BISITA LIBURUA: EZ DA NAHITAEZKOA IZANGO ENPRESETAN (2016/09/13-TIK)

Argitaraturiko araudiak behin betiko kentzen du enpresetan bisita-liburua izateko beharra, bai paperezko formatuan bai formatu elektronikoan. Horrek laneko ikuskatzaileek bete beharreko antolaketa-eginbideen forma eta eskakizunak arautzen ditu (ikusi Estatuko Aldizkari Ofizialeko ESS/1452/2016 agindua, ekainaren 10ekoa, laneko eta gizarte-segurantzako ikuskaritzaren jarduketaren eginbide-eredua arautzen duena).

42/1997 Legeak, 2015eko uztailera arte laneko eta gizarte-segurantzako ikuskaritzaren jarduera arautzen zuenak, honako betebehar hau ezartzen zien enpresariei: lantoki bakoitzean bisita-liburu bat izatea, xede horretarako finkaturiko eredu ofizialekoa.

Ekintzaileei eta horien nazioartekotzeari laguntzeko 14/2013 Legea, irailaren 27koa, indarrean sartu zenean, aldaketa bat egin zen bisita-liburua gestionatzeko prozeduran; enpresek lantoki bakoitzean laneko eta gizarte-segurantzako ikuskaritzako funtzionarioen eskura bisita-liburua izateko beharra kendu zen, eta horren ordez bisita-liburu elektronikoa izateko beharra finkatu, zeina enpresen eskura jarri zen. Halere, 2017rako bisita-liburu elektronikoa izateko derrigortasuna kentzeko proposamen bat zegoen.

1997ko araua 23/2015 Legeak, uztailaren 21ekoak, indargabetu zuen, bisita-liburua izateko derrigortasuna kendu zuenak. Horren ordez, funtzionario jarduleek, idatziz, jaso behar zuten lantokietara egindako bisitetan buruturiko jarduera guztiak.

Azkenik, orain, 2016ko irailaren 13tik, kendu egin da enpresek bisita-liburua izateko beharra, bai formatu fisikoan bai elektronikoan; eta arautu egin dira antolaketa-eginbideak, zeinaren ezaugarri nagusien berri emango dugun jarraian:

1. Laneko eta gizarte-segurantzako ikuskatzaileek eta laneko ikuskatzaileordeek, lantokietara egiten duten bisita bakoitzean edo ikuskaturiko pertsona egoitza publikoan agertzen denean, jarduketa horri buruzko eginbidea beteko dute.

2. Eginbidearen ale bat ikuskaturiko pertsonari helaraziko zaio honela:

  • Zuzenbideak onarturiko edozein bitarteko erabiliz enpresara bidaliz.
  • Ikuskapena egin duen funtzionarioa hartu duen pertsonari entregatuz. Eginbidea hartzeari uko egiten badio, zuzenbideak onarturiko edozein bitarteko erabiliz jakinaraziko zaio enpresari. Pertsona horrek eginbidea sinatzeari uko egiten badio, edo ezin badu sinatu edo nola sinatu ez badaki, horren berri emango da eginbidean.

3. Enpresak entregatu edo bidali dizkioten eginbide-ale guztiak gorde beharko ditu, bost urtean laneko eta gizarte-segurantzako ikuskaritzaren eskura egon daitezen, horietako bakoitza egin den datatik hasita.

Horretaz gain, agindu hau indarrean sartu aurreko bisita-liburuak eta eginbideak ere gorde beharko dira bost urtez, egindako azken eginbidearen datatik hasita, laneko eta gizarte-segurantzako ikuskaritzaren esku egon daitezen. Epealdi horretan, laneko eta gizarte-segurantzako ikuskaritzak bisita-liburu elektronikoetan egindako eginbideak gordeko ditu. Epealdi horren barruan, eragindako enpresek beraiei buruzko eginbideen kopiak eskatu ahal izango dituzte.

[BESTE BERRIAK IKUSTEA]

Azken berriak