendotzen du, aitorpenak aurkezteko bide modura; izan ere, zerga eredu desberdinen kudeaketa errazten du eta jasotako datuen kalitatea hobetzen du.  Gaur egungo ereduekin gertatzen den bezala, BILAk aitorpen telematikoa aurkezteko edo eredua paperean inprimatzeko aukera eskainiko dei Bizkaibain alta emanda dauden zergadunei.

Azken berriak