AUTONOMOENTZAKO 2017KO BERRITASUNAK ETA KPIAREN 2016KO INDIZEAK

Autonomoen kuotak:

Langile autonomoen gutxieneko kuota bere horretan mantentzea erabaki du gobernuak aurten, behintzat Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onartu arte. Beraz, Langile Autonomoen Araubide Bereziko (LAABeko) gutxieneko kotizazio-oinarria 893,10 €-koa izango da.

Erabaki horren ondorioz, gutxieneko kotizazio-oinarri horren arabera kotizatzen dutenek (langile autonomo guztien % 85ek) 267,04 €-ko kuota ordaintzen jarraituko dute, eskubidez legozkiekeen hobariak kontuan izan gabe.

Autonomo sozietarioen kuotak:

Zorte txikiagoa izan dute autonomo sozietarioek, norberaren konturako langileak izateaz gain sozietateko bazkide nagusiak eta administratzaileak direnek. Izan ere, haiei % 8 igo zaie gutxieneko kotizazio-oinarria, hau da, erregimen orokorreko gutxieneko oinarriak izan duen igoera bera izan dute.

Igoera horren eraginez, autonomo sozietarioen gutxieneko kuota 344,69 eurokoa izango da hilean 2017an (iazkoa baino 25,53 euro handiagoa hileko).

Gizarte-segurantzako hobariak eta kuota-murrizketak 2017an

Gai horri dagokionez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratu berri duen Lan-kontrataziorako hobari eta murrizketen gidaliburu ofiziala erantsi dizuegu:

https://www.sepe.es/contenidos/que_es_el_sepe/publicaciones/pdf/pdf_empleo/bonificaciones_reducciones.pdf

Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS):

Gobernuak 2017rako gutxieneko soldata % 8 igotzea erabaki zuen joan den abenduan, hau da, 52,04 euro gehiago hilean. Horrenbestez, 2016. urteko 655,20 eurotik aurtengo 707,6 eurora igoko da (23,59 euro egunean). Igoera hori aurtengo urtarrilaren 1az geroztik aplikatuko da.

Euskadiko eta Nafarroako kontsumoko prezioen indizea (KPIa) 2016an

Enpresa eta partikularren kontratu eta zerbitzu askoren prezioak eguneratzeko erabili ohi den adierazlea da kontsumoko prezioen indizea. Bada, indize hori % 1,5ekoa izan zen Euskadin 2016an.

Lurraldez lurralde, Bizkaian handitu ziren gehien prezioak: % 1,7 urtean.  Arabako igoera % 1,5ekoa izan zen, eta Gipuzkoakoa % 1,3koa.

Nafarroan, berriz, igoera % 1,8koa izan zen.

Estatu osoan, KPIaren urteko igoera % 1,6koa izan zen.

Azken berriak