Administrazioekin harremanak era elektronikoan soilik izateko betebeharra gero eta gertuago

Urriaren 3an, Administrazio Prozeduraren Legea jarri zen indarrean, enpresek eta partikularrek erakunde publikoekin duten harremanari buruzko alderdi garrantzitsuak aldatzen dituena.

Berritasun nagusia dokumentuak postaz bidaltzeko prozesuari dagokio (batzuetan dokumentu bat Correos-en bitartez entregatzeko hiru saiakera), orain haren ordez ohar elektroniko bat bidali beharko baita helbide elektroniko edo gailu mugikor batera.

Aurrerantzean, isunek eta gainerako jakinarazpenek ez dute postetxeko bulego batean ahaztuta amaituko, Administrazioak edozein administrazio-egintza, isun, errekerimendu… jakinarazi behar dizunean, mezu bat bidaliko baitizu posta elektronikora edo zuk aukeratutako beste gailu mugikor batera (telefonora), zuk jakinarazpena irakurri ahal izateko esteka baten bitartez.

Aukera horrek lehentasuna izango du beti, baita interesdunak bere lehentasuna adierazi ez badu ere. Gainera, dokumentua elektronikoki deskargatu ahal izango da, eta, beraz, ez da bertaratu beharrik izango.

Prozedura berri horren helburua jakinarazpenak bizkortzea da. Gaur egun, Administrazioak herritar bati zigor, isun edo zitazio bat jakinarazi nahi dionean, esaterako, hura aurrez aurre aurkeztu behar da, postariaren eskutitz bidez. Hark hartzailea aurkitzen ez badu, hiru egun beranduago berriz saiatu behar du, eta eskutitza ematea lortzen ez badu, herritarrak postetxera joan behar du ziurtapena jasotzera.

Jarduketa gehiago

Era berean, prozedura-arau berriak bitarteko elektronikoen bitartez egin beharreko jarduketa-kopurua areagotzen du, baita Administrazioekin bitarteko horiek erabiliz harremanak izan behar dituzten kolektiboena ere.

Araua aplikagarria zaie, halaber, pertsona juridikoei −ETEak barne− eta autonomoei, Lege honek mota guztietako prozedura eta administrazio-izapideetara hedatzen baitu orain arte enpresek bakarrik zuten Administrazio Publikoekin harremanak era elektronikoan izateko  betebeharra. Horrela, eta horretarako beharrezko bitartekoak egokitzen diren heinean, administrazio-izapideak (zerga bat ordaintzea, Gizarte Segurantzan alta edo baja hartzea, merkataritza- edo hirigintza-lizentziak eskatzea, diru-laguntzak eskatzea, edo jarduera ekonomiko bat abiarazteko beharrezko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, adibidez) modu elektronikoan bakarrik egin ahal izango dira, Estatuarekin, Autonomia Erkidegoarekin, Foru Aldundiekin nahiz Udalarekin.

Eragindako pertsonen multzoa areagotu da

Arauak Administrazioarekin telematikoki harremanak izan behar dituzten subjektuen multzoa areagotzea aurreikusten du; irtenbide horrek gestioan aurrezpen handiak ekarriko dizkie. Horrela, pertsona juridikoez (adibidez, sozietate mugatuez edo kooperatibez) edo nortasun juridikorik gabeko erakundeez (adibidez, ondasun-erkidegoez eta sozietate zibilez) gain, nahitaez elkargo bateko kide izan behar duten profesionalek edo interesdun bat ordezkatzen duten profesionalek (prokuradoreek, adibidez) telematikoki erregistratu beharko dituzte Administrazioarekin gauzatu beharreko jakinarazpen guztiak.

Era berean, Legeak irekita uzten du pertsona fisikoen atea (banako enpresarien, edo, modu arruntean esanda, autonomoen atea); eta, erregelamendu bidez, Administrazioek horiekin bitarteko elektronikoen bitartez harremanak izateko betebeharra ezarri ahal izango dute prozedura eta pertsona fisikoen kolektibo jakin batzuen kasuan, horiek dituzten gaitasun ekonomikoak, teknikoak, lanbidea edo beste arrazoi batzuk direla-eta, beharrezkoak diren bitarteko elektronikoak erabiltzeko aukera dutela frogatzen bada.

Azkenik, arauak herritarren eta enpresen administrazio-kargak murriztea aurreikusten du. Horrela, orain arte nahitaezkoak ziren zenbait izapide ezabatu dira. Oro har, ez da jatorrizko dokumentuak aurkeztea eskatuko (titulu akademikoak, adibidez), ez dira aurretiaz edozein Administraziori aurkezturiko dokumentuak aurkeztu beharko, eta ez dira Administrazioak berak prestatutako dokumentuak aurkeztu beharko (NAN fotokopiak edo erroldatze-ziurtagiriak, esaterako).

Lege honen bidez, Gobernuak administrazio elektronikoa sustatu nahi du. Horri esker, erakunde publikoekin egin beharreko prozedura neketsuen izapideak bizkortu egingo dira eta administrazioek nahiz herritarrek aurrezpen handiak izango dituzte.

 

Azken berriak